Noiz sortua: 2020-01-14 00:30:00

Errelatoaren bataila katodikoa

2018ko maiatzean desegin zen ETA, eta orduz geroztik euskal gatazkarekin lotutako zenbait ikus-entzunezko proiektu jarri dituzte martxan telebistek eta plataformek. Datozen hilabeteetan, ETArekin eta gatazkarekin lotura duten bi telesail eta bi dokumental saio estreinatuko dituzte.
Movistar Plusek 1963tik 1968ra arteko ETAren bidea kontatuko du <em>La línea invisible</em> telesailean. Irudi txikian, ezkerrean, Antonio de la Torre aktorea Meliton Manzanas torturatzailearena egiten.
Movistar Plusek 1963tik 1968ra arteko ETAren bidea kontatuko du La línea invisible telesailean. Irudi txikian, ezkerrean, Antonio de la Torre aktorea Meliton Manzanas torturatzailearena egiten. MOVISTAR PLUS

Urtzi Urkizu -

2020ko urtarrilak 14
Euskal gatazkarekin eta ETArekin lotutako ikus-entzunezko lau lan estreinatuko dituzte datozen asteetan: France3k Hipotesi demoratikoa dokumentala; Movistar Plusek La línea invisible telesaila; Amazon Prime Videok El Desafío: ETA dokumental saioa; eta HBOk, Patria telesaila.

Santiago de Pablo historialariaren arabera —Testigo de cargo. La historia de ETA y sus víctimas en televisión liburua idatzi zuen iaz—, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ETAren gaia gutxi jorratu zen telebistan. «2000ko hamarkadatik aurrera, erreakzio bat egon zen, eta dokumentalak egiten hasi ziren, baita fikzioak ere». Historialariaren arabera, orain ETArekin lotutako fikzioek ikusleak erakar ditzakete.

Iñaki Egaña historialariaren iritziz, berriz, «kontakizun bakarra» gailendu da telebista kate handietan. «Hedabideetako iritzi sortzaileek soilik kontakizun mota bat dute, eta ez dituzte beste kontakizun batzuk onartzen». Historialariaren ustez, ikus-entzunezko proiektu horietako gehienek badute funtsean helburu politiko bat: «Kontakizun lehian beren iritzia zabaltzea. Garaileen eta galtzaileen harira, kontakizunean garaile ateratzeko». Ikus-entzunezko lan horietako gehienak plano horretan kokatu behar direla uste du Egañak.

FRANCE 3
36ko gerratik ETA desegin zen arte: 70 elkarrizketa


Prima Luce, Sister Prod, Gastibeltza Filmak eta Irusoin ekoiztetxeak Hipotesi demokratikoa dokumentala egiten ari dira. Euskal Herriko 80 urteko gatazka hartzen du: 36ko gerran hasi eta ETAren desegitearekin amaitzen da. Katti Pochelu Gastibeltzako ekoizlea ekoizpen exekutiboaz ari da arduratzen; azaldu duenez, proiektuak zinemarako dokumentala du —Hipotesi demokratikoa—. Bestetik, France3 telebista kate publikoarentzat egindako lana dago —Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc jaialdian estreinatuko dute, hilaren 23an—. Public Senat kateak ere emango du dokumental hori. «Elkarrizketak badira nazioarteko kate batzuekin. Gaiak interesa piztu du», iragarri du Pocheluk. Gainera, egindako 70 elkarrizketak webgune batean jarriko dituzte, dokumentalak estreinatu ostean.

Egañak aipatutako lau proiektuetan parte hartzeko deia jaso du, eta soilik Hipotesi demokratikoa lanari eskaini dio elkarrizketa. «Lau proiektuen artean, hau da seriotasun gehien ematen didana. Thomas Lacoste zuzendariak armagabetzeari buruz egindako dokumental laburra [La paix maintenant] ezagutzen nuen; horren atzean seriotasun bat dago, eta ez morboa, baizik eta sustraietara iristeko ahalegin bat».

Pocheluk esan duenez, Lacoste zuzendariak argi zuen 36ko gerran abiatu behar zela kontakizuna, «ETAren sorrera ulertarazteko». Egañaz gain, Josu Chueca historialaria ere agertuko da elkarrizketetan. 70 elkarrizketatuen artean, ETAko kideak izandakoak, nazioarteko eragileak —tartean Jonathan Powell, Brian Currin, Koffi Annan eta Gerry Adams—, gizarte zibileko eragileetako ordezkariak, ordezkari politikoak, biktimak, analistak eta abokatuak daude.

Pocheluk gogoratu du Gastibeltzaren eta Irusoinen artean torturari buruzko dokumental bat ari direla lantzen —zuzendaria Ander Iriarte da—.

 



Teaser L'Hypothèse Démocratique VOSTEUS from La Bande Passante on Vimeo.

