Txikienak ere eragin dezake

Giza gorputzean eta animalia batzuetan bizi den bakterio «arrunta» da 'E.Coli'. Uda honetan, zenbait hondartzatan bainua debekatzea ekarri du. Izan ere, gorputzean haren kopurua handituz gero, badago gaixotasunak eragiteko arriskua. Uraren eta elikagaien bidez kutsatzen da 'E. Coli'.

Txikienak ere eragin dezake.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gizakien gorputzean badira ezagutzen ez diren dozenaka, ehunka, milaka mikroorganismo. Baita beste zenbait ere animaliaren gorputzetan. Horietako batzuk ez dira kaltegarriak giza espeziearen osasunarentzat; badira, ordea, patogenoak izan daitezkeen bakterio batzuk. Hau da, osasunean eragin negatiboa izan dezakete, eta, sarritan, gaixotasun zenbait sortzearen eragileak ere izaten dira. Horietako bat da Escherichia coli bakterioa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bainua debekatu du euskal kostalde osoko hondartzetan uda honetan, aipaturiko bakterioa agertu dela eta. Horretarako, uraren kalitatearen ikerketak egiten dituzte.

Miren Basaras mikrobiologoa eta irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hark azaldu du E.Coli bakterioa «arrunta» dela: «Gizakiok digestio aparatuan, hesteetan, arazorik gabe daukagun mikroorganismo bat da, eta beste animalia batzuetan edota ingurumeneko zenbait txokotan ere egon daiteke». Hala ere, hark gaineratu du digestio aparatutik gorputzeko beste atal batera mugitzean «arazoak» sortzeko aukera dagoela. Adibidez, nabarmendu du gernu bidera joanez gero bertako infekzioak sor ditzakeela; batik bat, emakumezkoetan; edo biriketara iritsiz gero pneumonia ere eragin dezakeela. Hala ere, badaude gizakien osasunean kalteak eragiteko beste bide batzuk ere. Ura da horietako bat.

Mikrobiologoak jakinarazi duenez, posible da zenbait animaliak gorozkietan bakterioa kanporatzea, eta, ondorioz, ingurumenean egotea. Dena dela, nabarmendu du kasu horietan ez dela arriskurik egoten. Bestelakoa da egoera, ordea, E.Coli bakterioaren kantitate handiak leku jakin batean pilatzen direnean; esate baterako, ur handitan. Kontxi Onaindia Bizkaiko Ingurumen Saileko arduraduna da, eta hark azaldu du hondartzetan bakterioaren gaineko laginketak egiten direla: «Uda denboraldian itsasoko uraren kalitatearen gaineko azterketak egiten ditugu, eta, gorozki kutsadura dagoela identifikatuz gero, sarritan, E.Coli dagoela antzematen dugu». Uda honetan euskal kostaldeko zenbait hondartzatan debekatu dute bainua, Bizkaitik hasi eta Lapurdiraino. Besteak beste, Mutrikuko Saturraran (Gipuzkoa), Zumaiako Santiago (Gipuzkoa), Miarritzeko (Lapurdi) eta Eako (Bizkaia) hondartzetan debekatu dute bainua denboraldi batez udan.

Gorotz arrastoak, itsasora

Animalien gorotz arrastoak itsasoratzearen arrazoiak zenbait izan daitezke, baina, adituen esanetan, euri jasak izan ohi dira nabarmenenak. «Gehienetan, bakterioa kostaldean agertzean, eurite handiak gertatu direlako izaten da; izan ere, ur zikinak garbitzeko sistemak ez dira aski handiak hainbeste ur kantitate jasotzeko», azaldu du Onaindiak. Eta nabarmendu du, horrelako kasuetan, ur zikinen deposituak gainezka egin, eta zati handi bat araztatu gabe gelditzen dela, ibaietara isuriz. Ondorioz, erreketatik itsasorainoko bidea egin ohi du urak, animalien gorotz arrastoak harekin daramatzala.

Beste batzuetan, aldiz, itsasaldiak ere izan ohi dira eragileetako batzuk. Ingurumen Saileko arduradunak azaldu duenez, marea biziak egonez gero, itsasoko ura mugitzen da, eta, ondorioz, kutsadura agertu daiteke. Esate baterako, Lekeitioko (Bizkaia) Isuntza hondartzan debekatuta egon da bainua asteon. «Isuntza hondartzako azken kasua berezi xamarra izan da, ez baitu eurite handirik egin; susmo orokortuena da itsasgorak izan zezakeela eragina bakterioaren agerpenean».

