Malaita, independentzia gogoetagai

Salomon Uharteetako Gobernuak Txinarekin segurtasun akordio bat egin izanak eta aliantzak aldatu izanak autodeterminaziorako grina piztu du uhartedi horretako irlarik garrantzitsuenean.

Malaita, independentzia gogoetagai.
Josep Solano
Tokio
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Malaita probintzia Salomon Uharteetan dago, eta aldez aurreko inkesta batzuetarako prestatzen ari da, independentziari buruzko galdeketa bat egiteko asmoz. Hala azaldu dio BERRIAri, esklusiban, Celsus Irokwato Talifiluk, Malaitako lehen ministro Daniel Suidaniren kontseilari politikoak; izan ere, Honiarako gobernu zentralak aliantza aldaketa bat egin zuen, eta Taiwanekiko lotura luzea amaitu eta Pekinekin segurtasun itun bat besarkatu: «Inkesta bat martxan dago, eta hil honetan amaituta egotea espero da. Horren bidez, argitu nahi da zer dakien jendeak independentziaz. Emaitzak argitaratzean, eta erantzuna nolakoa den ikusitakoan, Malaitako gobernu probintzialak neurri gehigarriak hartuko ditu, emaitza horietatik abiatuta».

Malaita probintzia, hain zuzen, Malaita uharte nagusiak eta Hego Malaita, Sikaiana eta Ontong Java uharteek osatzen dute, eta herrialdeko eskualderik jendetsuena da, duela zenbait urtetatik mugimendu independentista sendo bat duena. Txinarekin egindako segurtasun itunak, gobernu zentraleko lehen ministro Manasseh Sogavarek babestuak, sakondu eta bururaino eraman du agintari probintzialen eta zentralen arteko gatazka luze bat, eskualdearen ordezkaritza faltarekin eta garapenarekin zerikusia duena.

Barne gatazka alde batera utzita, Sogavarek 2019an egindako aliantza aldaketak ere kezka eragin du Pazifiko osoan; izan ere, itun horren bidez, formalki hautsi egin ziren Taiwanekiko harremanak, eta Txinako Herri Errepublikarekiko harremanak ezarri, ordura arte ohiko aliatu izandako Australiatik eta AEBetatik aldenduz.

Canberrak piztu zuen lehen alarma seinalea itun horren inguruan; izan ere, akordio haren zirriborro bat filtratu zitzaion prentsari, baina Australiako diplomaziak ez zuen lortu Sogavarek Pekinekiko ituna berriro atzera botatzerik, eta Sogavarek hautsi egin zuen Australiarekin zeukana.

Itun zirriborro hartan ziotenez, Txinako gerraontziei baimena emango zitzaien basea Salomon Uharteetan ezartzeko, eta, hartara, Txinako Polizia hedatu ahalko zuten, artxipelagoaren eskariz, «ordena soziala» gordetzera.

«Gure polizia ahalmena indartzeko eta sendotzeko asmoa dugu, etorkizuneko edozein gorabeherari aurre egin diezaion; horretarako, Polizia behar bezalako ekipamenduaz hornituko dugu, aurrerantzean erantzukizun osoa izan dezan herrialdeko segurtasun arloko ardura guztietan, horrela ez baitigute sekula eskatuko aldebiko gure segurtasun itunetako batez baliatzeko», adierazi du berriki Sogavarek parlamentuan.

Txinako Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaile Wang Wenbinek, berriz, «bi herrialde subirano eta independenteren arteko truke eta elkarlan normaltzat» jo zuen ituna, eta esan Mendebaldeko potentziak «nahita» ari zirela «esajeratzen eta tirabirak sortzen» itunaren harira.

Itunaren kontrakoak

Malaitako lehen ministroaren aholkulariak azaldu duenez, herriak ez du begi onez ikusten ituna: «Tratu hori ez du sekula defendatu gobernuaren jarrera politikoa moldatu duten alderdi politikoetako bakar batek ere».

Talifiluk salatu du «eroskeria eta diru trukeak» egon zirela aliantza aldaketaren jatorrian, eta aldaketa hori diru truk egitearen erantzule izatea leporatu die uharteetan zeuden Txinako enpresariei. «Ordezkari horiek laguntza eskaini zieten egun parlamentari diren batzuei, gaur egungo gobernu zentraleko alderdi politiko nagusian dauden horiei».

Malaitako lehen ministroaren aholkulari politikoak zehatz-mehatz azaldu du: «Aldaketa babestu zuten kideei agindu zieten, besteak beste, bost milioi dolar ordainduko zizkietela behin aldaketa hori egin eta gero. Horrez gainera, bereganatu zituzten oposizioko diputatuei hektarea bat lur hitzeman zieten, eta milioi bat dolar ordainduko zietela urtean».

Azkenik, Talifiluk «bene-benetako arrisku» batez ohartarazi du: Salomon Uharteak Txinaren estatu txotxongilo bihurtzekoa, «gaur egungo gobernuaren erruz». «Hain zuzen ere, gertatzen hasia da, eta areagotu baino ez da egingo beste eskualde potentzia batzuek ez badute neurririk hartzen hala gerta ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.