Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena (IV) Liburutegia.

Liburutegia, izana izenda dadin

Txillardegiren «memoria gordetzeko» asmoz, Donostiako udal liburutegia 'Txillardegi liburutegia' izendatzeko sinadura bilketa bat abian dago. Zenbait iritzi bildu ditu BERRIAk, jakiteko ea zergatik merezi duen hori.

Txillardegi. Jose Luis Alvarez Enparantza, 2010eko urrian. J. URBE / FOKU.
Olatz Artola Apeztegia - Lara Madinabeitia Nanclares - Oihane Puertas Ramirez
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Izenik ez duenak izanik ez duela dio esaerak, eta, beraz, izendatzen ez den hori ez zaie ondorengo belaunaldiei transmititzen. Batzuen ustez, horixe bera gertatzen da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin. Ane Labaka idazle, bertsolari eta sortzailearen arabera, esaterako, Txillardegiren lanaren edota osotasunaren «zatitxo bat» baino ez da transmititu, eta hori «hautu politiko» bat izan dela uste du. Harkaitz Cano idazlearen aburuz, gainera, hori aldatzea euskal gizartearen eginkizuna da: «Izan, bada Txillardegi, eta guri dagokigu izena ere izan dadin». Hori lortzeko modu bat da, esaterako, Donostiako udal liburutegi nagusia Txillardegi liburutegia izendatzea.



Duela hamar urte, Txillardegi zendu zenean egin zuten liburutegia Alvarez Enparantzaren ezizenez izendatzeko lehen aldarria, haren «memoria gordetzeko» eta egindako lanari «aitortza» emateko helburuarekin. Ekinaldia, ordea, ez zen aurrera atera, «garai hartako testuinguru politiko mikaztua tarteko». Orain, haren hamargarren urteurrenaren harira, berriro ekin diote sinadurak biltzeari. Helburua da «ahalik eta sinadura gehien» biltzea, Donostiak Txillardegi liburutegia izan dezan. Zenbait pertsonarekin izan da BERRIA, jakiteko ea haien ustez zergatik merezi duen Txillardegik Donostiako liburutegi nagusia horrela izendatzea.

ANE LABAKA Idazle, bertsolari eta sortzailea

«Txillardegirekin dagoen zor hori kitatzeko modu bat izango litzateke»

Izendatzen ez den hori ez dela existitzen «gero eta argiago» du Ane Labaka idazle, bertsolari eta sortzaileak, baita transmititzen ez denaren atzean «erabaki politiko batzuk» daudela ere: «Horregatik, adibidez, hainbeste eta hainbeste emakumeren ikusezintasuna». Labakak uste du Txillardegiren kasuan ere hautu bat izan dela «hurrengo belaunaldioi» haren ibilbidea eta lana osotasunean ez transmititzea: «Badaukat sentipena, nolabait, berak egin zuen lan guztia, ibilbidea edo bere osotasun hori kimatua izan dela».
Bertsolariaren aburuz, Alvarez Enparantzak ez du jaso «merezitako» aitortza. Hiriko paisaia eta horrek transmititzen duen guztia «oso garrantzitsua» dela uste du Labakak: zein izen daramatzaten plazek edo kaleek, adibidez.
Donostiako udal liburutegi nagusiari Txillardegi izena jartzea, beraz, haren historiarekin eta memoriarekin dagoen «zor hori kitatzeko» modu bat izango litzatekeela deritzo; «sinbolikoki ere oso keinu polita» izango litzatekeela.

HARKAITZ CANO Idazlea

«Udaletxe zenak bere baitan biltzen ditu Txillardegiren bi pasio»

Aitortzarako «lehenbiziko pausoa» ezagutza litzatekeela uste du Harkaitz Cano idazleak. Haren arabera, «agerikoa» da Txillardegik ez duela «merezitako aitortza» jaso, eta horretarako «garaia» dela pentsatzen du.
Idazlearen aburuz, Txillardegik zenbait merezimendu egin zituen Donostiako liburutegia haren izenez izenda dadin: «Euskara batuaren oinarria jartzea eta euskal literatura modernitatera ekartzea aski ez balitz, Txillardegik hiriarekin izan zuen lotura aipatuko nuke». Izan ere, Alvarez Enparantzak idatzi zituen, besteak beste, Donostiako Santa Klara uharteari eta Antigua auzoari buruzko liburu bana. Horrez gain, Txillardegi «auzotarra» ere izan zela nabarmendu du idazleak; Antiguan pasatu baitzituen «hainbat eta hainbat urte».
Canoren arabera, gainera, «zentzu bikoitza» du Donostiako liburutegiari Txillardegi izena jartzeak, eraikina nolabait Txillardegik «habitatua» izan delako. Izan ere, udaletxe zenak bere baitan biltzen ditu haren bi pasio: politika eta kultura; literatura.

