inaki petxarroman
Galdeketak. ANALISIA

Komeni erara

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kartzelatik irten ondoren mezu kritiko bat eman du Arnaldo Otegik hondakinekin eginiko kudeaketaren harira. Haren iritziz, EH Bilduk herri galdeketak antolatu behar zituen hondakinak biltzeko sistemaz, herritarrei galdetzea berez irabaztea delakoan. Europako Parlamentuko agerraldian, behintzat, Otegik ez zituen aipatu gaia ulertzen lagun dezaketen gako batzuk.

Batetik, EH Bilduko alderdien oniritziarekin galdeketak egin ziren gai horretaz Deban, Mutrikun, Elgetan eta Azkoitian, Usurbilen duela bi agintaldi bezala. Bestetik, herritarrek antolatu zituzten beste batzuetan —esate baterako, Legazpin eta Ormaiztegin— udalek bide eman zioten galdeketan nagusitu zen edukiontzien sistemari. Garai hartako sakoneko eztabaida ez zen hainbeste sistema bera, baizik eta hondakinak gaika biltzeko derrigortasuna —kutsatzeko eskubidea galaraztea— nola bermatu. Hori bideratuta errazagoa da galdeketak egitea, azkenaldian hainbat herritan, besteak beste EH Bildu agintean den batzuetan —Legorretan, kasurako—, gertatzen ari den moduan.

Bide batez, ez zen sobera egongo errauste planta aipatzea, egitasmo horrek eragin baitu, eta ez bilketa moduak, Gipuzkoako hondakinen inguruko gatazka. Zergatik? Inork ez duelako nahi minbizia eragin dezakeen tximinia bat bere herri ondoan. Galdetu dezatela, bestela, Zubieta inguruan.

2007ko udaberria zen. Ezker abertzalea legez kanporatuta, PSE-EE eta EAJ ziren Gipuzkoako diputazioa zuzentzeko arerio nagusiak. Errauste plantaren proiektuaz galdeketa egitea proposatu zuen Miguel Buen PSE-EEko hautagaiak, Ezker Batuko batzarkideen babesa lortzeko asmoz. Hala erantzun zion Markel Olanok: «Ez diot zentzurik ikusten errausketaz kontsulta egiteari».

Azpiegitura handien inguruan herritarrei galdetzeko aukeraz EAJk zuen jarrerarekin bat zetorren Olanoren adierazpena. Izan ere, hamaika bider egin dio uko, esaterako, AHT abiadura handiko trenaren proiektuaz galdetzeari. Hauxe adierazi zuen Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio sailburuak, 2008an: «Legebiltzarreko ordezkarien %85ek bozkatu zuten AHTaren alde. Gure sistema instituzionala onartzen badugu, onartu beharko dugu herritar gehienak alde daudela».

2002an, galdeketa egin zuten Zornotzan Boroako zentral termikoaz. Herritarren ia erdiek bozkatu zuten, %98k egitasmoaren aurka. Erantzun hau eman zien Josu Jon Imaz Industria sailburuak: «Herritarren iritzia errespetatzen dugu, baina Euskadirentzat proiektu estrategikoa da, eta, beraz, aurrera egingo du».

Aramaion, herritar talde batek kontsulta bat antolatu zuen 2007an AHTari buruz. Asier Agirre ezker abertzaleko alkatea zazpi urterako kargugabetu zuten, antolatzaileei udal bitartekoak uzteagatik. Ondoren, hura kargutik kendu izana baliogabetu zuen auzitegi batek, baina EAJk inoiz ez zion babesik azaldu Agirreri.

2013an Gipuzkoako aldundiak antolatutako Igeldoren desanexioaren galdeketari ere —herritarrak Donostiatik bereiztearen alde azaldu ziren— zilegitasuna kendu zion EAJk, eta EH Bilduri egotzi zion «galdeketak bere interesetarako» erabiltzea. Aste honetan bertan, Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde jeltzalea Baztango Aroztegiko hirigintza proiektuaz herritarrei galdetzearen aurka azaldu da, beranduegi delakoan. Antzeko iritzia azaldu du Eneko Goia Donostiako alkateak ere Ulia mendiko hirigintza proiektuaz, haren ustez, ezin delako denari buruz galdetu, eta aurrekari bat sortuko litzatekeelako.

Aldiz, atez ateko bilketaz kontsultak sustatu ditu EAJk. Jakinik haizeak alde jotzen ziola, eta Bilduren gobernuak ahultzeko aukera zuela, ildo horri ekin zion. Plataformen bidez antolatu zituen kontsultak lehenengo, eta udalen bidez alkatetzak eskuratu ostean. Erraustegiaz galdetzea, ordea, ez dute berdin ikusten. Markel Olanok irrati bati esan zion gai hori plebiszitu gisa planteatu zela eta irabazi egin zutela. Orain Madrilek debekatu ere egin dio Usurbili.

Beraz, zergatik da posible kasu batzuetan eta ez besteetan? Proiektu estrategikoen kontu hori izango da —hots, sektore pribatuarentzako mozkin handiak ekartzen dizkieten horiexek— baina erakusten du galdeketak ere erabil daitezkeela, herritarren iritzia ezagutzeko baino gehiago, alderdien interesak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.