Zaporearen gain, mihiak du agintea

Zaporea ezin daitekeela egon egile eskubidearen babespean ebatzi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Adituek azaldu dute ebazpena onargarria bada ere, sorkuntzaren gaineko aitortza egin beharra dagoela. Artikulu zientifikoak eta sekretu industriala ere oinarri izan dituzte.

Mugaritzeko sukaldariak lanean, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Plater baten sorkuntzak barne-barnean daramatza jangaiak, sukaldarien lan-indarra eta prozesu luzea. Baita zaporea ere. Bost zentzumenen artean dago dastamena; ahoaren eta mihiaren funtzioa, dastamen papilen eginbeharra. Sentsazioek agintzen omen dute, norbere pertzepzioek. Sukaldari zenbaiten artean, sarri, ika-mikak ere sortu ohi dira; baita elikagai produktu ezberdinak sortzen dituzten enpresa batzuen artean ere. Erreprodukzioen gaineko iritziak ezberdinak dira, baita horren gainean hartzen diren erabakiak ere.

«Zaporea ezin da egile eskubidearen babespean egon; izan ere, ezin daiteke modu zehatz etaobjektibo batean baloratu». Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpena izan da hor jasotakoa. Herbehereetako bi enpresen arteko eztabaidaren ostean hartu dute erabakia epaileek; ebazpenaren oinarrian, igurzteko gazta freskoa dago, esne gainarekin eta belar finekin ekoitzitakoa. Duela zazpi urte hasi zen Levola konpainia gazta mota hori ekoizten; geroago, ekoizpen berari eutsi zion Smilde konpainiak. Lehenak bigarrena salatu du, eta, zehazki, esan duenpresa horretan ekoizten duten gaztak «zapore berdina» duela.

Mikel Karrera Zuzenbide katedraduna eta irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Karrerak esan du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hartu beharreko erabakia hartu duela: «Espero zitekeen erantzuna eman du epaileak; hain zuzen ere, gauza edo zerbaiten gain norbaiti eskubidea emateko, ezinbestekoa da lehenik gauza hori zehaztea». Gauza horri, kasu honetan, obra deitzen zaio. Irakasleak gaineratu du usaimenarekin eta zaporearekin ezin daitekeela obra jakin bat zein den identifikatu. «Zaporea zentzumen kimikoaizanik, pertsona bakoitzak bere erara sentitzen du; beraz, ezin daiteke objektibizatu». Andoni Luis Aduriz sukaldariak, berriz, nabarmendu du gastronomia oso kontzeptu zabala dela: «Historian zehar, orokorrean, gastronomia taldeko sorkuntza bat izan da; pertsona batek autodidakta dela esaten duen bakoitzean, harritu egiten naiz, objektiboki ezinezkoa delako». Mugaritz jatetxearen arduraduna da Aduriz, Errenterian (Gipuzkoa). Hark esan du beharrezkotzat jotzen duela norbaiten sorkuntza babestea. «Uste dut bidezkoa dela ideia edo teknika bat pertsona zehatz bati onartzea; azkenean, pertsona horrek denbora, esfortzua eta baliabideak erabili ditu existitzen ez den zerbait aurrera ateratzeko».

«Obra literario, artistiko edo zientifiko baten jabetza intelektuala egileari dagokio, hura sortze hutsagatik», azaldu du Karrerak. Eta, gaineratu du, finean egile eskubidea eta jabetza intelektuala gauza berbera direla. Hori dela eta, esan du sortu dena originala den heinean aitortuko zaiola egiletza eta jabetza sortzaileari; hain zuzen ere, existitzen ez den zerbait munduratzen denean. Zaporea ez, baina sukaldaritzako arlo jakin batzuetan bada babespenik. EHUko irakaslearen arabera, plater baten sorkuntzako testuak eta argazkiak euskarri batean plasmatuz gero, euskarria babestuta geldituko litzateke. Testua eta argazkiak ezingo lirateke beste inon erabili; ordea, errezeta erabiltzeko arazorik ez litzateke egongo. Iñigo Martinez de Marañon AZTI zentro teknologikoko zuzendari teknologikoa da. Besteak beste, elikagaien eta itsas ikerkuntzan lan egiten duen zentroa da, produktuen garapenean oinarritzen dena. Zaporea zein usaimena ere lantzen dituzte. Hark bat egiten du abokatuaren esanekin; eta, gaineratu du sorkuntza babesteko euskarriez gain, badaudela sekretu industrialera jotzen duten enpresa batzuk ere. Esaterako, Coca Cola konpainia.