DANELE SARRIUGARTEIdazle eta itzultzailea

«Txillardegiren eragina hitz egiten dugun hizkuntzan berean dago»

«Txillardegiren kasuan esango nuke baduela izana, nahiz eta liburutegiari ez dioten jarri oraindik haren izena», adierazi du Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak. «Eroso eta pozik» sentitu zen egitasmoaren berri izan zuenean: «Liburutegi bati izen hori jartzea guztiz zentzuzkoa iruditzen zait». Hala ere, nabarmendu du izendegiari dagokionez badaudela «beste hausnarketa batzuk» egiteko; elementu «pila bat» daudela hor.
Sarriugarteren ustez, Txillardegiren eragina «hitz egiten dugun hizkuntzan berean» dago, baita haren liburuetan ere. Besteak beste, horregatik uste du oraindik «jende askok» oroitzen duela, baina, azaldu duenez, liburutegia haren izenarekin izendatzea «beste pauso bat» izango litzateke, baita «beste izan batzuei» tokia egiteko bidean ere.
Sarriugarteren arabera, ekinaldia aurrera ateratzea «keinu indartsua» izan daiteke. Hala ere, adierazi du «keinu hutsala» izan daitekeela horrekin batera ez badatoz «beste gauza asko».

ITZIAR ITUÑOAktorea

«Agintariek Txillardegiri ez diote sekula eman merezitako aitortza»

Erakunde ofizialetatik Txillardegi ez izendatzeko eta bazter batean edukitzeko «ahalegin handiak» egin dituztela uste du Itziar Ituño aktoreak; hala ere, pentsatzen du herriak eta herrigintzak dagoeneko «izendatuta» daukatela.
Ituñok adierazi duenez, Txillardegik «ondare izugarria» utzi du euskara batua sortzean eta literatura modernoan. Nabarmendu du hala eta guztiz ere agintariek ez diotela «sekula» eman merezitako aitortza: «Sekulako ondarea utzi digu, baina ez zaio lekurik utzi».
Horrekin batera, uste du Donostiako liburutegiari haren izena jartzea «ondo merezita» daukala; «beste guztia beto politikoa izango litzateke».

TXERRA RODRIGUEZSoziologoa

«Herri mugimenduak izendapen hori eskatzen du»

Bizi izan zen bitartean zein hil ondoren Txillardegi «pertsona deserosoa» izan zela uste du Txerra Rodriguez soziolinguistak. Horregatik agian, ez du jaso «merezi duen» aitortza: «Txillardegik asko eman zion herri honi eta herri honen garapenari, eta ez dut uste ari denik jasotzen merezitakoa». Rodriguezen aburuz, ez dira kontuan hartu Txillardegiren ekarpen zientifiko eta teorikoak, ezta haren ekarpen politikoak ere: «Uste dut aitortza handiagoa behar eta merezi duela».
«Ez dakit merezi duen edo ez duen merezi Udal Liburutegiak haren izena eramatea», adierazi du. Hala ere, «argi» dauka herri mugimenduak hori eskatzen duela, eta horrekin bat egiten du. Merezi edo ez, liburutegiaren izendapena Txillardegiri aitortza emateko modu bat izan daitekeela uste du. Baina aitortza hori emateko «beste bide edo modu batzuk» ere egon daitezkeela adierazi du.
Rodriguezen ustez, baina, Txillardegiri egin dakiokeen «aitortzarik handiena» da hark egindako ekarpen guztiak «egunerokora eta eguneroko praktiketara» ekartzea.

IRATI JIMENEZ Idazlea

«Euskararen eta geure batasunaren lehen arkitektoa izan zen»

Irati Jimenez idazlearen ustez, Txillardegiri ez zaio eman bere «izenak eta izanak merezi duten lekua», eta, «zalantzarik gabe», aitortza bat «egin behar» zaiola pentsatzen du, baina ez daki zein izango litzatekeen «merezi» duena.
Jimenezentzat, «euskararen lehen arkitektoa» izan zen Txillardegi: «Baita geure batasunaren lehen arkitektoa ere». Horregatik, esate baterako, «mereziko» luke liburutegiaren izendapena. Baina, idazlearen ustez, badira horretarako beste «horrenbeste» arrazoi: euskaran eta euskal literaturan eta nazioan izan duen lekua; haren «eredu humanoa»; konpromiso politikoa; eta «gizontasun eta gizatasun» eredua.
Txillardegiri leku hori ematea, gainera, euskal gizarteari «opari» bat egitea izango litzatekeela uste du.

AIZPEA GOENAGA Aktore, gidoilari eta zuzendaria

«Ekarpen ikaragarriak egin zizkion euskarari eta euskal kulturari»

«Herri honetan ez geundeke hemen Txillardegik eta beste hainbat eta hainbat jendek egindako lanari esker ez balitz, eta askotan ahaztu egiten zaigu eskertza hori ematea», azaldu du Aizpea Goenaga aktore, gidoilari eta zuzendariak. Horrela, uste du «esker onak emateko garaia» iritsi dela.
Goenagaren arabera, Txillardegik ekarpen «ikaragarriak» egin zizkion euskarari eta euskal kulturari; «hori ahaztezina da, eta balioa eman behar zaio, zalantzarik gabe». Baina, azaldu duenez, «oraintxe bertan» haren ibilbide eta jarrera politikoa «mingarria» izan daiteke «halako espazio publiko baten izena eramateko». Hala ere, Txillardegiren ibilbide kulturala eta egindako ekarpen linguistikoa «ikaragarria» dela uste du Goenagak: «Berak egin zuen sekulako lana euskara batua aurrera eramateko».

Bihar: Maria Jose Azurmendiren eta Xabier Isasiren iritzi artikuluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.