Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Distopiarena

2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Literatur tenpluaren urrezko giltzak baneuzka eta, hara sartzeko froga gisa, hasiko banintz zu presatzen, (urrezko) akuilu batekin ipurdian joka, eta oihu betean eskatzen: literatur distopiak!, literatur distopiak!; berehala emango zenidake, beldurrez, halako trinitate santu bat: 1984!; Bai mundu berria!; Fahrenheit 451! Hirurak aipatuko zenituzke, elkarren segidan, araba-gipuzkoa-bizkaia ala lapurdi-baxenafarre-zuberoa dioenak nola; edo, akaso, hiruretatik bat bakarra baino ez zenuke oroituko, ala bat ere ez, izuak jota.

(Jarraitu aurretik, pozbidea emango dizuet froga beldurgarri baten aurrean ez baizik eta nonbait eserita hau irakurtzen ari zaretenei: hiru liburuak daude euskaraz, Oskar Aranak itzuli zuen George Orwellena, Xabier Amurizak Aldous Huxleyrena eta Nagore Tolosak Ray Bradburyrena).

Ez naiz ni ordea inongo santutegiren jabe, ez eta jagole ere. Are gehiago, aipatu dizuedan ataka zail horretan aurkituko banintz, neuri ere izenburu horiexek etorriko litzaizkidake berehala gogora, nahiz eta, bai, irakurri ditudan gehiago, irakurri ditudan beste batzuk. Beraz, hurrengo larrialdian derrigor kanonikoetara jo behar ez izateko, eta, batez ere, irakurraldi gozagarri direlako, beste autore baten izena bat ekarri nahi dut hona: Margaret Atwood da bera, kanadarra, ingelesduna, hamaika eleberri, ipuin-bilduma, poema-liburu eta antzezlanen egilea, Nobela eskuratzeko hautagai betierekoa.

1985ean argitaratu zuen Atwoodek The Handmaid's Tale (Neskamearen Ipuina). Etorkizun hurbilean gaude, garai bateko Ingalaterra Berrian, AEBetako Gobernuari grazia-kolpea eman eta diktadura militar teokratiko (kristau) bat ezarri baitute Gilead errepublikako agintariek. Gauza asko mozten eta murrizten dira, baina, besteak beste, emakumeen egoera aldatzen da errotik (eskubideak oro galtzen dituzte, baita irakurtzekoa ere), eta berdin errotik aldatzen da umeak ekoizteko modua. Hain zuzen, izenburuko neskame horien ardura da haurdun geratzea eta geroko gehienak egitea. Egiatan, hori da neskameen ardura bakarra; horregatik gorde dituzte, kutsadura handiaren eta sexu bidez transmititzen diren gaitzen ondorioz gero eta gutxiago baitira umetoki osasuntsuak. Neskameek, beraz, halako elitezko batailoi bat osatzen dute, eta eliteko senar-emazteen umeez erditzen dira.

2016an argitaratu zuen Atwoodek The heart goes last (Azkena, bihotza). Etorkizun hurbilean gaude berriro, AEBetan berriro, nahiz eta ez dakigun zehazki non; noiz, berriz, gaur bertan izan liteke, bihar, ez baita egon tupusteko estatu-kolperik, edo natur hondamendirik edo zonbi inbasiorik. Hiri zeharo pobretu batean gaude, itzelezko langabezia-tasa daukana, noizbait ere industria oparoaren jabea baina azken hamarkadetan hondoa gogor joa. Egoera, beraz, aise irudika dezakegu: toki askotan gertatu da, toki askotan gertatuko da. Distopia gero dator, kapitalismoaren ondorio latzenei eskainitako irtenbide berrian. Guk, hasieratik, senar-emazte protagonistekin dauzkagu buru-bihotzak: auto batean bizi dira harik eta tabernako telebistako iragarki batean salbatzailea agertu arte. Positron hiria. Hiri bikoitza da, bi hirik osatutako hiri bakarra, edo, zehatzago, hiriak eta kartzelak osatutako konglomeratua. Bikoitzak dira, era berean, bertako hiritarrak, bi hiritarrek osatutako hiritar bakarra, edo, zehatzago esanda: hiritarra eta presoa gorputz batean. Hilabetez zara bata, hilabetez bestea. Hiritar bakoitzak badu bere bikia: hiritar zaren hiletan, preso dago hura, eta zu zaude espetxean hura hirian dagoenean. Hiri-proiektua antolatu dutenen esanetan, bi txori akabatuko dituzte mugimendu bakarrarekin: langabezia eta kartzelen auzia.

Bi liburuetan, istorioa areago korapilatzen da gero, baina ez da nire asmoa irakurtzeko plazerra zapuztea zuei. Are gehiago, zutabe honen zaindarietako bat besterik ez bainaiz, ia-ia ahaztu zait kontatzea zergatik ekin diodan honi, zergatik iruditzen zaizkidan distopiak hain suspergarri. Akaso gogoan izango duzue Black Mirror telesaila, atal bakoitzaren ostean nola geratzen zaren pentsatzen aurkeztu zaizkizun egoeretan, horrantz al goazen benetan. Hain iruditzen zaizu dena bihar bertan gertagarri. Atwooden distopiak irakurrita halako zerbait sentitzen dut, galdezka hasten naiz: zeinenak dira gure gorputzak, zer da kartzela, zer da askatasuna, non erratu ginen, zer egingo dugu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.