Gemma Sangines Saiz.
SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (VIII)

Euskaraldiaspora

2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 1ean ospatu ziren Valentzian Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Eguna, asteburuarekin bat eginda. 150 bat lagunek gozatu genuen jai eta aldarrikapen eguna, gauza bat komunean genuela: hizkuntza eta hura maitatzeko nahia.

Lur hauetan bizi naizen urteotan jende asko ezagutu dut gure hizkuntzarekin maitemindurik dagoena, gai dena eskola ordu edo lanordu luzeen ondoren ahalegina eta orduak emateko, helburu espiritual edo diruzkoengatik, arrazoi zehatz edo abstraktuengatik, baina ideia argi eta komun batekin: Euskal Herrira iristean berehala jartzea praktikan beste itsaso batek bustitako lur batean ikasitakoa.

Batzuetan, ordea, kontua ez da hain erraza. Hizkuntza erromaniko batetik hain urrunekoa den hizkuntza bat ikastearen zailtasun objektiboari erantsi behar zaio helburu den lurraldean hizkuntzari eusten dioten hiztunak aurkitzea.

Izan ere, badirudi ez dutela zerikusirik, baina bat dira hizkuntza eta hiztunak. Horregatik, Euskaraldiak eta Diasporak zentzu berezia dute oraingoan. Eta aldarri hori egin nahi dut gaur.

2016an ariketa bat egin genuen euskara ikasleekin: gutun bat idaztea jatetxe bati, eskolan itzulitako menua eskaintzeko. Ausazko kasu bat izan zen; alegia, jatetxe hori bat zen, karta euskaraz ez duten milaka jatetxeetatik bat. Valentziako Euskal Etxetik, lehen mailako gure ikasgelatik, hiztegi ariketa sinple bat egin genuen, baina aldarrikapen bat ere bai. Euskara aurkitu nahi genuen kalean, dendetan, jendearen mihietan. Zer zentzu du, bestela, ehunka eta milaka kilometrora egiten ari garen ahaleginak? Badakigu euskara erabil dezakegula Euskal Etxeak Valentzian antolatzen dituen jaietan eta jardunaldietan. Eta ulertzen dugu testuinguru bati dagokion keinua dela, testuinguru jakin eta mugatu bati: ghetto geografiko eta tenporal bat. Baina onartzen dugu hori naturala dela, Valentzia (edo Buenos Aires, edo Sydney edo Berlin) ez delako euskararen lurraldea. Ordea, pentsatzen dugunean Euskal Herria bisitatzea, uste dugu euskara presente egongo dela goazen lekuetan. Ghettoa desagertu egiten da gure eskema mentaletan.

Zoritxarrez, ezusteko egoera aurkitzen dugu hizkuntzari dagokionez. Gaizki ulertutako edukazio oneko eskema mentala. «Gaztelaniaz egingo dizut errazago egiteko». Eskema horrek gure burua inbaditzen duenean, beharbada pentsatzen dugu erraztasuna gainbaloratua dagoela. Agian, esan egin beharko dugu jendea ez dela Euskal Herrira joaten gauzak erraztu diezazkioten (hizkuntzari buruz hitz eginda), inor Kilimanjarora joaten ez den bezala ibilbide zelai bat egitera. Euskal Herrira bidaiatzen duen jendeak esperientzia zehatz bat aurkitu nahi du. Ez diogu uko egin behar garen bezalakoak izateari. Eta, askotan, hasi beharko genuke pentsatzen milaka bisitari etortzen direla, hain justu ere, maite dutelako herri honen idiosinkrasia, eta euskaraz hitz egiten entzutea bidaia horren parte dela. Esperientzia horren zati da euskaraz zerbait edo asko ulertzen dutela sentitzea ere. Eurek ulertzen ez duten hizkuntza batean hitz egiten delako haserretzen diren bidaiariak beharbada ez dira bidaiari desiragarriak.

Seguruenik ez dut gezurrik esango esaten badut Euskaraldia izan dela hizkuntza gutxiagotuak dituzten kulturen historia modernoan adostasun handienez egin den ekimen komunitarioena. Eta ez dut dudarik eragin positiboa izango duela hiztunengan. Badakit helburua dela hizkuntza portaera asertiboak lortzea (euskaraz bizitzea, eroso sentituz), minorizatuta bizi izan diren eta bizi diren hiztunek bizitza kalitate hobea izan dezaten. Ezin dut esan gabe utzi ekimen honen guztiaren arrakasta, hein handian, Administrazioaren hizkuntza politikek emango dioten laguntzaren araberakoa izango dela. Helmuga, beraz, Euskal Herria eta hiztunak dira. Baina, urrunetik, ñabardura bat egin nahi dut, jokabide asertibo hori kanpoan bizi den jendeari ere zabaltzeko, euskal iheslariei (baita iheslari emozionalei ere), kanpoan lan egiten dutenei, munduko beste leku batean jaio zirenei eta hiztun berriei —gero eta gehiago dira euskaldun gisa eraikitzen ari direnak—. Ainhoa Agirreazaldegik Pirritx, Porrotx eta Marimototxen Egiozu Euskaraz kantuan dioen bezala: «Euskaraz mantso ari den norbait aurrez aurre badaukazu, hitz egiozu euskaraz mantso, opari bat egiozu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.