UDAKO SERIEA. Autorretratu bat sekuentziatan (III). Josu Martinez.

Fotogramen gibeleko aldea

Lau pelikula hautatu, eta, gisa batez edo bestez, horiekin loturan ukan dituen sentimenduez, minez eta galderez mintzatu da Martinez. Umiltasunez, irudi bakoitzak gorde ditzakeenaz ari izan da, ikusezinak diren baina nonbait senti daitezkeen horiez.

'Gotzone'. Mireia Gabilondo. 2012.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Elipsiak eta absentziak aipa zitzakeen. Koloreak, soinu bandak, planoak eta filmen egiturak aipa zitzakeen ere. Zinemaren historiako eszena klabe ikoniko batzuk hauta zitzakeen Josu Martinez zinemagileak (Bilbo, 1986), baina ez du hala nahi izan. «Pentsatu dut zerbaitengatik enekin harremana duten eszena batzuk hautatzea, mugatuz euskal zinemara».

Zinemagile izateaz gainera, zinema ikertzaile ere bada. Dokumentala landu du nagusiki, eta Lezo Urreiztietari buruzko Jainkoak ez dit barkatzen (2018) du azken lan propioetako bat, baina haren bilaketa lanari esker berreskuratu ahal izan dira Euskal Herriari buruzko lehen film luzetzat jotzen den Gure Sor Lekua filma (1956) eta 1936an hiru dimentsiotan filmatutako Euskadi dokumental laburra ere. BERRIA-rentzat egin duen hautaketan ere ikus daitezke bi aurpegi horiek.

Hala, etxeko terrazatik, hautatu dituen lau filmak aipatu, eta, bat bederaka, bakoitzaren zergatia aipatu du. Azalpenak eman ahala, harreman hitzak hartu du zentzua. Eta erakutsi du nola, kameraren bi aldeetan, mundu bat gordetzen den ikusten den guztiaren gibelean. Zinegileez mintzatu da, minbera diren gai politiko-sozialez, elkarrizketatuen begiradez... Oro har, pertsonez, eta sentimenduez mintzatu da Martinez.

1
'ERREFERENDUMA'
Antton Ezeiza. 1978


Antton Ezeizaren (Donostia, 1935 -2011) Erreferenduma filma izan da aukeratu duen lehena. Eta hautaketa horren gibelean, bada hautatu duen filma, eta bada egilea. Ezeiza izan zen euskal zinema nazionalaren ideia teorizatu zuena; haren ustez, euskarazko zinema. Euskadiko Kutxaren babesarekin sortu zuen Ikuska. «Nahi zuen kalitatezko zinema bat». Horrela sortu ziren gerora izan ziren Ikuska saileko 21 dokumental laburrak. Eta, hain zuzen, Erreferenduma-k izan behar zuen Ikuska sailaren lehena, abiapuntua, nolabait. Baina zeukan mezuarengatik, Euskadiko Kutxak ez zuen onartu Ikuska gisa ager zedin. Hala, batzuk Ikuska 0 deitzen dute.

Espainiako Konstituzioaren erreferendumari buruzko dokumentala da, eta konstituzioaren aldekoak zein kontrakoak aurkezten ditu. Hamaika alderdi erakusten ditu, banan-banan, bakoitza bere diskurtsoa plazaratzen; batzuk konstituzioari baietz, besteak abstentzioaren alde, eta batzuk errefusatzen. Dokumentalaren bukaeran, Herri Batasuna alderdiko hainbat kide agertzen dira, eta, horien artean, Telesforo Monzon: «Borrokan ari diren gudariak ez dira terroristak!».

«Monzonen eszena hori oso indartsua da», azaldu du Martinezek. «Eta sekuentzia horrek atentzioa pizten dit, zeren jende batentzat oso hunkigarria izan daiteke, eta beste jende batentzat jasanezina. Batzuek erraten dute lider faxista bat ikusten dutela hor. Horrek erakusten du batzuentzat zerbaitek zerbait erran nahi duelarik besteentzat arrunt kontrakoa izan daitekeela». Bestalde, Ezeizaren lana azpimarratu du zinemagileak, sentsibilitate handiz: «euskal zinema sustatu nahi izan zuen, baina galdu egin zuen. 1980ko hamarkadatik goiti kasik dena gaztelaniaz egina izan zen. Berak erraten zuen apustua galdu zuela: euskal zinema cinevasco bilakatu zela».

Apustua galdu; baina ez osoki. «2008an egin nuenean Itsasoaren alaba, berak idatzi zuen testu bat erranez azkenean 30 urte berantago aurkitzen zuela film horretan sustatu nahi izan zuen zinema hori, euskaraz, ikuspegi dialektiko batekin. Bide horri jarraitu nahi izatea sentitzen dut. Badut halako miresmen bat, aitzindari bat izan zen».

