Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena (I). Alor politikoa.

Abertzaletasuna gaurkotu zuen aitzindaria

«Intelektual konprometitua» izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza, baina inoiz ez zion beldurrik izan politikaren basatzan sartzeari. Euskaltzaletasunak haren jarduera politikoa ere blaitu zuen: estatu bat nahi zuen euskararentzat.

Txillardegi. Erdian, ANV-EAEren zerrendak inskribatu zituztenean, 2008an. GARI GARAIALDE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Alor asko jorratu zituen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik bere bizitza oparoan. Hizkuntzalaria izan zen, euskararen aldeko langile nekaezina, idazlea eta pentsalaria. Baina, era berean, inoiz ez zen izan politikaren basatzan sartzearen beldur, haren jardueraren alderdi horrek hainbesteko sona ez duen arren. Txillardegiren ustez, euskararentzat eta euskal kulturarentzat nahi zuen suspertzea ezinezkoa zen Euskal Herriak botere politikoaren erreminta guztiak eskura eduki ezean. Eta bizitza osoan buru-belarri jardun zuen lantegi horretan. Hura hil zenetik hamar urte beteko dira aurki.

 

Pako Sudupek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959) Txillardegiren borroka abertzalea liburua argitaratu zuen 2016an. Han, Alvarez Enparantzaren oinarri ideologikoak eta politikagintzan egindako bidea aztertu zituen. Haren iritziz, Txillardegiren ideia nagusiak gaur egun ez daude oso «boladan»: «Ezezagunak baino gehiago, nik esango nuke bere ideia nagusiak baztertuak izan direla».

Txillardegiren jarduera politikoa 1950eko hamarraldian hasi zen, beste gazte batzuekin batera Ekin eta geroago ETA sortu zutenean. «Hastapenetako ETA hartan, Txillardegi izan zen ideologorik garrantzitsuena; hura da gakoa, dudarik gabe. ETAk sekulako aldaketa egin zuen IV. Batzarretik V.era, eta 1967an Txillardegik utzi egin zuen ETA, baina hasierako urte haietan nik esango nuke bera izan zela ideologo nagusia».

«Hasieran, bere ideologia EAJren kontra sortutakoa da», azaldu du Sudupek: «Txillardegik aitortzen zion EAJri Errepublika garaian asko egin zuela abertzaletasunaren aldetik, bai eta gerran ere Francoren kontra, baina pentsatzen zuen hori gaindituta zegoela eta etorkizunari begira beste planteamendu bat egin behar zela».

Berritasun nabarmenak

Txillardegik zeresan handia izan zuen ezkerreko abertzaletasun berriak nazionalismo tradizionalean ekarri zuen hausturan. Batez ere, hiru izan ziren berritasunik nabarmenenak: euskalduntasuna arrazan oinarritzen zuen aranismoaren aurrean, hizkuntzaren garrantzia; jeltzaleek erlijioari ematen zioten nagusitasunari kontrakarrean, laizismoa eta ezkerreko ikuspegia; eta Errepublika defendatu zuten Espainiako indar politikoekin batera aritu beharrean, Nazio Frontea eta Euskal Herrian zentratutako indarren arteko elkarlana.

Ez da zaila Txillardegiren eskua sumatzea berrikuntza horietan guztietan. Batez ere, hizkuntzari dagokionez; Txillardegi euskaltzalea Txillardegi politikoan ere ageri da ezinbestean: «Haren iritziz, euskararik gabe euskal estatua ez da posible; gehienez ere, Espainiaren eta Frantziaren sukurtsal bat izango litzateke. Arrazak ez gaitu bereizten, ezta erlijioak ere; bereizten gaituena euskara da. Berak oso garbi ikusi zuen hori, eta koherentziaz eta oso kontsekuente jokatu zuen horretan. Adibidez, hori izan zen ESBtik alde egiteko arrazoietako bat 1978an, eta ezker abertzalean ere kritikatu zituen euskarari garrantzia ematen ez ziotenak».

1967an ETA utzi zuen, baina ez politikan jarduteko grina, erbestean zegoelarik egindako lanak erakusten duen moduan; esaterako, Branka aldizkarian. Franco hil ondoren, aro berri bat ireki zen Hego Euskal Herrian, eta eragile guztiek gogoeta egin behar izan zuten aurrerantzean izango zituzten jarrerez eta jarduteko moduez. Txillardegi ez zen eztabaida horretatik aparte egon, eta bere hautua egin zuen: 1976ko ekainean ESB Euskal Sozialisten Biltzarra izeneko alderdi berriaren sorreran parte hartu zuen.

Zergatik egin zuen Txillardegik hautu horren alde? Suduperen arabera, Martin Ugalderi bidali zizkion gutunetan dago erantzuna: «Txillardegik sozialistatzat zuen bere burua, baina, Ugalderi azaltzen zion moduan, ezin zuen PSOErekin bat egin, bera ez zelako espainola. Eta, abertzale demokrata kristauek beren alderdia zuten modu berean, pentsatzen zuen abertzale sozialistek ere alderdia behar zutela. Haren ustez, ESB izan zitekeen berak amesten zuen alderdi sozialista abertzalea, humanista, autogestionarioa eta ez marxista-leninista».

Aurreikuspenak ez ziren bete. 1977ko ekaineko hauteskundeetan ESBk emaitza kaskarrak izan zituen, eta Txillardegik argi ikusi zuen hura ez zela izango PSOE ordezkatuko zuen alderdi sozialista abertzalea. 1978an ESBtik kanporatu zuten, baina ordurako oso aldenduta zegoen handik, besteak beste, hizkuntzaren arloan hartutako erabakiak ezerezean gelditzen zirela ikusita.

