Urkulluk dio Osakidetzan badirela «arazoak», baina krisi larririk ez

Sagarduik esan du ez dela zerbitzurik kenduko Donostialdeko ESItik, eta auziak ez duela eragingo herritarren osasun arretan. Oposizioak Osasun Sailari egotzi dio erabakiak «alde bakarrez» hartzea

Gotzone Sagardui, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzan «arazoak» egon badaude, baina krisi larririk ez. Gidoitik atera gabe eta orain arte emandako azalpenak berretsita mintzatu dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua duela bi aste Donostialdeko ESIko zerbitzuburuekin piztutako ika-mikaren inguruan. Oposizioko talde guztiek egindako galderak erantzun dituzte Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, baina kritikak uxatu egin dituzte, eta argibide gutxi eman dituzte auziari dagokionez.

Osakidetzan «zailtasunak eta arazoak» egonda ere, arduradunengan eta profesionalengan «konfiantza osoa» du lehendakariak, eta baikorra da auzia soluziobidean jartzeko aukerarekin. «Denok bat egiten dugu osasun zerbitzua hobetzen jarraitzeko xedearekin, eta denon artean bideratuko ditugu konponbideak». Donostialdeko ESIan gertatutakoari garrantzia kentzen ahalegindu da Urkullu, eta azpimarratu du erakundeetan «maiz» gertatzen direla kargugabetzeak, aldaketak eta dimisioak; Donostia ospitalean gertatutakoa ere horrela ulertu behar da, haren iritziz.

«Hazkunde krisi batean» dago Osakidetza, lehendakariaren esnetan: sistemak pandemiaren ajeak nozitzen ditu oraindik, eta aurrean dituen erronkei behar bezala heltzeko eta estrategia bideratzeko gogoeta prozesu batean murgildurik dago. Haatik, Urkulluk ziurtatu du egoera honetatik «indartua» aterako dela eta «sarean» lan eginda lortuko dutela Osakidetza zerbitzu «integratu eta koordinatua» izatea. Era berean, Urkulluk babestu egin du Sagarduik aferaren inguruan egindako kudeaketa.

Donostia ospitaleko zerbitzuburuak kargutik kendu izanak ez du eraginik izango herritarrek jasoko duten osasun zerbitzuan. Ideia horretan behin baino gehiagotan jarri dute azpimarra. Sagardui: «Herritarrek guztiz normal eta betiko kalitatearekin jasotzen dute arreta». Urkullu: «Ziur nago egoera honek ez duela eraginik izango herritarrengan, besteak beste, hori delako profesionalen lehentasuna».

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek salatu izan dute Osasun Sailak ospitaleko hainbat zerbitzu zentralizatzeko asmoa duela, baina Sagarduik ziurtatu du ez dela egingo halakorik. Azaldu du ez dela egon Donostia ospitaleko zerbitzuak beste toki batera aldatzeko asmorik; kontrara, esan du agerikoa dela sailak ospitale horren alde egiten duen apustua, eta minbiziari aurre egiteko zerbitzuak jarri ditu adibidetzat. Gogoratu du Donostia ospitalean ezarriko dela minbiziari aurre egiteko teknika aurreratu baterako unitate berria, eta 60 milioi inbertitu direla horretan.

Sagarduiren esanetan, kontratazioarekin, lan eskaintza publikoarekin eta euskara planarekin dute zerikusia, besteak beste, Donostia ospitaleko osasun profesionalen mobilizazioen atzean dauden arrazoiek. Zuzendaritza berriaren errelebo prozesua datozen egunetan amaituko dela esan du, eta sortutako krisia laster bideratzea espero duela.

Urkulluk eta Sagarduik «neurriz kanpokotzat» jo dituzte oposizioaren kritikak eta Osakidetzaren egoeraren inguruan egindako gogoetak. Haatik, Osasun Sailaren kudeaketa jomugan izan dute oposizioko taldeek, nahiz eta aurreko egunetan baino tonu apalagoan aritu diren. Soilik PP+C's taldeak eskatu du Sagarduiren dimisioa.

EH Bilduk, EP-IUk, PP+C's-k eta Voxek aho batez salatu dute Osakidetzako zuzendaritzaren kudeaketa «bertikala» eta «iluna» dela , eta Osasun Sailari erabakiak «alde bakarrez» hartzea aurpegiratu diote. EH Bilduren izenean, Rebeka Uberak adierazi du Osakidetzak «egiturazko arazoak» dituela, eta Donostialdeko ESIan gertatu dena «sintoma bat» besterik ez dela. Astelehenean batzartuko dira Donostia ospitaleko eta Osakidetzako buruak, baina Uberak ohartarazi du bilerak ez duela konponduko egoera: «Aldaketa sakonak behar dira. Osakidetzako zuzendaritzak egiteko moduak aldatu ezean, Osakidetzako zuzendaritza aldatu behar da».

Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Miren Gorrotxategik Osasun Sailaren «gardentasun falta» deitoratu du. Uste du arazoaren muina ez dela pertsona jakin batzuenganako konfiantza falta, baizik eta Osasun Sailak antolaketaren inguruko erabakiak «adostasunik gabe» hartzea. Laura Garrido PP+C's-ren legebiltzarkideak, berriz, Sagarduiri galdegin dio «erantzukizunak» bere gain hartzea.

Asteleheneko bilerari so

Bestalde, Donostialdeko ESIko ehun bat zerbitzuburu eta medikuk batzarra egin zuten atzo goizean, Osakidetzaren zuzendaritzarekin etzi izango duten batzarra prestatzeko. Uste dute hartu-eman hori «abiapuntua» izango dela krisiari irtenbidea emateko, eta argi utzi dute jarrera «eraikitzailearekin» joango direla. Batzarra amaitzean komunikabideei egindako adierazpenetan, baikor agertu ziren asteleheneko bilerari buruz, «elkarrizketa» hasteko urratsa izan daitekeelakoan.

Argitu zuten egindako eskariak ez direla soilik zerbitzuburuenak, langile guztienak baizik, eta bat eginda daudela protestan. Iragarri zutenez,«gardentasuna» eta arduradunen inguruko ebaluazioa eskatuko diote Osakidetzako zuzendaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.