Albistea entzun

Laurent Pasquet-Marinacce. Josu Urrutikoetxearen abokatua

«Ez da irreala instrukzio epaileak ez auzipetzea»

Egoitz eta Josu Urrutikoetxearen abokatuak Frantziako Justiziak euskal militanteei eman dien trataera gaitzetsi du, eta prozedurei buruzko argibideak eman ditu.
CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko irailak 21

Zorrotz mintzatu ohi da epailearen aitzinean, anitzetan ironia puntu batekin. Laurent Pasquet-Marinacce (1970, Roazhon, Bretainia) azken bi urteetan Josu Urrutikoetxearen kontrako afera judizialetan ziren prozedura akatsak agertzen aritu da, lehenago Egoitz semearekin bezala. Bi urte hauetan izandako gorabeherak aztertu ditu, gertatutakoari buruzko argibideak eta gogoetak emanez. Urteetan zehar, euskal militanteen kontrako trataera judiziala «biziki bidegabea» izan dela uste du, baina ez du baztertzen instrukzio lanaren ondotik epaileak Urrutikoetxea ez auzipetzeko erabakia hartzea. Prozedura judizialaren zorroztasuna errespetatzearen beharra azpimarratu du.

Egoitz eta Josu Urrutikoetxearen kasuak instrukziora itzuli behar izatea lortu duzue. Ez da ohikoa. Nola esplikatzen duzu?

Esplikazioa aski ebidentea da. Badakit, esperientziaz, akusazio agirien idazketan instrukzio epaileek orokorrean duten zorroztasun maila aski apala dela. Eta ez doakie euskal aferei bakarrik. Denbora joan ahala ohartu naiz biziki guti direla gauzak zorroztasunez lotzen entseatzen ziren instrukzio epaileak, bakoitzak jakin zezan zehazki zer leporatua zaion, justiziaren aitzinean ahalik eta epaiketa orekatuena ahalbidetzeko. Akiduraren eragina ote da, aseak ote dira, alferkeria baten eragina ote da, edo konfiantza falta bat prozesu penalean idatzizkoak duen garrantziari buruz... Pentsatzen dut horiek guziak nahasten direla pixka bat. Baina, anitzetan ikusten da. Auzipetzeak bertan behera uztea, auzipetzeen irregulartasunak, gure kabinetean oso erregularki lortzen dugun zerbait da. Gero, arraroa da akatsak hain nabarmenak izatea. Hori gertatu da Josu eta haren semearekin: auzipetze guziak irregularrak zirela erran dute. Eta, batzuen kasuan, behin baino gehiagotan.

Josu Urrutikoetxearen kontrako akusazioa zehaztu beharko du orain instrukzio epaileak. Zer leporatzen ahal diote?

Nire ustez, biziki zaila izanen da. Dosierrak oso ahulak dira froga elementuei dagokienez. Horregatik jo zuten errugabe joan den irailaren 1ean. Zigor Auzitegiak kontsideratu zuen dosierrean ez zegoela elementurik Josuk ETAren barruan rol aktibo bat izan zuela modu objektiboan errateko.

Zergatik?

Uste dut haren desegitea aitzineko urteetan ETA erakundeak zuen errealitate konplexua ulertzen saiatu direla. Eta ikuspegi horretatik, uste dut zinez epai hau ezohikoa dela, eta baduela Josuren kasutik harago doan eragin bat. Seguruenik beste epaitegi batzuk horretatik inspiratu daitezke, beharbada baita atzerrian ere, gatazka armatu baten konponbidean.

Beraz, zer akusazio?

Biziki elementu material gutxi dago. Hatz markak eta DNA aztarnak dira nagusiki, pentsatzera eman dezaketenak momentu batean Josu leku horietan egon zela. Horrek presentzia bat frogatzen badu ere, ez du frogatzen zertan ari zen. Genevako bake negoziazioen aurreko garaia izaki, ezer erakusteko froga elementu eskasegiak dira. Baina, auzi honetan, Parisko Dei Auzitegiak kontsideratu du, guk eskatzen genion gisan, ez zela soilik auzipetze agindua irregularra, ahulegia zelako. Kontsideratu du Josuren kontra ezarritako atxilotze agindua bera zela pobrea.

Esplikatzen ahal duzu?

Labur egiteko: pertsona bat ihesean ez badago, eta epaileak kontsideratzen badu ezer leporatzen ahal diola, akusaziopean ematen du; errezibitzen du, eta erraten dio elementuak dituela pentsatzeko arau hauste bat egin duela. Informatua da, eta, beraz, badu bere defendatzeko eta esplikazioak emateko aukera. Dokumentu eta ikerketa gehigarriak eska ditzake, eta prozeduraren irregulartasuna ere agerian eman dezake. Pertsona akusaziopean eman ondotik epailearen iritzia indartua bada, Zigor Auzitegiaren aitzinera bidaltzen du.

Josu Urrutikoetxea klandestinoki bizi zen.