Garai hartan, ezkerreko abertzaletasuna berrantolatzeko egitasmo handi bat zegoen, eta Txillardegik horretan parte hartu zuen hasieratik. Altsasuko Mahaia eta, geroago, Herri Batasuna koalizioa sortu zirenean, ahalegin horrekin bat egin zuen, eta hurrengo urteetan Mahai Nazionaleko kide eta hautetsi izan zen: «Harentzat, HB zen beti proposatu zuen fronte abertzalea. Ikusten zuen EAJk PSOErekin joateko hautua egin zuela, EEk huts egin zuela, eta HBren alde egin zuen».

90eko hamarraldiaren amaieran, Txillardegi hasi zen ETAren estrategiaren inguruko zalantzak modu publikoan azaltzen. Batez ere, 1997an izandako hiru hilketak bultzatu zuten horretara: Francisco Javier Gomez Elosegi espetxeko funtzionario eta ELAko kidearenak, eta Miguel Angel Blanco eta Jose Luis Caso PPren zinegotzienak. Hori dela eta, Qui prodest? izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen Euskaldunon Egunkarian. Artikulu hura «giltzarria» izan zen, Suduperen aburuz: «ETAren jarduera kritikatzeaz gain, infiltrazioaren aukera ere jarri zuen mahai gainean».

Handik gutxira, Lizarra-Garaziko Akordioa eta ETAren su-etena iritsi ziren. Txillardegik itxaropenez bizi izan zuen prozesu hura, baina, porrot egin zuenean, argi azaldu zuen bere ustez borroka armatua kaltegarria zela independentzia lortzeko bidean, eta 2002an Aralarren izena eman zuen. Suduperen arabera, «zaila eta mingarria» suertatu zitzaion erabaki hori hartu beharra, «familian bertan bazituelako ildo horrekin bat etortzen ez zirenak».

Bost urte eman zituen Aralarren. Alde batetik, Ibarretxe planak izandako porrotaren aurrean, eta, beste aldetik, ikusita Aralarrek ETAren kontrako manifestazio baterako deialdia egiten zuela eta bozetara Ezker Batuarekin koalizioan aurkezteko asmotan zebilela, alderdia utzi eta ezker abertzale ofizialera itzuli zen. 2008an, ezker abertzalearen antolakunde politiko nagusiak legez kanpo uzten ari ziren garaian, EAE-ANVren hautagaia izan zen Espainiako Senaturako. Hura izan zen Txillardegiren azken ekarpena politika aktiboan.

Suduperen iritziz, ez da gehiegizkoa esatea Txillardegi «etsita» egon zela azken urteetan, abertzaletasuna kale itsutik atera ezinik zebilela ikusita: «Gaixotasuna oso aurreratuta zegoen, eta horrek eragina izango zuen, baina bai, esan daiteke azken urte horiek aski tristeak izan zirela». 2012ko urtarrilean hil zen, ETAk jarduera armatua laga eta hiru hilabetera, baina erabaki horren ondorio politikoak ikusterik izan gabe.

«Ezkerkeriari» kritika

Txillardegik bere burua ezkerrekotzat eta sozialistatzat zuen arren, mesfidantzaz hartu zituen beti klase borrokaren aitzakia pean nazio askapena bigarren planoan uzten zuten ezkerreko indar estatalistak. 1967an Komunistak taldeak ETA utzi zuenetik 2007an Aralarrek Ezker Batuarekin koalizioa osatu zuen arte, Txillardegik beti kritikatu zuen berak «ezkerkeriaz mozorrotutako espainolismoa» zeritzona, gogor kritikatu ere.

Nazio askapenaren eta borroka sozialaren arteko dialektika gatazkatsu horretan, Txillardegik ez zuen dudarik egiten: «Argi adierazi zuen hemen kontraesan nagusia dela inperialismoaren eta abertzaletasunaren artekoa», azaldu du Sudupek. «Haren ustez, Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren kolonia bihurturik dago, nazioa kinka larrian dago, desagertzeko bidean, eta hori da konpondu beharreko lehenengo auzia. Horregatik esaten zuen: 'Utz ditzagun albo batera ezkerkeriak eta estalinismoa, eta jo dezagun muinera', eta muina, bere ustez, euskara, independentzia, eta hura lortzeko autodeterminazio eskubidea dira».

Emilio Lopez Adanek, Jakin aldizkarian 1999an argitaratutako artikulu batean, Txillardegiren balio nagusiak zerrendatu zituen: «Errebeldia, antidogmatismoa, euskaraz bizitzeko eta ekoizteko grina, oposizioan ibiltzeko beldurrik eza».

Oro har, bat dator zerrenda horrekin Sudupe. Eta beste ezaugarri bat ere nabarmendu du: aitzindaria izatea eta bere garaiaren aurretik ibiltzea. «Azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako eztabaida guztietan egon zen, eta oso ikuspegi aurreratua zuen. Adibidez, Parisera erbesteratu zenean, harremanetan egon zen garai hartan Europan zegoen pentsamendu aurreratuenarekin, eta hura bertatik bertara ezagutu zuen, egile haiek zuzenean frantsesez irakurriz. Batzuetan pentsatzen dugu gauza berriak asmatzen ari garela, eta gero konturatzen gara Txillardegik jada eginak dituela planteamendu horiek».

Bihar: Txillardegiren ekarpena euskararen biziberritzeari.

Jarraitu irakurtzen: Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena testu bilduma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.