Hitzaz eta aitortzaz

Euskal Herriko gatazkan izandako indarkeriez, minez, isiltasunez eta erreparazioez mintzatu dira bost emakume, Sarek eta Bake Bideak antolatutako mahai inguru batean. Gorrotoa alboratzera deitu dute.

Ezkerretik eskuinera, Rodero, Benito, Diaz, Muruetagoiena, Galardi eta, atzeko pantailan, Lluch. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Rosa Roderorentzat zauriak sendatzeko modu bat izan da solasa. Joseba Goikoetxea senarra hil zion ETAk 1993an, eta bi urtera hasi zen beste biktimekin elkartzen: «Ia ezkutuan ibiltzen ginen. Garai hartan pentsaezina zen ETAren biktima batek GALen edo Poliziaren biktimekin hitz egitea. Ohartu ginen elkar lagun genezakeela diferenteak izan arren; lezio bat izan zen». Denbora gehiago behar izan zuen Tamara Muruetagoienak Esteban aitaz mintzatzeko; 1983an zendu zen, Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu ostean: «Zaila izan zen nire inguruaren isiltasuna haustea. Isiltasunak mina besterik ez dit egin niri; hitz egitea izan da egin dudan gauzarik positiboena». Mari Nieves Diazek, berriz, berbak idatziz jartzea hobetsi zuen, eta hala ematea Iratxe Sorzabal alabak jasandako torturen berri: «Oinarrizko ikasketak baino ez dauzkat, eta ortografia hutsak egiten ditut, baina jende askori idatzi nion, lehen eskutik jakin zezaten zer gertatu zen. Hala adieraztea kontsolagarria izan zen niretzat».

Ikusi gehiago:Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea

Beste behin, bost emakumeren ahotsek hartu zituzten atzo arratsaldeko manifestazio handiaren aurreko orduak. Euskal Herriko gatazkan izandako indarkerien bost biktima elkartu zituzten goizean Sarek eta Bake Bideak, Elkarbizitzarantz aurrera eginez izenburupean. Maider Galardi kazetariaren gidaritzapean aritu ziren Rodero, Muruetagoiena, Diaz, Rosa Lluch (online) eta Irantzu Benito; Maider Garcia Goena ere parte hartzekoa zen, baina ezin izan zuen, osasun arrazoiengatik. «Bortizkeriak ez gaitu homogeneizatzen pentsatzen dugun horretan, baizik eta bizi dugun horretan. Ezaugarri komuna dugu denok daukagula min bidegabe bat, beste norbaitek sortua, eta sarri, nahita; besteen erabakiek ekarri gaituzte hona», adierazi zuen Rosa Lluchek, ETAk 2000n hildako Ernest Lluchen alabak.

Halako solasaldietan maiz parte hartu dute biktima batzuek; denak bat datoz aberasgarria dela elkar entzutea. Baina harago joatea galdegin zien Galardik hizlariei: «Zer gehiago egin daiteke bizikidetza sustatzeko? Zer eskatuko zenieke instituzioei edo gizarteari?». Aitortza premian daude oraindik haietako batzuk. Irantzu Benito, adibidez, lehen aldiz mintzatu zen jendaurrean. 2001ean istripu larri bat izan zuen Avilan (Espainia), preso bat bisitatzera zihoala: «2019an hitz egin nuen lehenbizikoz sakabanaketaren ondorioz gertatu zitzaidanaz».

«Ez gara existitzen»

Bikotekidea eta lagun bat zendu zitzaizkion ezbehar hartan, eta Benitok ere zauri larriak izan zituen. «Psikologikoki ere kalte handia izan nuen: nire bizi proiektua desagertu zen». Aitortza ofizialik, ordea, ez du jaso: «Udal batzuetan sakabanaketa politika gaitzetsi dute, baina instituzionalki ez da besterik izan. Denok jasan dugu sufrimendua, denak izan gara biktima, baina existituko ez bagina bezala gaude gu». Entzuna eta aitortua izateko toki bat falta izan zaiola gaineratu zuen: «Agian, horrek lasaitasun pixka bat emango lidake; behintzat, gauzak bere lekuan jartzea litzateke».

