Albistea entzun

Eneko Carretero. Eskalatzailea

«Oso urte gogorrak igaro ditut eskaladan»

Denboraldia amaitu ostean, atseden egun batzuk hartu ditu Eneko Carretero eskalatzaileak. Mikel Linazisororekin eta Esparta anaiekin batera, hura izan da Euskal Herriko eskaladako ikurretako bat azken bost urteetan. Nahiz eta pandemiaren urteak ez ziren onenak izan.
UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko azaroak 29 - Donostia

The Factory Boulder rokodromoan da hitzordua Eneko Carretero eskalatzailearekin (Zumaia, Gipuzkoa, 2001), eta betiko irribarrearekin azaldu da. Astean bitan egiten du Zumaiatik Donostiarako joan-etorria. Ekipatzaile dabil han lanean. Hara sartzen den orok ezagutzen du. Euskal Herriko eskaladaren munduan abizen ezaguna da gaur egun Carreterorena.

Nolakoa izan zen Zailtasuneko Espainiako Txapelketa?

Azaroaren 18an eta 19an jokatu genuen, Getafen [Espainia]. Egia esan, txapelketatik ez nintzen batere gustura atera. Burua atsedenean pentsatzen jarrita neukan aspalditik, eta eskerrak urteko azken txapelketa izan zen! Denboraldia amaitzeko irrikaz nengoen. Gure denboraldia aspaldi amaitu zen, abuztuan, eta, entrenatzen ibili garen arren, ez ginen sasoirik onenean. Azkenean, bosgarren postuan amaitu nuen.

Blokeko Espainiako Txapelketa ere orain dela bi aste jokatu zenuen.

Bai, hura ere jokatu genuen. Caceresen [Espainia] izan zen txapelketa, eta kalean prestatutako horma batzuetan jokatu genuen. Han ere bosgarren amaitu nuen. Normalean, txapelketa bi egunetan jokatzen da: lehen egunean sailkapena, eta bigarrenean finala. Baina, oraingoan, txapelketa guztia egun batean jokatu genuen. Hasieratik egun txarra eduki nuen, eta finalerdietan jada oso nekatuta eta oso ahul sentitu nintzen. Finalean hilda nengoen! Urtea oso luzea egin zait.

Urte osoa kontuan hartuta, nola joan da denboraldia?

Ondo joan da. Ez ditut nire kirol bizitzako emaitzarik onenak lortu, bain, aurten, bi urteko etenaldiaren ostean, berriro ere nazioarteko lehiaketetara itzuli naiz. Blokeko zirkuitua osatu dut gehienbat. Munduko Kopako proba batean parte hartzeko aukera ere izan dut blokean, eta ia-ia finalerdietara igaro nintzen. 150 parte hartzailetatik, 29. sailkatu nintzen. Emaitza horrekin oso gustura geratu nintzen, eta konturatu nintzen banuela aukera finalerdietara pasatzeko. Orain dela urte pare bat oso urruti ikusten nuena gertuago ikusten dut orain. Oso serio hartu nuen denboraldia, eta oso motibatuta aritu naiz.

Zer espero zenuen aurtengo denboralditik?

Banekien Europako Kopako bi probatan arituko nintzela gutxienez. Iaz Espainiako Txapelketa irabazteak eman zidan horretarako aukera. Txekiako Errepublikan jokatutako blokeko proban 90 parte hartzaile ginen, eta 33. sailkatu nintzen. Espainiako selekzioko onena izan nintzen. Emaitza hari esker, beste proba batera eraman ninduten, Klagenfurtera [Austria]. Proba horretan ere 33. amaitu nuen. Ez nintzen oso gustura aritu, baina lortutako emaitzak dena arindu zuen. Azken emaitza horri esker joan nintzen Munduko Kopako probara. Orokorrean gustura amaitu dut, eta, aurtengo emaitzak kontuan hartuta, ziurtatuta daukat berriro ere Munduko Kopako proba batean aritzea.

Munduko Kopa aipatu duzu. Hori beste kontu izango da zu bezalako eskalatzaile batentzat, ezta?

Bai, izugarria izan zen. Adam Ondra bakarrik falta zela esango nuke. Blokean eta zailtasunean hartu nuen parte. Ondoen, blokean aritu nintzen. Azkenetakoa izan nintzen parte hartzen. Isolamendu gunean goizeko zortzietan sartu, eta eguerdiko ordu bietan hasi nintzen eskalatzen. Azkenetakoen artean aterata, oso zaila da emaitza ona lortzea. Lehen bi blokeak amaitu nituen, baina hirugarrena ez. Dena den, gutxigatik ez nintzen sailkatu.

Emaitza hark arantzaren bat utzi dizu?

Ezetz esango nuke. Ikusita nolako maila zegoen eta nola ibili nintzen ni, askoz motibatuago amaitu nuen. Datorren urtera begira, berriro ere gauzak ondo egiten jarraitu nahi dut.

Azkeneko hau bai, baina aurreko bi urteak ez ziren batere onak izan zuretzat. Zer hausnarketa egingo zenuke?

Hala da, bai! Motibaziorik gabe ibili nintzen, eta uztear ere egon nintzen. COVIDa baino lehen, Olinpiar Jokoetarako sailkapena tarteko, Europako Txapelketara joatea zen asmoa. Oso-oso motibatuta nengoen, baina azkenean, pandemiagatik, ezin izan ginen joan. Ez joatea kolpea izan zen, eta motibazioa galdu nuen. Hilabete eskalatzen ibili ondoren, bi hilabete geldirik pasatzen nituen, gero berriro itzultzen nintzen... Ia bi urte joan ziren horrela, iaz Bartzelonara joatea erabaki nuen arte. Aldaketa bat behar nuela sumatzen nuen, eta aukera atera zenean ez nuen bitan pentsatu. Oso gustura egon nintzen Bartzelonan.

Nabaritu al duzu aldaketa dagoeneko?

Bai, eta handia. Lehen, dena eskalatzea zen. Egunaren 24 orduak horretan pentsatzen pasatzen nituen. Orain, aldiz, gauzak asko aldatu dira. Zaletasun gisara hartzen dut eskalada. Mentalki asko laguntzen dit eskalatzeak.

Gurasoak —David Carretero eta Esther Cruz— Espainiako eskalatzailerik onenetakoak izandakoak dira. Horrek presiorik eragin al dizu zure orain arteko kirol ibilbidean?

Kanpotik ez dut inoiz presiorik izan. Nik neure buruari jarri izan diodan presioa izan da. Oso lehiakorra naiz, eta asko estutzen dut neure burua. Presio horrek kontra egin dit gehienetan, eta motibazioa askotan galdu izan dut horregatik. Sarritan, emaitza on bat lortzeak kontrako efektua eragin izan dit. Gazteen mailan munduko txapeldunorde geratu nintzenetik, dena okertuz joan da. Haren ondoren, beti lehen postuetan ibili behar nuela pentsatu nuen, baina ez da horrela izan. Txapelketa bakoitzera joaten nintzen aldiro, gauza bera esaten nion neure buruari: «Hau irabazi egin behar dut!» Baina argi dago orain geroz eta zailagoa dela irabaztea. Eta ez, kanpoko presiorik ez dut inoiz izan txapelketa batean, ez aitarena, ezta amarena ere. Euskal selekzioko hautatzaile Sergio Delgadok ere ez nau estutu.

Zer ikasi duzu amarengandik?

Txapelketetako presioa kudeatzen. Urte asko pasatu zituen lehiaketetan, eta esperientzia asko pilatutakoa da.

Eta aitarengandik?

Txapelketei pisua kentzen irakatsi dit. Lehen, txapelketetan, aukera bakarra ikusten nuen: irabaztea. Beste guztia galtzea iruditzen zitzaidan. Aitak asko lagundu dit horretan, eta askotan aipatzen zidan txapelketez gain arroka ere hor zegoela. Beti esan izan dit lehiaz kanpo gauza asko dagoela egiteko.

Uste duzu Euskal Herrian inoiz izandako belaunaldirik onena dela Mikel Linaziosorok, Esparta anaiek eta zuk osatzen duzuena?

Onena dela esatea oso zaila da. Euskal Herrian beti egon da izugarrizko maila. Agian, gurea onenen artean egon daiteke, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Espainian ere antzera izan da. Alberto Ginesekin batera, gu izango gara bi urtean emaitza onentsuenak lortu ditugunak. Gazteen mailan hasi ginen, eta oraindik ere hor jarraitzen dugu. Eskalatzaile bakan asko izan dira urte askoan maila eman dutenak, baina belaunaldi bezala, agian, gurea izan daiteke onentsuenetako bat.

Eskalatzaile on bat izateko, fisikoaz harago, mentalki oso indartsua izan behar dela diote adituek. Zer diozu zuk?

