Albistea entzun

Denboraren kondentsazioak

Remigio Mendibururen hiru hamarkadako lana bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak 'Mendiburu. Materia eta memoria' erakusketan. Eskulturaren esanahiaz dihardu. Irailaren 5era arte dago ikusgai
<b>Eskultorea baino gehiago. </b>Hainbat euskarritan egin zuen lan Remigio Mendiburuk. Irudian, <em>Erbesteko gaua</em> serieko hiru artelan.
Eskultorea baino gehiago. Hainbat euskarritan egin zuen lan Remigio Mendiburuk. Irudian, Erbesteko gaua serieko hiru artelan. MONIKA DEL VALLE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko apirilak 14 - Bilbo

«Atzera begirakoa baino gehiago, barrura begirakoa da erakusketa hau». Remigio Mendibururen ibilbide artistiko osoa islatzeko xedea izan du Juan Pablo Huercanos komisarioak Mendiburu. Materia eta memoria erakusketan. Hala ere, Jorge Oteiza Museoko zuzendariordearen hitzak ez dira kontraesanezkoak. Izan ere, erakusketa bada atzera begirako bat, bertan bildutako 120 bat artelanek artista hondarribiarraren 30 urteko ildo espresiboak laburbiltzen baitituzte —1960ko eta 1980ko hamarkaden artean garatu zuen bere karrera—; baina, horrez gain, bada artistak artearen eta, batik bat, eskulturaren inguruan izandako ideien isla ere. Bilboko Arte Ederren Museoan bisitatu ahal izango da, irailaren 5era bitarte.

Mendiburuk beti izan zuen «eskulturaren zentzuari buruzko ardura», Huercanosen hitzetan: «Eskultura pentsatzeko modu berriak garatu zituen, eta bere lanek haren esanahia zabaldu zuten: eskultura ez da soilik kontenplaziorako objektua, esperientziaren emaitza baita». Komisarioak azaldu duenez, Henri Bergson filosofoaren denborari eta esperientziari buruzko teoriek eragina izan zuten Mendibururen praktikan, eta, horiei jarraituz, bi indar batu zituen bere adierazpen artistikoetan: batetik, materia, «mineralizatutako denbora» gisa ulertua; bestetik, denbora «kulturala, biografikoa». Alegia, erakusketaren izenburuak dioen bezala, materia eta memoria, eta, zehazki, «memoria bilakatzen den materia», komisarioaren arabera: «Ideia hori oinarrizkoa da Mendibururen obran».

Huercanosek adierazi du Mendibururi buruzko «berrikuspen nabarmena» antolatu dutela: «Hil ondoko lehen berrikuspen integrala da. Beharrezkoa zen, bai artista bere testuinguruan kokatzeko, eta baita gaur egunetik begiratzeko ere». Haren lanik ezagunenak ez ezik, obra «ez hain konbentzionalak» ere jasotzen ditu hautaketak, baina orobat materiaren eta memoriaren arteko loturak zeharkatuta daudenak; hala, lan eskultorikoaz gain, mihise edo paper gainean ondutako konposizioak ere bildu dituzte erakusketan.

Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak uste du Mendiburuk «bere garaiko obra originalenetako bat» erdietsi zuela. «Erakusketak eskultorearen figura berreskuratzen du bere garaiko panorama artistikoan errotutako sortzaile gisa. Lengoaia propioaren bilaketan konbentzionalismo eta formalismo artistikoak desafiatu zituen, espazio eskultorikoaren mugak eta haren materialtasuna hautsi arte». Artista berreskuratzeko lana «korala» izan dela nabarmendu du zuzendariak: komisarioarekin kolaboratu du Javier Viarrek, Aritz Gonzalezek aretoaren disposizioa diseinatu du, eta Jon Cazenave arduratu da argazkiez. Bestalde, BBKren laguntza jaso du erakusketak, eta ekarpenak egin dituzte Eusko Legebiltzarrak, Kutxa Fundazioak, San Telmo eta Artium museoek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta hainbat laguntzaile pribatuk, batez ere Mendibururen senide eta lagunek.