Halako kasuetan, komeni izaten da uraren kalitatearen inguruko azterketak egitea. Hala egin ezean, Basarasek esan du gaixotasunak eragiteko arriskua dagoela: «Hondartza batean milioika bakterio pilatuz gero, eta, pertsona batek ur hori irensten badu, gorputzean dagoen E.Coli kantitatea handitzen da, eta horrek gaixotasunak eragin ditzake». Egoera hori saihesteko egiten dira laginketak udako denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 21era, astero, bainatzea onartuta dagoen laku eta hondartzetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritza arduratzen da azterketa horiek egiteaz.

Ez gaixotzeko, prebentzioa

«Laginketa ugari egiten ditugu udan; horietan, uraren kalitatea ona dela ateraz gero, bainatzeko aukera dago; emaitza okerragoa bada, laginketa errepikatzen da», esan du Onaindiak. Eta nabarmendu du E.Coli bakterioaren edo beste mikroorganismo baten hazkunde handia antzemanez gero bainua debekatzen dela uraren kalitatea «ona» dela baieztatu arte. Halako kasuetan, eta gaur arte, bandera gorriarekin adierazi izan da debekua. Hala ere, sinbolo berri bat ezarri dute aurten, Europako Batasuneko legedietako batek jasotzen duen lez. Bandera zuri bat da, eta pertsona bat ageri da igeri egiten. Haren gainetik, berriz, debekuaren sinboloa dago ezarrita. Onaindiak azaldu du bi banderekin «argi» adierazten dela debekua ezarrita dagoela.

Badira bi bide E.Coli bakterioak giza gorputzean gaixotasunak sortzeko aukera egon dadin: batetik, ura izan daiteke eragileetako bat; bestetik, elikagaiak. Basarasek esan du gaixotasunak «arruntak» izan ohi direla, baina batzuetan «zailtasunak» egon daitezkeela: «Gaixotasunik arruntena gastroenteritisa da; izan ere, hesteetan dugun bakterioen kopurua hazi egiten da». Hala ere, mikrobiologoak nabarmendu du sindrome bat ere sor dezakeela: Sindrome Hemolitiko Uremikoa.

Giltzurrunetan eragin dezakeen gaixotasuna da aipaturiko sindromea. Hain zuzen ere, organohoriei kalte egiteko arriskua dago, eta, handik, odolaren bitartez, gorputz osora zabaldu daiteke gaitza. Horrek beste organo batzuei kalte egin, eta gaixotasun zenbait sortzeko arriskua areagotu dezake. Hala ere, bakterio motaren arabera kaltegarriagoa izan daiteke ala ez. «E.Coli mota desberdinak daude, eta batzuk beste batzuk baino okerragoak dira; hain zuzen ere, bakoitzak gorputzean dituen geneen arabera eragin bat edo beste izango du», azaldu du mikrobiologoak. Hala ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, %3 eta %5 arteko heriotza tasa du.

Ingurumen Saileko arduradunak prebentzioa izan du gogoan: «Bakterioaren arriskua egonez gero, ikasi behar dugu prebentiboak izaten eta ezarritako neurriei kasu egiten». Beraz, aholkatu du hondartza batean bainua debekatuta egonez gero, eta banderekin ongi seinalatuta baldin badago, hari kasu egiteko. Itsasoan har daitezkeen neurriak ez ezik, badira prebentziorako baliagarriak izan daitezkeen beste zenbait ere.

Basarasek esan du, batetik, «beharrezkoa» dela jaten diren elikagaien gaineko kontrola egitea: «Posible da bakterioen transmisioa elikagaien bitartez gertatzea; batez ere, ur kutsatuarekin garbitzen bada». Eta hori ez gertatzeko zenbait aholku eman ditu. Esate baterako, esan du erdi gordinik jaten diren elikagaiak ondo garbitu behar direla, edota higiene pertsonala zaintzea ere beharrezkoa dela. «Hala ezean, errazagoa izango da mikroorganismoen transmisioa gertatzea», gaineratu du mikrobiologoak.

Hala eta guztiz ere, Onaindiak eta Basarasek argi dute zein den jarraitu beharreko bidea. Adituek, batetik, nabarmendu dute ez dagoela «alarmista» izan beharrik, bakterioa «arrunta» delako. Hala ere, aholkatu dute neurriei kasu egitea, eta esan dute beharrezkoa dela egoera zenbait kontrolatzea. «Hondartza batean bainua debekatuta egonez gero, ezin dugu pentsatu neurri hori gaizki hartuta dagoenik», esan du mikrobiologoak. Are, nabarmendu du pazientzia izan behar dela; izan ere, haren esanetan, hondartzetako kasuetan, debekuak egun gutxi batzuk irauten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.