UDAKO SERIEA. Elkargoko ordezkari berriak (I).

Sei urte jauzi politikoa egiteko

Lehen kargualdi osoa hasi du Euskal Hirigune Elkargoak. 2026.urtera arte iraungo du, eta kontseiluetan arituko diren hautetsiak ere izendatu dituzte. Erronka frankori erantzun beharko diete sei urtez.

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Bide luzea egin du Euskal Hirigune Elkargoak 2017ko urtarrilean sortu zenetik. Ipar Euskal Herriko 158 herri biltzen ditu instituzioak. Hiru urteko antolaketa fasearen ondotik, lehen kargualdi osoa abiatu zuen uztailean, eta 2026.urtera arte iraunen du. 2020ko herriko bozek finkaturik utzi zuten elkargoko biltzarra —herriko auzapeza hautatzeaz gain, elkargoko hautetsiak ere aukeratu zituzten herritarrek, izan ere—. Herriko bozen bigarren itzulia ekainean egin ondotik, uztailean hasi ziren biltzarreko 233 hautetsiak elkargoaren lehen kargualdi osoarekin.

Aurreko hiru urteetan bezala, Jean Rene Etxegarai izendatu zuten lehendakari, eta, geroztik, elkargoa osatzen duten kontseilu guztietako ordezkariak ere izendatu dituzte. Uztailaren 31n, erraterako, kontseilu eraginkorrean parte hartuko duten 34 ordezkariak hautatu zituzten: hamabost lehendakariorde, hamar lurralde arduradun eta bederatzi kontseilari tematiko. Politika publikoak kudeatuko dituzte ordezkari horiek hemendik aitzina. Bestalde, kontseilu iraunkorreko 72 hautetsiak ere hautatu zituzten. Hamabost lehendakariordek eta beste 57 hautetsik osatzen dute kontseilu iraunkorra. Joan diren hiru urteetan egituraketa eta antolaketa lanak izan dituzte erronka nagusiak. Hemendik aitzina, berriz, politika publikoak garatzea dute helburu hautetsiek. «Administraziotik politikarako jauzia» egiteko asmoa azaldu dute gehienek, eta baliteke heldu diren sei urteetan jokatzea partida.

Herriko bozen emaitzen ondorioz, hautetsi berri batzuk sartu ziren elkargora. Hala, kide berriak sartu dira kontseilu iraunkorrera eta kontseilu eraginkorrera. Aldaketa nagusien artean, lehen lehendakariordea: Renee Karrike Idauze-Mendiko (Zuberoa) auzapeza izanen da; euskalduna, emakumea, eta barnealdekoa. Bestalde, joera abertzaleko hautetsiek tokiak hartu dituzte kontseiluetan; Daniel Olzomendik, Bruno Karrerek, Filipe Aramendik eta Antton Kurutxarrik, besteak beste.

Aurreko hiru urteetan bezala, hutsunerik handiena parekidetasuna izanen da. Biltzarreko 233 hautetsietatik 71 dira emakumeak; hots, hirutik bat ere ez. Gainera, kontseilu iraunkorreko 72 hautetsietatik 25 dira emakumeak, eta kontseilu eragileko 34 kideetan zortzi emakume dira bakarrik. Elkargoaren instantzia bakar bat ere ez da parekidea izanen ondoko sei urteetan.

Eztabaida sortu zuen gaiak kargualdiko lehen bilkuran. Emakume batek baino gehiagok hartu zuten hitza gobernantza itunean parekidetasun handiagoa lortzeko eskaera eginez. Hitza hartu zuten gizon gehienek eskaerarekiko adostasuna erakutsi zuten, baina praktikan ezinezkoa zela erran.

Azkenean, parekidetasunera buruz joatea onartu zuten aho batez, eta, batek baino gehiagok galdetu baitzuen, laster beste eztabaida bat antolatuko dute gobernantza akordioa berrikusteko.

Uztaileko lehen bileran, hizkuntzaren gaia ere mahai gainean ezarri zuten. Euskarazko irakaskuntza babesteko mozio bat proposatu zuen Etxegaraik. Izan ere, akademia errektoretzak debekatu egin du Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan murgiltze ereduaren esperimentazioa ezartzea, eta, horren aitzinean, elkargoko hautetsiek aho batez onartu zuten babes mozioa.

Erronkarik ez zaio falta elkargoari. Arloz arloko ordezkariekin eginiko elkarrizketa sorta bat kaleratuko du BERRIAk aste honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.