Erabat ados nago horrekin! Lehen, askoz gehiago entrenatzen nintzen fisikoki, baina, gaur egun, mentalki askoz hobeto prestatuta nago. Nik ere, lehen aipatutako garai txar horretan, kanpoko laguntza behar izan nuen. Askotan, txapelketa batetik itzuli, eta ez nintzen batere pozik itzultzen. Dena beltz ikusten nuen. Urte asko pasatu ditut sufritzen, eta horretan asko lagundu dit kanpoko laguntzak.

Eskalatzaileen artean, bi joera nabarmendu dira azken urteetan: Olinpiar Jokoen aldekoak, eta aurkakoak. Zuk zer iritzi duzu horren inguruan?

Ni Olinpiar Jokoetan egotearen aldekoa naiz, zalantzarik gabe. Halako txapelketa batean egotea ametsa da edozein kirolarirentzat. Ulertzen dut arrokan eskalatzen dutenei batere ez axola izatea; baina guk bizitza guztia daramagu lehiatzen, eta horrek izan behar luke erronka nagusia. Halere, nik denak errespetatzen ditut.

Hemendik bi urtera jokatuko dira Olinpiar Jokoak, Parisen. Urruti ikusten al dituzu?

Iruditzen zait ez Linazisorok eta ezta nik ere ez dugula aukerarik izango han egoteko. Badirudi sailkatzeko aukera izateko Munduko Kopako hainbat probatara joan beharko dela, bai blokean, baita zailtasunean ere. Linazisoro, esaterako, hautatuta dago, baina soilik zailtasunerako; ni, berriz, soilik blokerako. Gauzak ez badira aldatzen, horrek esan nahiko luke ez genukeela bi diziplinatan punturik pilatuko. Espainiako selekzioaren irizpideak dira, eta oraingoz Alberto Ginesek bakarrik izango luke aukera. Nire ustez, baldintzak aldatzeak aukera gehiago emango lizkiguke eskalatzaile gehienoi.

Hurrengo urterako erronka nagusia hori izango al da?

Bai, noski! Zorionez, iaz, Europako Kopan, zailtasun modalitatean, finalerdi batzuetara pasatzeko aukera izan nuen. Emaitza horrek aukera ematen dit hurrengo urtean berriro ere beste proba batean lehiatzeko. Agian, emaitza on bat lortuko banu, Munduko Kopako probaren batean bi diziplinatan aritzeko aukera irekiko litzaidake. Blokea gehiago gustatzen zaidan arren, emaitza hobeak lortu izan ditut zailtasunean. Blokean arlo mentala sartzen da jokoan, eta zailtasunean, aldiz, fisikoa gehiago. Azken horretan, sasoian zaude edo ez zaude: ez dago beste aukerarik.

Oraindik oso gaztea zaren arren, urte asko daramatzazu euskal selekzioan. Etorkizuna bermatuta al dago datozen urteetarako?

Bai, gu baino oinarri hobearekin datoz atzetik helduko diren eskalatzaileak. Hemendik urte batzuetara, asko nabarituko da, eta, gurekin alderatuta, askoz ere etorkizun hobea izango dute. Hori bai, oinarri hori txapelketetan erakutsi beharko dute, bai fisikoki, baita mentalki ere. Eta txapelketa badakigu zer den; edo balio duzu, edo ez duzu balio. Ez dago besterik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Oso garai politean bizi naiz orain; gozatzen ari naiz»

Julen Etxeberria

Hirugarrenez jarraian ordezkatuko du Mariezkurrena, eta hirugarrenez irabazi nahi du Peñarekin. Haren ustez, enpresari erakutsi dio «kontuan hartu» behar dutela.
Joseba Ezkurdia, pilota jotzen, azkeneko partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren aukerarik gabe gera daitezke asteburuan

J. Etxeberria

Aspekoek hiru garaipenera dute kanporaketa, eta Baikokoek, laura. Nafarrek gaur jokatuko dute, Urrutikoetxea-Albisuren aurka, Zornotzan
Mathieu van der Poel eta Wout van Aert, lehian, Benidormen jokatutako Munduko Kopako proban. ©MORELL / EFE

Betiko biak, eta beste guztiak

Eñaut Agirrebengoa

Gaurtik igandera jokatuko da ziklo-kroseko Munduko Txapelketa, Hoogerheiden (Herbehereak). Gizonezkoen proban, Van der Poelen eta Van Aerten arteko beste borroka handi bat espero da. Iazko txapelduna, Pidcock, ez da lehiatuko.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko»

Beñat Mujika Telleria

Maria Españak urte asko daramatza Espainiako ligarik onenetan aritzen, eta kirol heldutasun betean dago. Bikain ari da denboraldi honetan. Kantxan erakusten duen lidergo bera erakusten du handik kanpo ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...