Ikusezintasunaz jardun zen Diaz ere: «Kontua ez da lehen edo bigarren mailako biktimak daudela, baizik eta gu ez garela existitzen. Instituzioek badakite tortura badagoela, baina ez dute ezer egiten. Izan ere, oraindik badago tortura, kartzeletan: zer da, bestela, hogei urte egitea bakartze ziega batean?».

Muruetagoena, berriz, hasia da aitortza instituzionalaren lehen zantzuak nabaritzen, baina egia, justizia eta erreparazioa eskatu zituen. Abiapuntu egokitzat jo zuen Eusko Jaurlaritzak torturaz egindako txostena, baina sakontzea galdegin zuen: «Nire eskubideak aldarrikatuko ditut, ez biktima gisa, baizik eta herritar gisa. Ni adingabea nintzen, aita osasuntsu bat neukan; atxilotu egin zuten, eta etxera itzuli eta hiru egun barru hil zen. Azalpen bat behar dut». Deitoratu zuen alderdi politiko guztiek ordezkaritzarik bidali ez izana ekitaldira: «Ez dira ari gizartea entzuten». Baina nabarmendu zuen erakundeetatik jaso ez duen babesa beste bide batzuetatik iritsi zaiola: «Salaketa lan hauetan errespetuz tratatu naute beti».

Ia-ia kontrako egoeran daude Rodero eta Lluch: aitortza instituzionala dute, baina gatazka ugari izan dituzte ETAren beste biktima batzuekin. Beste molde bateko bortxa aipatu zuen Roderok: «Lehen, Josebaren alarguna nintzen, eta orain hasi dira ia 30 urtez egindako lan hau aitortzen. Baina bidean isildu nahi izan naute. Denetik deitu izan didate gobernu zentralak zioenaren kontra agertzeagatik, haiek nahi zuten biktimak ez izateagatik».

Lluchek sare sozialak itxi behar izan ditu, gorroto mezuen ondorioz: «Badago biktimok kategoriatan banatzea interesatzen zaion jendea. Orain, berriro ari dira gu biktima on edo txar gisa markatzen». Propio aipatu zuen eskuin muturra: «Gure mina erabiltzen ari dira; hori jada gaindituta zegoela uste genuenean. Lotsagabea da ultraeskuina gure izenean mintzatzea».

Ekarpena, norberetik

Ekarpena egin nahi dute bostek, bakoitzak bere tokitik. «Positibotik lagundu nahi dut. Inork ez dezala bizi nik bizi izandakoa», adierazi zuen Muruetagoienak. Halere, «pixka bat nekatuta» daudela onartu zuten Roderok eta Lluchek. «Urte asko dira... Baina honi garrantzia eman behar zaio oraindik», esan zuen Roderok. «Alboratu dezagun gorrotoa, eta eska dezagun egia: jakin nahi dugu nortzuek egiten zituzten deiak, bai atentatuak agintzeko, bai bortxatzearekin mehatxatzeko», gaineratu zuen Lluchek.

Diazek kontatutakoari erreparatu zien azken hitz horietan: alaba atxilotu baino lehen telefono deiak jasotzen zituela etxean, esanez hura «harrapatzeko eta bortxatzeko gogoz» zeudela. Diazek ere lehen aldia zuen atzo jendaurrean, eta zintzo adierazi zuen ez zela erraza izan: «Hasi aurretik, esan didazue zazpi minutuz hitz egingo nuela, eta pentsatu dut presoek telefonoz aritzeko daukaten tartea baino minutu bat gutxiago dela. Alabarekin labur egiten zaizkit zortzi minutuak, eta hemen, aldiz, luze zazpiak».

Ikusi gehiago:Presoen eskubideen alde, aho batez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.