Amets Arzallus Antia. Xilabako txapelduna

«Batez ere bukaeran, uste dut tripatik gehiago egin nuela burutik baino»

Laugarrenez jantzi du Xilabako txapela Arzallusek, eta «poz handia» sentitu du orain ere. Plazan «gauza berriak deskubritzen» segitu nahi du, baina Euskal Herrikorako ere badu ilusioa: «Euskararen lurrari Iruñetik kantatzeko ilusioa neukake. Saiatuko naiz».

GUILLAUME FAUVEAU.
Hodei Iruretagoiena.
Sara
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Finalaren biharamuna nekatuago pasatu ondoren, «argiago eta pausatuago» esnatu zen atzo Amets Arzallus Antia Xilabako txapelduna (Hendaia, 1983). Distantziatxo horrek aldatu dio pixka bat finalaren irakurketa.

Momentuan bertan, zer sentsaziorekin aritu zinen?

Eserialdi bakoitza halako barne epaiketa eta psikologo kontsulta txiki bat da, berriz animatzeko hurrengo lanerako. Ofizioetan, aldi oro eseri nintzen pena edo dolu txiki batekin. Geldituko den zerbait utzi nahi duzu, eta ezin lortuz. Puntu erantzunetan lasai gelditu nintzen, nahiz eta ez den klimax bat sortzeko ariketa. Oso zaila da. Bakarkakoetan, aldiro zen bukaera, eta saio osoa hartzen duzu kontuan; orduan bai, nahiko lasai eseri nintzen.

Distantziatik ikusita, bakarkakoekin geratu zinen gustoren?

Zurrunbilo hartan, bakarkakoekin neukan sentsaziorik onentsuena. Distantziarekin, ertz gehiago ikusten dizkiet; gustura nago, baina hiru bertsotan beti dago zer hobetu. Ofizioak, berriz, orain hobeto balioesten ditut.

Zortziko txikikoa polita izan zen.

Bai, arrebarekin zen, eta berezia izan zen: gauza asko kudeatu behar. Zortziko txikiak izaten du eszenifikazio komiko-karikatural bat egin beharra. Eutsi nion gaiari, baina aldi oro ibili nintzen intuituz bazegoela zerbait sakonago, zorrotzago, absurdoago bilatzea. Onesten dut egindakoa, eta pozik nago bien artean dialektika bat osatu genuelako.

Buruz burukoan, Artetxerekin. Hasieratik egin zuen oso saio ona. Atzetik ikus litekeen neurri horretan, nola ikusi zenuen?

Pentsatzen nuen Miren izan zitekeela. Ongi ikusi nuen zortziko handian; hamarreko txikiko kolpe batzuk iritsi zitzaizkidan, eta bakarkakoan konturatu nintzen momentu oso onak edukitzen ari zela. Oso bertsolari berezia da, txispa eta nortasun handikoa. Konturatzen nintzen finalari beste zerbait ematen ari zitzaiola, konexio momentu handienak bereak zirela. Buruz burukoan, konfiantzan eta indartsu zetorren, eta estimatzen diot. Jokoak behar duen tentsioa muturreraino eraman zuen neure barruan. Uste dut joko hori bizirik zegoela sentitzen zela, eta ederra izan zen. Bertsotan, hotz eta fresko zaudenean, buruak osatzen du dena, baina, batzuetan, tripa sartzen da. Eta final hartan, batez ere bukaeran, uste dut tripatik gehiago egin nuela burutik baino.

Seikotea hartuta, taldea bera nola ikusi zenuen?

