ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Immunitatea, muinean

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Zientzia-aldizkari ospetsuenetako batean (Nature) argitaratutako artikuluak baieztatu duenez, SARS-CoV-2aren infekzioa sintoma arinekin gainditu duten pertsonek epe luzerako immunitatea ematen dieten zelulak dituzte gorputzean.

Aurretik egindako beste ikerketa batzuetan, ikusi zuten, infekzioa izan ondoren, immunitate-sistemak sortzen dituen molekula espezializatuak, antigorputzak, azkar jaisten zirela lau hilabete igarotakoan, eta 11. hilabeterako ia guztiz desagertzen direla. Hortik, batzuek ondorioztatu zuten immunitateak gutxi irauten zuela. Zientzialariek, ordea, beste infekzioekin ere gauza bera gertatzen dela gogorarazi zuten. Izatez, antigorputzak erantzun immunitarioaren zati bat baino ez dira.

Epe luzeko immunitatea sortzen ote den jakiteko, beraz, COVID-19a arin gainditu duten pertsonen hezur-muina aztertu dute ikertzaileek. Hain zuzen, hezur-muinean gordetzen dira zelula plasmatikoak. Zelula horiek gai dira patogenoen ezaugarri jakinak ezagutzeko eta gogoratzeko, eta haien aurkako antigorputzak sortzeko. Eta urte luzez irauten dute hezur-muinean. Hala, patogenoa berriz agertzen bada, hezur-muinetik atera eta antigorputzak ekoizten dituzte.

Bada, aztertu dituzten pertsona horien hezur-muinean, SARS-CoV-2aren S proteina (koronabirusak zeluletara sartzeko erabiltzen duen giltza) ezagutzeko gai diren zelula plasmatikoak aurkitu dituzte. Horrenbestez, ikertzaileek iragarri dute COVID-19a gainditu duten pertsonek, seguru asko, epe luzeko immunitatea dutela, bizi osoan ere iraun dezakeena.

COVID-19arekin zelula plasmatikoak sortzen direla frogatzen dituen lehen ikerketa da, baina emaitzak bat datoz beste koronabirus hilgarrien kasuetan ikusitakoarekin. Adibidez, SARS gainditu zutenetan, ikusi dute, 17 urte igarota ere, badituztela antigorputzak sortzen dituzten zelula plasmatikoak.

Txertoek ematen duten immunitatearekin gertatzen den bezala, zalantza dago aldaera jakin batekiko sortutako immunitateak ager daitezkeen beste aldaerekiko ere babesten ote duen. Eta, alde horretatik ere, itxaropentsu izateko zantzuak daude: oraingoz, txertoak eraginkorrak dira azaldu diren aldaera arriskutsu guztiekiko; bereziki, bi dosiak hartuz gero.

Bestalde, infekzioa gainditzean hartutako immunitatea ere eraginkorra eta iraunkorra dela ikusita, aditu batzuek ohartarazi dute besteek lehentasuna izan beharko luketela txertaketan, eta, gainera, dosi bakarrarekin nahikoa izango dutela berretsi dute.

Izan ere, konpainia farmazeutiko batzuk dagoeneko hirugarren dosi bat ematea aztertzen ari diren bitartean, eta herrialde batzuetan 12-16 urtekoak ere txertatzen hasi direnean, leku gehienetan jende askok oraindik ez du dosi bakar bat ere hartu. Eta COVID-19a igaro dutenetan immunitateak luze irauten duela frogatu bada ere, kontuan izan behar da infektatutako guztiek ez dutela gaitza gainditzen.

Gaixotasun Infekziosoen Kontrolerako Europako Zentroak berak ere (ECDC), halaxe gogorarazi du 12-18 urtekoak txertatzeari buruzko irizpideak ematean. Haren esanean, adin horietan, bestelako arazorik izan ezean, txertoak eman dezakeen onura indibiduala oso txikia da. Horregatik, txertaketa haiengana hedatu aurretik, arrisku handiagoa duten beste taldeetakoak txertatuta daudela bermatu beharko litzatekeela adierazi du.

Nolanahi ere, nerabe eta gazteei ere arreta eman behar zaiela ere ohartarazi du: birusak zuzenean eragiten ez dien arren, egoerak kalte psikologikoak eragiten dizkie, bereziki, antsietatea, depresioa eta elikadura-asaldurak, eta sozializatzeko ere arazoak izaten ari dira. Eta osasunak hiru alderdi ditu: fisikoa, psikikoa eta soziala. Denak garrantzitsuak, eta denak zaindu beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.