MOVISTAR PLUS
ETA 1963tik 1968ra, sei ataleko telesail batean


Movistar Plus ordainpeko plataformak Jon Sistiagaren ETA. El final del silencio zazpi ataleko dokumental saioa estreinatu zuen udazkenean. Laster, La línea invisible telesaila estreinatuko du, ETAren lehen urteetan girotutako fikzioa. Protagonista Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagi ohia da. Michel Gaztanbidek gidoilari lanak egin ditu, eta enkarguzko lana izan dela azaldu du: «Ideia Abel Garcia Rourerena izan zen, Isaki Lakuestaren filmetan lan egiten duen gazte batena». Gaztanbidek nabarmendu du hasieran zuzendaria britaniarra izan zela: Peter Webber. «Baina, azkenean, Mariano Barroso sartu zen zuzendari gisa». Gidoilariak iragarri duenez, 1963ko udan hasten da telesailaren trama, eta 1968an ETAk Meliton Manzanas polizia hil zuen arte iristen da. «ETAren hastapenak ageri dira, oraindik borroka armatuari ekin ez zioten garaian. Gero, atentatuekin hastea erabakitzen duten unea azalduko da. Dena den, kontuan hartu behar da fikzio bat dela». Belaunaldi horren erabakian murgilduko da telesaila. «Diktadura gogor bat dago. Zenbait gaztek gauzak aldatzeko beharra ikusiko dute, marra ikusezin bat zeharkatuko dute, eta armak erabiliko dituzte». Gidoilariak, bestalde, logika baten barnean sartu du gaiarekiko interesa: «Gatazka gogor bat amaitu ostean, naturala da gaiarekin lotutako ikus-entzunezko proiektuak sortzea».

Santiago de Pablo historialariak Movistar Plusen proiektuan kolaboratu du, telesailarekin lotuta zabalduko dituzten podcastetan. «ETAren historiari buruzko audio dokumental batzuk izango dira. Testuinguru historikoa emango dugu», azaldu du.

Egañak sumatu du azkeneko urteetan «ekinaldi bat» dagoela esateko ETAren militanteak hasieratik «oso gaizkileak» izan zirela, nahiz eta frankismoaren garaian aritu. «Hor kokatzen dut Movistar Plusen proiektua».

De Pablok, berriz, uste du «narrazio interesgarria» izan daitekeela La linea invisible-rena. «Telesailetan fikzionatu egin beharra dago. Horrek gauzak asmatzea ekarriko du. Hala ere, muga eta marko batzuk mantendu egin behar direla uste dut».

HBO EUROPE
Fernando Aranbururen 'Patria'-n oinarrituta, telesail bat


Fernando Aranbururen Patria eleberrian oinarrituta, Aitor Gabilondo gidoilari eta ekoizleak zortzi ataleko telesail bat eraman du aurrera. HBO plataformak maiatzean estreinatuko du, Europan eta Amerika osoan. «Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du; bestela, ez da benetakoa izango», esan zion Gabilondok BERRIAri martxoan. Bi emakumeren istorioa kontatzen da telesailean: baten semea ETAko kidea da, eta bestearen senarra hilko du tiroz. Elena Iruretak eta Ane Gabarainek jokatzen dituzte bi rol protagonistak.

De Pablok azaldu du eleberriak arrakasta handia lortu duela —milioi bat ale baino gehiago saldu dira—. «Eta irakurle asko egongo dira telesailaren zain». Egañari, berriz, liburua «astakeria hutsa» iruditzen zaio: «Politikoki oso desorekatua da, lerratuegia».



AMAZON PRIME VIDEO
ETA, Jose Antonio Zarzalejosen begiradapean


Amazon Prime Video plataformak El desafío: ETA zortzi ataleko dokumental saioa estreinatuko du uda aurretik munduko 200 herrialdetan. 1968an ETAk egindako lehen hilketatik 2018ko desegitera arte egingo dute kontakizuna. 80 elkarrizketa egin dituzte, eta horien artean Espainiako Gobernuko lau presidente daude. Baita Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak ere. Juan Maria Atutxa Jaurlaritzako Barne sailburu ohia, Rafael Vera Espainiako Segurtasun idazkari ohia eta Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministro ohia ere azalduko dira. Zuzendaria Hugo Stuven da. Baina aintzat hartu behar dena da zuzendari editoriala Jose Antonio Zarzalejos —ABC-ko zuzendari ohia eta Vocento taldeko idazkari nagusi izandakoa— izan dela. Hark gainbegiratu ditu gidoiak eta jarri ditu testuinguruan gertakizunak. Amazonek iragarri duenez, saioan ETAren aurkako operazioetako Guardia Zibilaren irudiak emango dituzte, «inoiz ikusi gabekoak». Lanak ez du off-eko ahotsik izango.

Egañak zuzendutako Euskadi eta Askatasuna entziklopediari (Txalaparta) begia bota zion plataformak. «Eskaini ziguten entziklopediako irudi guztiak erostea, eskubide unibertsalak betirako». Egañak eta proiektuko taldeak ezezkoa eman zuten.

Dokumental saioak erreferentzia gisa hartu du Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibileko koronelak sinatutako Historias de un desafío: cinco décadas de lucha sin cuartel de la Guardia Civil contra ETA liburua. Hain zuzen ere, liburu horretako zenbait paragrafo hitzez hitz kopiatu dituztela kritikatu du historialariak —Gara-ko artikulu batean zehaztu zituen, iaz—. «Ez dute lotsarik, ez ezer».

Beste alde batetik, ETBk ere euskal gatazkarekin lotutako zenbait lan emango ditu. Joan den asteazkenean, esaterako, Lagun y la resistencia frente a ETA dokumentala estreinatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna