UDAKO SERIEA. EAJk 125 urte (eta V). Urteurren ekitaldia.

Urteurren berezia abagune berezirako

Koronabirusaren izurriteak baldintzatu ditu EAJren 125. urteurrenaren ospakizunak; ekitaldi politikoan, EBBko presidente Ortuzarrek esan du «Euskadi nazioa» dela, eta ez «autonomia erkidego arrunta».

Andoni Ortuzar hizlari, Sabino Aranaren irudiaren ondoan, atzoko ekitaldi politikoan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Atzokoa ez zen izan EAJk bere 125. urteurrena ospatzeko pentsaturik zeukan ekitaldia. Alderdiaren asmoa zen uztailaren 11n eta 12an VIII. Batzar Nagusia egitea Bilboko Euskalduna jauregian, eta han, estatutuetan egin beharreko aldaketak egiteaz gain, zuzendaritza berriztatzea. Hiru aste geroago, 125. urteurrena merezi bezala ospatu; eta, irailean, Alderdi Eguna egitea. Horrekin, tanga erregaiz ondo hornitu eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erronkaz beteriko legegintzaldi berriari gogoz ekin nahi zioten, PSE-EErekin erdietsitako gehiengo osoak ematen duen lasaitasunarekin.

Pandemiak hankaz gora bota ditu asmo guztiak. Hori nabaria izan zen atzoko ekitaldian: ohi baino jende gutxiago egon zen, denak eserita, eta segurtasun tarteari eutsiz. Bilboko Albia lorategiko zoruan seinaleak ezarri zituzten 1,5 metroren aldea gordetzen laguntzeko, eta denek maskara jantzita eraman zuten. Denek, txistulariek izan ezik, noski: haiek plastikozko estalki garden horietakoak zituzten jotzen zuten bitartean.

Iñigo Urkullu gabe

Eguerdian abiatu zen Sabin Etxetik Albia lorategiraino EAJren buruzagi eta hautetsien segizioa. Aurreko urteetan baino gutxiago ziren, baina, hala ere, han egon ziren, EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Itxaso Atxutxa BBBko presidentea eta Koldo Mediavilla EBBko kidea, besteak beste. Nabarmena izan zen Iñigo Urkullu lehendakariaren hutsunea, azken orduan Donemiliaga Kukulan (Espainia) egitekoa zen bilkurara joan baitzen.

Albia lorategian, ohiko usadioari ekin zioten: ume batzuek lore sortak jarri zituzten Sabino Aranaren irudiaren oinetara, eta dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zuen. Gero, Sebastian Lizaso bertsolariak Sabino Arana goraipatu zuen hiru bertsotan: «Gezurrarekin etsai izan zen/ egien adiskidea/ haren esanak, haren izanak/ zabaldu zuen bidea».

Ekitaldi politikoan, Ortuzar aritu zen hizlari, eta, nabarmendu zuenez, duela 125 urte Sabino Aranak, «Euskadi nazio gisa askatzeko tresna» ez ezik, «abertzaletasun antolatua» ere sortu zuen. «Abertzaletasuna gurekin sortu, hasi eta hazi egin zen. Gu ez gara erakunde abertzale bakarra, baina inork ez du guk baino legitimitate handiagorik esateko Euskadi dela euskotarren aberria», gaineratu zuen.

Ortuzarrek sutsu defendatu zuen EAJren izaera abertzalea «nor den abertzalea eta nor ez ebaztera ausartzen direnen aurrean». «Euskadin ez dago ibilbide abertzale handiagoa edo hobea egin duenik. Egongo da, asko kostata, EAJkoak bezain abertzale denik, baina abertzaleago, ez», esan zuen Ortuzarrek.

Aldebikotasunaren alde

Ortuzarrek «goraintziak» bidali zizkien Bilbon bildutakoei Urkulluren partetik, eta azaldu zuen zergatik zegoen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako autonomia erkidegoetako presidenteen atzoko bilkuran: «Espainiako Gobernuak nahi zuen gu bilkura aldeaniztun batera joatea, aldebiko konpromisoak hartu aurretik». Ortuzarren esanetan, Espainiako Gobernuak «amore» eman du, eta, horregatik, «aldebiko harremana» berreskuratuta, bilerara joatea erabaki du Urkulluk: «Lehen, aldebiko harremana; gero, parte hartze aldeaniztuna».

Ortuzarrek uste du Espainiako Gobernuari «argi» geratu zaiola zergatik defendatzen duten jeltzaleek aldebiko harremana: «Euskadi ez da beste autonomia erkidego bat. Euskadi nazio bat da, eta, itun politiko baten eta ordenamendu juridiko baten bitartez, autogobernu erregimen berezia du».

Pandemiak utzitako egoera sozioekonomiko larria ere ekarri zuen gogora EBBko lehendakariak, eta, jeltzaleen azken hauteskunde kanpainaren goiburua ahotan hartuta, esan zuen «Euskadik zutik jartzea» lortuko duela, baina horretarako «lan eskerga» dagoela egiteko, «alderdian eta kanpoan, erakundeetan eta kalean». Eusko abendaren ereserkia abestuz amaitu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.