John Pemberton botikariak sortu zuen ezaguna den edariaren lehen errezeta, 1886. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan. Hasieran, urdaileko arazoak gainditzeko jarabea zen, koka hostoekin eta kola intxaurrekin osatua. Hortik dator izena ere. Hala eta guztiz ere, pixkanaka zabaldu, eta munduko hamaika txokotan hasi zen merkaturatzen. «Egiteko modua, prozesuak, xehetasun txikiak sekretuan edukiz lortzen dira zapore berezi gustagarriak», azaldu du abokatuak. Halakoa da Coca Cola konpainiaren kasua ere. Eta hor daude hango langileek bete behar dituzten konfidentzialtasun kontuak. Karrerak azaldu du errezetaren prozesua ezkutuan gorde behar izaten dela, eta, beraz, langileei isilpekotasun obligazioak sinarazten dizkietela. «Zaporearen formula zaintzen dute, gordeta mantentzen dute inork ez dezan jakin edaria nola ekoizten duten», gaineratu du Martinez de Marañonek.

Sekretu industrialaz gain, sukaldariek sortu dituzten proiektu ezberdinak ere badaude; adibidez, International Journal of Gastronomy and Food Science aldizkaria. Artikulu zientifikoak argitaratzea du helburu, nolabait, sukaldarien egiletasunak onartzeko. «Saiatzen gara ideia berriak artikulu zientifikoetan islatzen; hala, nolabait, sortu duguna babestuta gelditzen da», azaldu du Mugaritz jatetxeko sukaldariak. Gainera, esan du lehenagohori ezin zitekeela egin, eta patataren aurkikuntza izan du gogoan. Haren esanetan, laborantza nagusienetakoa den tuberkulua inkek aurkitu zuten, baina garai horietan erregistratu ezin zitekeenez, aitorpenik ez dute izan.

AZTIko zuzendari teknologikoak, berriz, gaineratu du ikuspuntu zientifiko batetik onartuta dagoen artikulu bat egon beharra dagoela sortutakoa babesteko: «Deskripzio bat egin behar da zaporea nola lortu den azalduz, eta, hura kontrastatuko duen metodologia bat ere beharrezkoa da zaporea beste batengandik desberdina dela esateko». Halere, azken horrek esan du badaudela sistema teknologikoak ere. Haren esanetan, zapore zehatza identifikatzeko sistema berriak ari dira garatzen; esaterako, murtxikatze edo mingain elektronikoak. «Sistema horiei esker, zaporea modu objektibo batean baloratzea posible litzateke», nabarmendu du.

Imitazioak imitazio eta erreprodukzioak erreprodukzio.«Norbaitek gu inspiratzen gaituenean, eta inspirazio horrekin zerbait garatzen dugunean, pertsona hori omentzen saiatzen gara, haren sorkuntza prozesuaribalioa emanez», esan du Adurizek. Sukaldariak argi du sorkuntza bat aitortu beharra dagoela, eta azaldu du Mugaritz jatetxean garatutako ideiak beste batzuentzako inspirazio iturri izatea «baliagarria» dela.

Usaimenarekin berdin

Eta usaimena, egon al daiteke egile eskubidearen babespean? Zaporearekin bezalaxe, usaina ere norbere sentsazioen arabera baloratzen da. Martinez de Marañonek azaldu du lurrin bat ezin daitekeela bere horretan babestu, ordea, konposizio kimikoarekin jolastu daitekeela: «Sortzaileak esan dezake XY molekula beste batekin nahastu duela, kontzentrazio jakin batzuetan; hala, hura babestea posible izango da». Karrerak, berriz, esan du usainak ez duela egile eskubiderik, eta, edonork ekoiztu dezakeela ezein lurrin-mota.

Halere, egoera horrek ere, sarri, arazoak sortzen ditu. Abokatuak nabarmendu du duela urte batzuk lurrin enpresa ugari zabaldu zirela, baina poliki-poliki itxi zituztela. Hark azaldu du lurrin denda zenbaitek originalak ziren lurrinen marka izenak erabiltzen zituztela; nolabait, alderaketak egiten zituzten baliokideak zirela esanaz. «Kasu horretan,besteen ospea eta izena erabiltzen ditugu gure probetxu ekonomikorako,eta, epaileen iritziz, enpresen arteko lehia edo konpetentzia izaeraz desleiala da», esan du Karrerak. Gaztarekin ere gauza berbera gertatzen da. Zaporeak ez du jaberik, baina ezin daiteke beste marka baten izena erabili norberarena den produktua saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.