Pertsona ez badago hor, kontsideratzen bada ihesean dela, bere kontrako atxilotze agindua ematen du. Bilatze agindu bat da hasieran: pertsona bilatu behar da, eta bilaketak egin direla frogatu behar da. Ezagutzen den bere azken helbidera bidali behar zaio jakinarazpena; ez bada hor, ez da hor. Ikerketa nahikoa egin delarik ustez ihesean den pertsona hori aurkitzeko, pertsona hori akusaziopean emana da. Eta, beraz, auzitegi aitzinera bidal dezakezu. Leporatzen zaionari buruz zehaztasun eskakizun handia dago inor akusaziopean ezartzen denean; argiki esplikatu behar zaio. Josuren kasuan, atxilotze agindua irakurtzean, ezinezkoa zen jakitea zer leporatua zitzaion. Biziki formulazio abstraktua zen, biziki generikoa, gaizkile elkarte terrorista baten kalifikazio bat zena. Josuri erraten zioten, funtsean, data eta leku jakin batean gaizkile elkarte terrorista bat osatu zuela.

Legeak nola definitzen du hori?

Badira prestaketa ekintzak, bada helburu terroristak dituen talde bateko kide izatea... Hor, ez genekien zein zen proiektu terrorista, eta ez genekien ere zein talde terroristako kide izatea leporatzen zioten. Erran behar da auzipetze aginduan zehaztua zela ETAko kide izatea leporatzen zitzaiola. Baina guk erraten dugu Josu Urrutikoetxeari ere hori esplikatu behar zitzaiola, eta, negoziazio batzuen aitzineko garai berezia izanik, erran behar zitzaion ere zergatik ETAko kide izatea arau hauste terrorista den. Parisko Zigor Auzitegiko 16. salak 2011-2013 garaiarentzat erran duen bezala, guk kontsideratzen dugu 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zitekeela borroka armatuaren bukaerari ekarpena egiteko. Anbizio handia dugu, eskakizun handia. Baina, asumitzen dugu.

Posible da kasua artxibatzea eta inoiz ez epaitzea?

Auzitegiak erabaki du auzipetzeko agindua ez ezik, akusaziopean emateko agindua bera ere irregularra dela; beraz, dokumentua hutsetik berriz hartu behar dute. Konbokatu behar dute akusaziopean emateko, eta esplikatu behar diote zer leporatzen dioten. Esplikazioak ematen ahalko ditu, egiaztatze osagarriak eskatzen ahalko ditu lekukotasunak adibidez, eta ikerketa lan hori burutua izanen delarik baizik erraten ahalko du instrukzio epaileak nahikoa elementu baduela auzipetzeko. Josuk esplikazioak emateko asmoa du, defendatuko da. Eta elementu berri horiekin, ez da irreala instrukzio epaileak ez auzipetzeko erabakia hartzea.

Badu bi urte pasa Urrutikoetxearen defentsan ari zaretela. Zer irakaspen eta ondorio ateratzen dituzu?

Bada hipokrisia anitz prozedura judizial hauek eramateko maneran. Badira elementu anitz autoritateek ezagutzen dituztenak, eta egoerari konplexutasuna ekartzen diotenak. Eta horietako batzuk Egoitzen eta Josuren aldeko elementuak izan daitezke. Baina ez dira dosierrean integratuak. Eta Josuren kasuan larriagoa da: alde batetik, solaskide legitimo gisa aitortua izan da, elkarrizketarako, borroka armatuari amaiera ematen saiatzeko; hori Espainiari dagokio. Eta, bestetik, Frantziako Justizia instituzioa erabilia izan da, bera hor egon gabe, jarduera horri buruz auzitan ezarria izateko. Zinezko iruzur bat da, engainua. Ezin dugu irudikatu frantziarrak ez zirela informatuak Josu Urrutikoetxeak garai hartan jokatu zuen rolaz. Ez diot egia guziaren jabe naizenik, bere konplexutasunean, baina segur dena da Frantziako Justizia instituzioa bere osotasunean tresna gisa erabilia dela Josu Urrutikoetxeari presio egiteko. Eta, azkenean, epaileak ongi moldatzen ziren garaian bera hor ez egoteaz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Urriaren hemezortziko adierazpena

Ezker independentistak ETAren biktimei adierazi die haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar»

Edu Lartzanguren - Jon O. Urain

Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek agerraldi solemnea egin dute, Aieteko jauregian, Donostian, Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren harira mintzatzeko.

Brian Currin, larunbatean Baionan eginko ekitaldian. ©Bob Edme

Ezker abertzalearen adierazpena «iraultzailea eta funtsezkoa» dela esan du Brian Currinek

Edu Lartzanguren

Nazioarteko artekariak adierazi du espero duela alde guztiek «bake iraunkorrerako eta adiskidetzerako urrats esanguratsu gisa» hartzea adierazpena.

Maixabel Lasa hizketan, atzo, Madrilen. ©Emilio Naranjo / EFE

Maixabel Lasa: «Orain PSOEk GALi eta beste gauza batzuei buruz zerbait esan behar duela uste dut»

Paulo Ostolaza

Lasak eta Maria Jauregik txalotu egin dute EH Bilduk eta Sortuk gaur esandakoa. Lasaren arabera, «aspaldi espero zuen mezua» da.

Agus Hernan, Aieteko Konferentziaren 10. urteurreneko hitzaldietako batean. ©Jon Urbe / Foku

Foro Sozialak adierazpenari «dagokion balioa» emateko eskatu die gainontzeko eragileei

Berria

EH Bilduk eta Sortuk gaur emandakoa «urrats garrantzitsua eta beharrezkoa» dela gehitu du. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.