Suntsitzea eta berregitea

Huercanosek azaldu duenez, Mendiburuk aldez aurretiko diseinurik gabe ekiten zion lanari, eta, hortaz, «prozesuaren legeen menpe» egoten zen emaitza. Prozesuak ezohikoak izanik, beste horrenbeste zen haietatik sortzen zena. Enbor barru-ren kasuan (1963), adibidez, argia da ohiko prozeduretatik urruntzeko asmoa: eskultura zizelkatu bat sortzeko, kanpotik barrura egiten da moldaketa, baina kontrako bidea jarraitu zuen Mendiburuk obra hori ontzeko, Huercanosek zehaztu duenez: «Zura barrutik desegiten du, zatiekin berriro berregiteko». Antzeko logikari jarraitzen dio Txalaparta (1965) eskulturak, dioenez: «Gorputz eskultorikoa gorputz zeharkatua da: ez da homogeneoa, zatituta eta berreginda dago».

Aizkolari (1964) obran, berriz, zura kanpotik moldatua izan zen. Izenak iradokitzen duenez, aizkorakadek eman zioten forma eskulturari, baina horien ondotik geratutako obran baino gehiago, piezari erauzitako material zatietan jarri zuen arreta artistak, komisarioaren interpretazioaren arabera: «Gaia ez da eskulturak erakusten duena, falta zaiona baizik. Osatzen gaituena ez da daukaguna, galdu duguna baino, eta horrek utzi digun arrastoa».

Mendibururen eskultura gehienetan da agerikoa zatien pilaketen bitartez izan direla sortuak, batez ere formatu handienetakoak. Materialak «besarkatu» egiten dira, komisarioaren pertsonifikazioa erabiltzearren, eta zehazki hori adierazten du Xalbadoreri obrak (1979), lagun eta bertsolari ezagunaren heriotzaren ondoren egina. «Zurezko bi masa handi batu egiten dira, erortzeko arrisku handiarekin. Gorputzek bata besteari eusten diote». Halaber, lanik mardulenean, 1.400 kiloko Argi hiru zubi piezan (1977), zurezko atalek gainezka egiten dute: eskultura «supraobjektual» bat da, Huercanosen hitzetan, «bukaerarik gabeko» espazioa. «Ez da kontenplatua izateko objektu bat. Denbora kondentsatzaile handi bat da».

1970eko hamarkadatik aurrera ere material zatiak uztartu zituen lanetan, baina obra batzuk «espazialagoak ziren, ez hain batuak». Horren adibide da erakusketako atarian kokatu duten Argi kabia (1981) eskultura: zurezko egituraren barruan espazio handia dago, airea sar dadin, komisarioak azaldu duenez. Halaber, 1980ko hamarkadan beste berrikuntza bat sartu zuen artistak bere jardun artistikoan: izan ere, familiarekin erbesteratu beharra izan zuen Mendiburuk 36ko gerraren ondorioz, eta garai hartan bizi eta sufritutakoak adieraztea erabaki zuen azken hamarkadan. Hautu horren ondorioz egin zituen, besteak beste, Erbesteko gaua (1985-1986) eta Bonbardatutako etxea (1987) serieak, azken hori Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean.

Piezak kokatzeko diseinu berezia sortu du Aritz Gonzalezek, aretoan ohikoa baino hutsune gehiago utziz, erakusketa «konpartimentuetan banatuta gera dadin saihesteko» eta pieza guztiak lotzeko, Huercanosek azaldu duenez. Artelanen kokapenean, garrantzitsua izan da Mendiburuk euskarriekiko zuen iritzia: komisarioak zehaztu duenez, idulki bakarra gehitu diote erakusketari. Mendibururen obra «etengabeko gatazkan» dago euskarriarekin, eta askotan euskarria bera eskulturaren parte da, ez erantsitako elementu bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...