Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Tropikalismo garaikidea

Acosta Dance konpainiaren <em>Evolution</em> ikuskizuna.
Acosta Dance konpainiaren Evolution ikuskizuna. ACOSTA DANCE Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2021eko azaroak 30

'Evolution'

Konpainia: Acosta Danza. Piezak eta koreografoak: Satori (Raul Reinoso), Paysage, soudain, la nuit (Pontus Lidberg), Two (Russell Mallphant), Twelve (Jorge Crecis). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 26a.

Lau piezatako egitarau distiratsu batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Acosta Danza konpainia kubatarra, hango dantzarien maila bikaina eta Carlos Acostaren nahi eta kezka artistikoak erakutsiz.

Gaualdiko lehen atalari —Satori izenekoari— urdin koloreko oihal handi batean gerritik behera bilduta ekin diote dantzariek. Lau emakume eta lau gizon agertu dira hasiera horretan, eta guztiek bularraldea agerian eramateak primitibismo kutsu nabarmena eman dio piezari. Erritmo kementsu batek lagundu ditu dantzariak erritual itxurako pasarte horretan, eta jainkosa beltza, bere afrikar estetikarekin, puntetan dantzatzen hasi denean antzeman dugu Raul Reinosoren koreografia honek ondo baino hobeto jaso lezakeela konpainiaren izaera.

Pepe Gavilondoren soinu-banda ia sinfonikoak aberastasun handiz irudikatu ditu naturaren baitako izaki ilunen bilakaera, eta gogora ekarri dizkigu Brasilgo Heitor Villa-Lobos edo Egberto Gismonti bezalako konpositoreen pieza indigenistak. Koreografia ere oparoa izan da ideien ugaritasun eta garapenean, baina nire gusturako nolabaiteko izaera deskriptibista nagusitu da dantza hutsaren handitasunaren kaltetan, eta, seguruenik, Kubako yoruba kulturako sinbologiaren ezagutza falta oztopo izan zaigu proposamena era egokian ulertzeko.

Atsedenaldiaren ostean, hiru pieza laburrago etorri dira, eta Pontus Lidbergen Paysage, soudain, la nuit-en Latinoamerikako nekazari giroko igande bateko dantzaldi batean aurkitu gara, gizon zein emakumeen jantzi estilizatuek iradoki diguten bezala. Stefan Levinen eta Leo Brouwerren musikak nolabaiteko tropikalismo garaikidean murgildu gaitu, eta giza paisaia horretan berreskuratu ditugu gazte izatearen poza, dantzatzearen alaitasuna eta gozamen apalek ekarritako betetasuna.

Harrigarriki, Two izeneko pieza laburrean bakarlari aritu da dantzaria —Carlos Acosta bera—, eta, duda barik, gaualdiko une gorena izan da hura taula gainean ikustea. Argi zenital karratu baten pean eta Andy Cowtonen musikak lagunduta, mugimendu geldoekin erakutsi digu bere gihartasuna, energia neurtuaren, malgutasun ikaragarriaren eta presentzia eszenikoaren erakustaldi betean. Ikusleen txalo zaparrada itzela jaso du.

Eta amaierako piezan plastikozko 36 botila handi izan dira protagonista Jorge Crecisen Twelve koreografian. Argi hori-berdexka bana zegoen haien barruan, eta estilo uniformean jantzitako dantzariak Vincenzo Lamagnaren musikan bilduta ibili dira elkarri botilak jaurtiz eta airean harrapatuz itxurazko anabasa koreografiatu batean eta ariketa akrobatiko harrigarriak hortik-handik tartekatuta. Esker oneko pieza izan da, ezin uka, eta berari esker ikusleek gogoz eskertu dituzte konpainiaren etorrera, lau koreografien distira eta dantzari guztien maila gaindiezina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...