Albistea entzun

Erosotasun termikoa, gizonen neurrira

Espazio bateko tenperatura ideala kalkulatzeko, gizonen gorputza erabili ohi da erreferentzia gisa, emakumeen ezaugarriak kontuan hartu gabe.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2022ko abuztuak 7

Erosotasun termikoa: pertsona bat espazio bateko tenperaturarekin kontent egotea. Iragarri berri dute zer tenperatura ezarri: berogailua, 19 gradutan, eta aire girotua, 25ean, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Eta Espainiako Gobernuak eman du agindua: 27 gradutan jarri ahal izango da aire girotua. Baina erosotasun termikoa bera al da emakumeen eta gizonen gorputzetan? Eta zeren arabera ezartzen dira gradu horiek? Edeltraud Haselsteiner ikerlariak (Austria, 1962) argi du. Gizonen batez besteko tenperatura hartzen da aintzat, eta tenperatura horiek ez dira egokiak emakumeendako; ez dira eraginkorrak.

Espainiako Gobernuak iragarritako azken neurriek, horrenbestez, mesede gutxi egiten diote egoerari. Izan ere, ekonomia krisiarekin eta gasaren hornikuntza faltarekin lotutako azken hilabeteetako arazoak direla medio, agintariek adierazi dute kontsumitzen den gas kantitatea murriztu behar dela. Hortaz, hemendik aurrera, aire hotza ezin izanen da 27 graduan baino gehiagoan ipini. Salbuespen batekin: ariketa fisikoa eskatzen duten lanetan, 25 graduren bueltan jarriko da. Berogailua gehienez ere hemeretzi gradutan jartzen ahalko da. Neurri horiek eraikin publikoetan, merkataritza guneetan, aireportu, tren eta autobus geltokietan, kulturguneetan eta hoteletan aplikatuko dira, bihartik aurrera.

Aldaketen berri eman zutenen erranetan, bulegoetan muga horiek ezartzeak ez du oztopatuko lan erritmoa. Ikerketa eta proba batzuk egin baitira langileen erosotasuna eta energia eraginkortasuna uztartu ahal izateko. Edeltraud Haselsteiner ikerlaria ez dator bat analisi horiekin. Arlo hauek ikertzen ditu: arkitektura, mugikortasuna, soziologia, generoa eta artea. Haren erranetan, bulegoetan ezarri ohi diren tenperatura estandarrak profil mota jakin batean oinarrituz jarri ohi dira: «Kanpotik datozen balioak erabiltzen dituzte, gizonen batezbesteko tenperatura zein den determinatzen duten ikerketetan oinarritutakoak. Hori da arazoa», azaldu du Edeltraud Haselsteinerrek.

Haselsteinerren arabera, tenperatura estandar horiek ez dira egokiak emakumeendako: ez dira eraginkorrak. «Ikerketek erakusten dute emakumeek, gizonen aldean, hobekiago aurre egiten dietela tenperatura beroei», azaldu du Haselsteiner ikerlariak. Hortaz, argitu duenez, bulegoak gizonen tenperatura idealetan oinarrituz prestatuta badaude, emakumeak ez dira eroso sentituko. Bere azkeneko ikerketan ikusi zuen «bulego arloan lan egiten duten emakumeen %40k hotza sentitzen» zutela. Lan horren arabera, gizon eta emakumeen arteko tenperatura idealak hiru gradu arteko desberdintasuna izan dezake.

Erosotasun termikoa parametrorik garrantzitsuena da Barnealdeko Ingurunearen Kalitatea neurtzeko. Bai emakumeek eta baita gizonek ere erosotasun termiko egokia izatea «garrantzitsua» dela dio Haselsteinerrek: «Produktibitatea tenperaturarekin lotuta dagoelako», zehaztu du. Gainera, Haselsteinerren erranetan, «emakumeak ez daudenez kontent bulegoko erosotasun termikoarekin, gehiago eragiten die eraikin gaixoaren sindromeak». Eraikin jakin batean egoteak emakumeak gaixo sentitzea eragiten duenean gertatzen da hori.

Arrazoi fisiologikoak

Tenperaturaren inguruko erantzun desberdin horien atzean hamaika azalpen daude. Gehien ikertu direnak arrazoi fisiologikoak dira. Hau da, emakume eta gizonek fisikoki izan ditzaketen desberdintasunetan oinarritutakoak. «Ikerketa batzuetan jakin zuten emakumeek gizonek baino %20 gorputz masa txikiagoa dutela, %14 gorputz gantz gehiago, eta %18 gorputz azalera txikiagoa. Gainera, emakumeen azaleko tenperatura gizonena baino hotzagoa da, eta odol zirkulazio txikiagoa dute. Agian horregatik da sentikorragoa emakumea tenperatura baxuei dagokienez», azaldu du ikerlariak. Badira justifikazio fisikoetatik haratago jo duten ikerketak.

Haselsteinerrek azaldu du tokian tokiko kulturak ere nabarmen eragin dezakeela erosotasun termikoa determinatzean. «Jendea saiatzen da kanpoko tenperaturara egokitzen: arropa janzten edo kanpoko tenperaturaren arabera jokatzen. Hala ere, badago beste ikerketa bat non ikus dezakegun erosotasun estandarrak asko hurbiltzen ari direla nazioartean. Izan ere, orain malgutasun handiagoa dugu giro tenperatura aldatzeko; kanpoko tenperaturak ez gaitu hainbeste baldintzatzen».

Eraikinaren ezaugarriak

Haselsteinerren erranetan, eraikinaren ezaugarriek ere eragina dute erosotasun termikoan. «Eraikinak aire girotua badu, askoz gehiago espero izango da tenperatura aproposa izatea. Eraikina berez aireztatzen bada, langileak askoz ere toleranteagoak izango dira erosotasun ezberdinen inguruan. Gainera, azterketek erakusten dutenaren arabera, langileak tenperatura kontrolatzeko gai badira, askoz trebeagoak izango dira».

Bulegoek energetikoki eraginkorrak izan behar dute gizon nahiz emakumeendako. Haselsteinerrek argi du: «Aukera gehiago behar dira araudi indibidualerako. Izan ere, ez da gizon eta emakumeen arteko aldea soilik: desberdintasunak daude gazteen eta adinekoen artean ere, adibidez».

Termostatoak batzuen nahiak asetzeko daude, eta hala jarraituko dute Haselsteinerren gisako ikerlarien lanek oihartzunik lortzen ez duten arte. Bitartean, tenperatura bortitzen aurka nola edo hala babesten ahaleginduko dira bulegoetako langileak. Izan bero edo hotz, non dagoen haize, hara joanen dira langileak aise.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

 ©BOB EDME

Mixel Oronoz, «apezen kasta» lehertu nahi zuen euskaltzalea

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen 2015 arte. Hainbat liburu idatzi zituen, eta Elizaren norabidea gogor kritikatu. 88 urte zituen.

 ©JAZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman

'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste, Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoak.

 ©JON URBE / FOKU

«Jar ditzagun aditz errazak, jende guztiak erabiliko dituenak»

Arantxa Iraola

'Euskara orain. Eraginkortasuna helburu' lana atondu du Mendizabalek, euskararen egoera ikuspegi «ezohiko» batetik aztertze aldera. Aurrez ere ozen egina zuen euskara «sinplifikatzeko» eskea: berritu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.