Xilaba bera, hasieratik, espiritu kolektibo hori presenteena duen txapelketa dela uste dut. Elkar asko animatzen zuen talde bat osatu genuen. Besteak, orokorrean, ondo ikusi nituen. Ikusi nuen Maddalen ondo hasi zela. Beharbada beste saio batzuetan erregularragoa izan da, baina bertsotan erraz egiteko zera hori badu. Odeik uste dut hasieran ez zuela zorte handirik eduki, egokitu zitzaizkion rolak ez zirela bolbora gehien ateratzekoak, baina behetik gora egin zuen. Estiloa, hizkera eta sentsibilitatea bertsotara izugarri fin eramaten du, eta haren oso zalea naiz. Maddi Anerekin, harritu nau bere progresioak. Potentzial izugarria ikusten diot. Patxik, berriz, bidea lehenagotik dakar, eta, lehen aldiz finalean egoteko, tenpleari ondo eusteaz gain, ariketa batzuetan fin ibili zela uste dut.

Beste batzuk ere finaletik oso gertu geratu dira. Nabaritu da maila hobetu egin dela?

Zaila egiten da konparatzen. Esan nezake Gabadiko final-laurdena, Xilabako final-laurden bat izateko, oso bertso saio ona atera zela. Horrek erakusten du Iparraldeko bertsogintzak bide bat egin duela. Pandemiak hoztu egin du lehen nekez eta ekinez berotzen ari ginen zerbait, baina orain hartuko dugu arnasa pixka bat.

Iaz izan zen pandemiak eragindako eten hori, eta Xilabari ere eragin dio. Zer ekarri zuen?

Kolpe bat. Bide bat moztu zuen erdi-erditik, eta aurten berriz ere altxatu eta eraikitzea, antolatzea, biltzea, ez dut uste erraza izan denik. Jendea inguratzeko, batetik, pasea eskatu beharraren baldintza gogor hori dago, eta horrekiko haserreagatik batzuk, beste batzuk ikara batez ere bizi dutelako... Ez da erraza. Kolpea izan da kulturgintzarentzat. Oinarrizko bizitzaren premietatik oso urruti utzi gaituzte, kontsiderazio nahiko bazterrekoan, eta bazter horretatik zentralitate bat bilatzea, euskaraz, non eta Iparraldean, borroka latza da.

Isilaldi moduko hori ondo etorri omen zitzaizun. Zer zentzutan?

Bertsotan hogei urte pasa badira, gelditu gabe kasik. Segitzen duzu, zeure gogoz, baina inertzia horren haritik. Batetik, arnasa hartu nuen, eta, bestetik, presio bat ere kendu nuen. Konturatu nintzen presio inkorporatu batekin bizi garela beti: zeure buruarengandik espero duzuna, jendeak espero duena... Eta hori korapilo bat dela. Ondo etorri zait hausnarrerako, kokatzeko, norabideak bi aldiz pentsatzeko.

Plazetara itzultze horretan, norberaren aldarteaz gain, plazako baldintzak ere eragiten du, ezta? Jendea maskararekin ala gabe egoteak, adibidez.

Dudarik gabe. Pentsatzen dugun bertso bakoitzaren lehengaia da isiltasuna, eta isiltasun horretan kontzentratuta dagoen arreta eta tentsio hori. Gero, ostean datorren buelta, txaloa edo jendearen aurpegiera. Niretzat oso inportantea da begiak, musua ikustea, balorazio bat izan dezazun, barnekoa ez ezik, kanpokoa. Hori da lehengai animikoa hurrengoa pentsatzeko. Oso baldintzatuta egon gara, baina larunbatekoa ezberdina izan zen: hurbiltasuna, berotasuna eta espresibitatea.

Lehen hiru aldietan jantzi zenuen txapela; azkena duela urte batzuk. Azken hau zertan izan da berezi?

Berezia izan da bi urte hauetako baldintza eta hertsapen guztiengatik. Iparraldean hizkuntzaren aldeko borrokan eta erresistentzian daramagun bideagatik, bizipoz bat zen han elkartzea. Faktore horri gehituta bakoitzaren bizitzako fasea. Nire azken Xilaba duela bost urte izan zen ia. Ordutik, familiako egoera ere aldatu da. Ondoko belaunaldia dator, baina aurreko belaunaldia falta da kasu honetan. Gainera, gure etxean gertatu berria da; amaren hutsune hori, noski, emotiboki hortzak estutu, energia arnastu eta haren indarra sentitu nahi duzun sentimendu puska bat izan zen, eta zaila ere bai, pozari tristura gehitzen diozulako. Halako labadora emozional handi bat izan da. Gainera, han arrebarekin nengoen, eta biok bizipen hori berdin daramagu. Txapela janzteak, alde horretatik, poz handia eta emozioa eman zidan, beste batzuetan baino gehiago.

Agurra bera mugaldera bota zenuen. Zergatik hautu hori?

Bertsoak bere garaiaren eta momentuaren lekukotasuna ematea zor du. Nire kokapena, geografikoki ere, beti izan da muga ertzekoa, eta muga hori gorputz adar anputatu bat bezala eraman behar izan dugu ondoan bizi garen euskaldunok. Garaiak, berriz, kokatu gaitu, euskaldun gisa min hartzeaz gain, euskaldun izan gabe ere muga zenbateraino den gogor, zaurgarri eta kasik hilgarri ere jabetzeraino. Lehen zeneuzkan kezka abstraktu batzuetatik lurrera ekarri zaitu geopolitikaren testuinguru berezi batek, eta orain ja ez da abstraktua, baizik oso konkretua, begi aurrean ikusten duzuna. Izugarri hunkitua eta mindua sentitzen naiz pertsona gisa ikusita nire leihopean nola jendea bizi arriskuan dabilen. Ez bizimodu hobe baten esperantzan, baizik bizitzari berari eustearen beharrak eraginda, ezin libre zirkulatuta. Bertsoa azkenean zure baitatik erditzen da, eta minez erditutakoa da. Min horretatik erditua izan zen azken agurra.

Egoera hori lehendik zetorren, baina pandemiagatik hartutako neurriek areagotu egin dute?

Lehenagotik hasten da, bai. Nik uste, 2018tik edo, errealitate bat are gehiago nabarmendu zela, kopuruak handitu zirela, eta ondorioak, larritasunak eta eszenak gordindu. Gero, pandemiak lehen nahiko trabatua zen muga hori gotortu egin du erabat, eta beldur naiz pandemia nolabait lurruntzen hasten bada ere muga gotor hori ez dela lehengora itzuliko. Gu hemengoak izanik, eta mugak gure historia zenbat markatu duen jakinda, elkartasun eta konplizitate pixka bat uste dut zor diogula Euskal Herria zeharkatu nahi duen edozeini.

Zer ekarpen egiten dio Xilabak bertsogintzari eta euskarari?

Puska bat gehiago da sare oso batean. Hemen, Iparraldean, euskararen egoera nahiko gorria dela esango nuke. Nahiz eta ikastolek kopuruz gorantz segitu, ez nago oso seguru euskararen erabilerak gorantz segitzen duen. Erabilera hori kualitatiboki eta kuantitatiboki aztertuta, nik uste dut larritzeko arrazoiak badauzkagula. Nahiz eta askotan ardura postuetatik eta instituzioetatik mezu baikorrak eman behar diren, uste dut egoera larriaren kontzientzia edukitzea inportantea dela, horren araberako neurriak hartzeko. Askoz neurri zorrotzagoak eta ausartagoak behar dira. Xilabara ni ere horregatik hurbiltzen naiz, eta uste dut kolektiboki ere kontziente garela ahalegin horretaz.

Plazetako martxan jarraitu behar orain, eta Euskal Herrikoa ere laster dator.

Plazetan segituko dut, gauza berriak deskubritzen saiatuz, eta txapelketek laguntzen diote lanketa horri, ez zentzu bat, baina bai ordena bat ematen. Ilusioa badaukat, egia esan. Hau ere atzeratutako txapelketa bat da, eta espero dut berriz ere bertsozaleak, euskaldunak bere burua komunitate handi eta indartsu baten parte sentitzeko plaza bat izatea. Gainera, finala Iruñean izanda, sinbolikoki ere beste ilusio bat sortzen du. Euskararen lurrari handik kantatzeko ilusioa handia neukake. Horretan saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.