Pastor
DARWIN ETA GU

Reykjavik-eko rockeroak

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Duela bi urte Islandiako neskatila talde batek 11 urtekoen mailako saskibaloi txapelketa nazionala irabazi zuen. Hala ere, Reykjavik aldeko kirolari gazteek muzin egin zioten sariari. Haietako batek arrazoia azaldu zuen podiumean, jende aurrean: «Saskibaloian jokatzea tituluak irabaztea baino zerbait garrantzitsuagoa da guretzat». Dominak lurrean utzi eta alde egin zuten.

Raise the bar dokumentalak—Langa gorago jarri— 8 eta 13 urte bitarteko neska islandiar talde horren historia kontatzen du, eta haren kexaren iturria zein den: Islandiako Saskibaloi Federazioari adin berdineko mutilen kontra jokatzeko eskatu zioten. Erakundeak ez zien baimena eman, lehenago gizonezkoen aurkako zenbait partida jokatu zituzten arren. Kirol agintariek bide hori eten zuten, baina.

Umeen protestak hautsak harrotu zituen Islandian, herrialdea berdintasuneranzko bidean gehien aurreratu dutenen artean badago ere: entrenatzailea kargutik kentzeko eskatu zuen federazioak eta guraso batzuek taldetik atera zituzten alabak. Ez ziren ados txikien erabakiarekin.

Horren guztiaren berri ematen du Gudjon Ragnarsson zuzendariaren lanak. 2016an sortutako saskibaloi taldearen segimendua egin du Ragnarssonek azken urteotan. Aurton amaitu du filma eta zinemaldietan erakusten ari da orain. Toronton izan eta gero, Castlemaine-ko Zazpigarren Dokumental Zinemaldian izango dute ikusgai bihar, Australiako hego-ekialdean, Victoria estatuan.

Zuzendariak aste honetan The Age egunkari australiarrari jakitera eman dionez, dokumentala osatzen jardun duen denboran—bost urte— umeen garapena ikusi du. Haren ustez, neskatilek kontzientzia hartu dute eta aurre egin diote sistemari, haien neurrian. «Rockero, punk batzuk dira», adierazi du Ragnarssonek.

Filmean saskibaloi taldeko neskak mintzatzen dira. «Ez da soilik dribbling ariketak eta gauza teknikoak egitea. Ahalduntzea da», esan du horietako batek. Saskibaloiak bere buruaren jabea izateko balio izan diola azaldu du beste haur batek: «Txiki etaez-seguru sentitzen nintzelako hasi nintzen entrenatzen. Orain ozen hitz egin nahi dut, neure espazioa hartu». Eta bukatzeko: «I want to be a badass».

Badass, Cambridge Hiztegiaren arabera: 1) pertsona gaizto edo beldurgarri samarra. 2) miresten duzun edo izugarri ontzat jotzen duzun zerbait edo norbait. Ume txiki horrek badass bat izan nahi du, normalean gizonezkoen ezaugarritzat jotzen dena. Entrenatzailearen lanari esker, hasierako haur dudatsuak ahaldundutako neska gazteak dira egun. Ahotsa goratu dute. «Zergatik ezin dugu jokatu mutilen kontra? Eman iezaguzue arrazoi bat», galdetu dute dokumentalean.

Simone de Beauvoir-ek esan zuenez, emakumezkoei gizonezkoek bezala jokatzea leporatzen zaie burua altxatu eta haien interesen alde egiten dutenean. Neska gazte horiei horixe egotzi zieten Islandian: euren interesen alde egitea, gizonen antzera. Egoistak izatea. Hori mutilen kontua da; neskek, ostera, txikitatik eman behar dute amore besteen aurrean. Haien burua sakrifikatu.

Neska, emakume asko etengabeko zalantzan bizi dira. Itxurakeriaren sindromea dute, Elisabeth Cadoche-k eta Anne de Montarlot-ek Le syndrome d'imposture: pourquoi les femmes manquent tant de confiance en elles?Itxurakeriaren sindromea: zergatik falta zaie emakumeei hainbesteko konfiantza?— liburuan idatzi dutenez. Bi ikerlarien arabera, gizonezkoek balio handiegia ematen diete haien gaitasunei eta jokabideei; emakumezkoek, aldiz, txikiegia. Hori dela eta, gizona seguru agertzen zaigu; emakumea, zalantzati, espero bezain ona ez izatearen beldur, burua altxatuz gero iruzur egingo balu bezala. Pentsamolde negatibo hori askoz hedatuago dugu emakumeen artean gizonen artean baino, genero estereotipoen ondorioz. Horri buelta eman diote Reykjavikeko neska saskibaloilariek. Ez da harritzekoa badass-ak izan nahi badute. Badass lotsagabe harro beldurgarri samar eta miretsiak. Rockeroak, punk-ak, baina, batez ere, emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.