2
'XALBADOR, GAZTAIN KORMUTXA'
Juanmi Gutierrez. 1980


XX. mende bukaera arte ez da egon euskal zinema industriarik, baina horrek ez du erran nahi zinemarik egon ez denik. «Hautaketa honetan nahi nuen film amateur bat sartu, iruditzen zitzaidalako euskal zinema amateurra izan dela egon den bakarra eta meritu handikoa izan dela». Aukeratzeko orduan, Juanmi Gutierrez bururatu zaio. «Beti bigarren mailako zinegile baten gisan ikusten zuten». Zinemaldian, askotan hautatua izan zen Gutierrez, eta, iaz zendu zelarik, haren film guztiak ikusgai dira Interneten. Tartean, Fernando Aire Xalbador bertsolariari buruz egin zuen lana. Xalbadorren heriotzatik eta urte bat berantago egin zuen filma, eta hori aipatu nahi izan du Martinezek. «Badira parteak lortuagoak direnak beste batzuk baino, ikusten da zinez zinema artisaua dela; Super 8 batekin joan zen Urepelera, eta, gainera,euskara oso guti jakinik... Iruditzen zait balore handikoa». Xalbadorren hurbilekoek eginiko lekukotasunez josia da dokumentala. «Beti inpresionatu ninduten Xalbadorren emaztearen eszenek. Ez dut baitezpada kontzienteki egiten, baina beti interesatu zaizkit emazteen rolak zineman. Gehienetan, horrelako istorioak kontatu ditut nik ere, kasik film guztietan. Eta hor; oso interesgarria iruditzen zait ikustea nola hitz egiten duen Leonie Airek. Iruditzen zait badela istorio bat hor. Zeren, bada erraten duena, eta bada erraten ez duena. Gero, gainera, jakin dut Leoniek berak ere bertsoak egiten zituela». Dokumentaleko beste zati bat ere aipatu du, zeinean Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki mintzo baita Xalbadorren heriotzaz. «Beti hunki nau». Kamera aitzinean mintzatzeko zailtasunak kontuan harturik, xehetasunak kontatzeko manera nabarmendu du Martinezek. «Berez, eszena horrek ez zuen deus, askoz landuagoa izan zitekeen, baina ahozko kontaketaren eredu oso ona da».

«Film hori oso ezezaguna da, baina baditu izugarrizko une interesgarriak, eta, azken batean, euskal zinema hori ere bada. Agian, ez da zinegile handi horietako bat izango, baina bai aztarna handia utzi duen pertsona».

3
'SECRETOS DE LUCHA'
Maiana Bidegain. 2007


Zuberotar jatorriko familia baten historia kontatzen du Maiana Bidegainek eginiko Secretos de lucha filmak; Uruguain bizi eta Tupamaros taldean gerrillari ibili baitziren Bidegain familiako haurride anitz. Maiana Bidegainek bere aita galdekatu du diktadura denboran bizi izandakoari buruz. Bere aita torturatu zuten, eta gaia ekarri du pantailara. Hala, Martinezen iritziz, bi gai «garrantzitsu» uztartzen ditu dokumentalak; torturarena, eta, horri loturik, dokumentalaren etikarena. «Ikuspegi humano batetik hurbiltzen zaio gai politiko bati, eta nik ere egin molde hori baliatu izan dut».

Bere aita torturatu duenarekin elkarrizketa baten egiten saiatzen da Bidegain, baina pertsona horrek ez du dokumentalean agertu nahi; beraz, ezkutuan grabatzen du, aitari entzunarazten, eta dokumentalean agertzen. «Niri, horrek, garai hartan, asko pentsarazi zidan. Dokumentalistaren etikaz hitz egin nahi nuen horrekin. Non dago muga? Segur aski,torturatzaile batek ez dizu kontatuko zerbait bere borondatez, baina, agian, inportantea da jakitea. Eta etikoa da norbait engainatzea?». Claude Lanzmannek eginiko Shoah ere aipatu du Martinezek, hor ere torturatzaile baten erranak kamera ezkutuarekin hartu eta erakutsi baitzituen egileak. «Ongi da edo ez da ongi? Nik ez dut erantzunik. Nik esaten dut 'kamera ez itzali inoiz, eta gero baimena eskatu'. Gai interesgarriak dira, egilea jartzen dutenak hartu beharreko erabakien aurrean». Torturatzaile bat eta torturatu bat bisean bis ezartzea «interesgarria» zaio. «Agian,egunen batean lortuko dugu Euskal Herrian horrelako jende batek hitz egitea. Munduko hiltzailerikhandienari ere, interesgarria da elkarrizketa bat egitea, ez ?»

4
'GOTZONE'
Mireia Gabilondo. 2012


Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko film laburretatik bat da Gotzone. Bost zinegileren artean egin zuten lana, eta Martinezek koordinatu zuen euskal presoen gaiari eskainitako dokumental koral hura, eta arrazoi ezberdinengatik hautatu du horren aipatzea. «Oso gaizki pasarazi zidan film bat izan da, gertatu zen guztiarengatik, eta ez da egin ditudan filmen artean gehien maite dudana, ez urrundik ere. Alderdi Popularra zegoen [Espainiako] gobernuan, eta Bildu legeztatu berri zuten. Baina egin genituen, diru laguntzengatik eta, izan zen mehatxua Bildu berriz legez kanpo utziko zutela. Kristoren jazarpena izan zen. Nik nahi nuen iritsi presoen gaiarekin konbentzitua ez zen jendearengana. Segur aski,goizegi zen; ez genuen lortu».

Minetik mintzatuz bada ere, Gabilondok eginiko lana azpimarratu du Martinezek. Garai hartan preso zen Gotzone Lopez de Luzuriaga euskal presoari buruzko filma da hori. Lopez de Luzuriagaren anaiak Martinezi kontatu zion beren amak bazituela 300 oreneko grabaketak, gordeak; ama-alaben arteko telefonozko elkarrizketak. «Zergatik grabatzen zituen elkarrizketak ama horrek? Alaba berarekin ukaiteko, hurbil. Imajinatzen nuen ama hori elkarrizketak entzuten, eta iruditu zitzaidan oso azkarra, kristoren gaia. Proposatu nion Mireiari berak egiteko filma, eta oso ongi asmatu zuen; zinegile handi bat ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.