Greziako irletara abiatu da 'Aita Mari' erreskate ontzia

Udatik portuan blokeatuta egon da, baina Espainiako Sustapen Ministerioren baimena lortu du azkenean. Mallorcan itsasoratu da

Aita Mari ontzia, Santurtzin porturatuta, urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hilabeteak egin ditu kairatuta, Espainiako Gobernuaren baimenaren zain, eta, azkenik, itsasoratzeko argi berdea jaso du Aita Mari ontziak. Balear Uharteetatik (Herrialde Katalanak) Greziarantz abiatu zen atzo arratsaldean, Kios eta Lesbos irletara, laguntza humanitarioa eramatera. Izan ere, erreskate lanik ezingo duenez egin, «ospitale» gisa arituko da han, errefuxiatuei osasun arreta ematen.

Mediterraneoa zeharkatzean bizia arriskuan jartzen duten migratzaileei arta emateko prestatutako ontzia da Aita Mari; arrantza ontzi bat egokitu du Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Udan itsasoratzea zuten hasierako asmoa, baina Madrilek blokeatuta eduki du Pasaiko (Gipuzkoa) eta Bilboko portuetan, nabigatzea debekatuta, ontziak nazioarteko salbamendu araudia «urratzen» zuela argudiatuta.

Antzeko egoeran dago Open Arms ontzi katalana ere. Salbamendu lanetan ez, «pertsonen garraioan» arituko direla uste du Espainiako Gobernuak, erreskatatuko migratzaileak estatuko porturen batean lehorreratu beharko dituztela aurreikusita —Italiako, Maltako eta Libiako agintariek debekua ezarri baitiete halako ontziei—. Argudio horien aurka agertu izan dira Aita Mari-ko kideak. Batetik, ezin dutelako aurrez jakin nola jardungoduten itsasoan, eta, bestetik, uste dutelako Madrilen tesi horrek erreskate lanak «kriminalizatzen» dituela.

Egoera desblokeatzea lortzekotan izan ziren asteburuan: Coruñan (Galizia) eta Lisboan botikak eta bestelako materialak jaso ostean, Mediterraneorantz abiatu zen Aita Mari, Portugalgo Gobernuaren baimenarekin, baina Espainiakoak geratzea agindu zion, eta Mallorca inguruan izan da azken egunotan. Atzo jaso zuen Sustapen Ministerioaren baimena, eta Egeo itsasorantz abiatu zen. «Atzerapen ilogikoa» deitoratu zuten eskifaiako kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.