78ko komikia gogoan

Gaur abiatuko da Nafarroako Komikiaren Azoka. Bederatzi egile gonbidatu dituzte, eta GUK taldearen 1978ko komikia erakutsiko dute

Nafarroako Komiki Azokako antolatzaile eta babesleak; erdian, Alberto Rodriguez zuzendari teknikoa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ezohikoa da Nafarroako Komikiaren IX. Azoka. Ez da erakusmahairik, ez da ilara luzerik, ez da zenbait eguneko kontua... «Askok diote ez garela azoka bat, jardunaldiak egiten ditugula. Arraroak gara, baina horretaz harro gaude». Alberto Rodriguez azokako zuzendari teknikoak garbi azaldu du azoka horren funtsa: «Artistikoa lehenesten dugu komertzialaren gainetik». Bada, gaur hasiko da, eta hilabete iraunen du. Zenbait tailer, erakusketa eta hitzaldi izanen dira; bertako eta atzerriko bederatzi artista gonbidatu, eta 1978an Iruñean egin zen komiki berezi bat izanen dute gogoan.

Kondestablearen jauregian eta Civicanen izanen dira azokako jarduera guztiak: 11 erakusketa, 12 solasaldi, lau tailer eta eskolako haurren bisitak. Gaur egungoak ez ezik, iraganeko aferak ere gogoan izanen dituzte aurtengo azokan. 1978an, Nafarroako hainbat lagunek komiki bat argitaratu zuten; GUK taldea osatzen zuten, eta ¡Viva San Fermín! komikia prestatu zuten Iruñeko bestetan saltzeko asmoz. Hala, uztailaren 8an Pedro Oses eta Juaquin Resano zezen plazara abiatu ziren aleak saltzera. Ezin izan zuten deus ere saldu; polizia zezen plazan sartu eta jendearen kontra tiroka hasi zen. Istilu haietan, poliziak German Rodriguez hil zuen, tiroz.

Bada, kasik argirik ikusi ez duen ale horiek erakusgai izanen dira azokan. Hainbat egileren komikiak biltzen dituzte, eta istorioetako batek zur eta lur utziko du irakurlea: Ernesto Murillo Simonides artistak etorkizuneko Iruñea irudikatu zuen bertan, orduko egoera salatzeko. Polizia robotak marraztu zituen zezen plazan jendeari tiro eginez; bete-betean asmatu zuen. Beste istorio batzuetan ere istiluak ageri dira, eta haietako batean amnistia aldarrikatzen zuen pankarta baten karietara. Egun hartan bezalaxe.

Azokak marrazkilari talde horretako lau lagun bilduko ditu igandean Kondestablearen jauregian, 18:30ean. Bestalde, erakusketa ere antolatu dute: orduko komikia ez ezik, gaur egungo artisten laminak izanen dira bertan. «Egileak komiki horren aurrean jarri ditugu, eta bestari buruz eta denboraren igarotzeari buruz hausnartzera bultzatu ditugu», azaldu du Rodriguezek.

Azokaren beste elementu erakargarri handia gonbidatutako artistak dira. Bertako eta kanpoko egileek parte hartuko dute: Mikel Santos Belatz iruindarrak elkarrizketa publikoa eskainiko du irailaren 27an, eta Gerezi garaia. Utopia binetetan erakusketa ikusgai izanen da hilabete osoan, haren azken nobela grafikoari buruzkoa. Gainerako gonbidatuak atzerritarrak dira: Ruben Pellejero eta Natacha Bustos (Herrialde Katalanak), Miguel Angel Martin, Mamen Moreu, Alvaro Ortiz, Alvaro Martinez Bueno eta Ana Galvañ (Espainia) eta Santiago Sequeiros (Argentina).

Azokako zuzendari teknikoak emakumeen lanak nabarmendu ditu. «Azken urteetan, emakume egileen boom bat izan da, eta ekarpen handia egiten ari dira komikiaren eta nobela grafikoaren munduan. Hemen ere hala da». Gonbidatuen eta 1978ko komikiari buruzko erakusketako egileen erdia emakumeak dira.

Azokaren bereizgarri

Iruñean egiten den komiki azokak baditu beste ezaugarri bereizgarri batzuk. Alde batetik, eskolekin lan egiten dute; gainera, aurten, haurrentzako jarduerak ez ezik, irakasleentzako jarduerak ere antolatuko dituzte, ikasgeletan komikia lantzeko tresnak izan ditzaten. Bestalde, Munduko Medikuak elkartearekin erakusketa bat antolatu dute, eta, diotenez, uko egin diote saltoki handien babesari. Komikiaren azoka berezia urriaren 7an bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.