Kolektiboki ekiteko dei ozena

Krisi ekosozialari nola erantzun aztertzeko, Ekotopaketak egiten ari dira asteburuan Portugaleten, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean

Aitziber Sarobe eta Ainara Kaltzakorta, atzo, Ekotopaketen lehen mahaietako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Portugalete
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Krisi ekosozialak etsipena zabaldu duen honetan, itxaropenezko hitzekin ireki zituzten atzo Ekotopaketak, Portugaleteko Sastraka gaztetxean (Bizkaia), Yayo Herrero aktibista ekofeministaren eskutik. «Itxaropen aktiboa», zehaztu zuenez: «Egoerarik gogorrenetan ere, lagunduta eta babestuta sentiaraziko gaituzten espazioak sor daitezke». Kolektiboki ekiteko deia berretsi zuen, Maitane Nerekanek utopiaz amesteko eskatu zionean: «Irudikatzen dut mugikortasun diferentea, askoz gehiago ibiliaz, gertutasuna fabrikatu dugulako. Imajinatzen dut hurbiletik datozen jakiez elikatzea. Entropia txikiko aisialdi moduak ere ikusten ditut: ondo pasatzea energia asko erabili gabe; eta imajinatzen dut denbora edukitzea harremanetarako, baita garbitzeko ere. Baina, batez ere, komunitatea irudikatzen dut: erronka ekosozial nagusia da kolektiboki eraikitzeko gai izatea, gure arazoak ezin baitira bakarka konpondu».

Azken krisia, gure garaia lelopean, asteburu osoan egingo dituzte Ekotopaketak, bi helburu nagusirekin: krisi ekosoziala agendan jartzea eta hari erantzuteko artikulazio moldeez eztabaidatzea. Eta, hain justu, ekologismo sozialaren erronkaz aritzean, kolektiboan eraikitzea ezinbesteko jo zuen Herrerok: «Kapitalismoarentzat eta patriarkatuarentzat oso funtzionala da pertsona bakoitza subjektu bakartu bat delako ideia, baina ez da egia: elkarren beharra dugu». Eta kolapsoaren mehatxuaren aurrean ideia horri heltzeko, Rebecca Solniten A paradise built in hell liburua gomendatu zuen: «Azken hamarkadetako hondamendi handietako batzuk aztertu ditu, eta ondorioztatu du ez dela egia jendeak elkarri aurka egiten diola, baizik eta leherketa komunitario bat egoten dela».

Kolektiboa, halere, zaintzaz eraiki beharra aldarrikatu zuen: «Militantziari denbora pila bat eskaini beharko diogu; beraz, gustura egongo garen espazioak eraiki behar ditugu, sostenguan eta ongizatean oinarritutako harremanekin». Erruduntasuna alboratuz, baina erantzukizunak hartuz: «Gertatzen diren gauzek ez badigute saminik eragiten, ezin gara egoeraz arduratu. Erantzukizunik sentitu gabe, ezin gara aldaketarako eragile aktibo bihurtu». Eta prozesu horretan, norbere kontraesanez ere hausnartuz: «Kapitalismoa droga gogorra da: gauza gustagarriak eskaintzen ditu. Bestelako desioak eraiki behar ditugu; eta hori ere lagunekin errazago egiten da».

Aurreikuspenak gaindituta

Jendetsuak izan ziren Ekotopaketak abiatzeko mahaiak, eta asteburua ere jendetsua izatea espero dute: 450 pertsonak eman dute izena. Aurreikuspenak gaindituta, «pixka bat izututa» mintzatu zen atzo Gorka Laurnaga antolatzailea, baina pozik erantzunarekin. «Hemen olatu ekologista bat nola sortu, horretaz eztabaidatu nahi dugu», gogoratu zuen.

Izan ere, kezka bat dute Ekotopaketen antolatzaileek: «Uste dugu eragile edo tresna bat falta dela ekologismoan, ahalbidetuko duena mugimendua gaurkotzea eta jauzi bat ematea, historiako garai larri honi erantzun ahal izateko». Egun hauetan, mugimendu horren ernalkuntzan aurrerapausoak egitea espero dute: «Elkar ezagutu, konfiantza egin, kohesioa landu...». Eta, apurka, zehaztea zer forma izan behar lukeen: «Ekologismoaren arazoa ez da informazio falta, jendea aunitzek erraten baitu badela arazo bat: ekitea falta da». Gainera, topaketek ekarri dute «lehen garaipen bat», Laurnagaren hitzetan: «Izena emateko formularioan galdetu dugu ea partaideak talde ekologistaren batean dauden, eta 332k erantzun dute ezetz. Ez daude artikulatuta, baina badute kezka: haiei eman nahi diegu lanean hasteko modu bat».

Hain justu, gai horri heldu zioten atzoko mahaietako batean, Euskal ekologismoa atzo gaur eta bihar izenburupean. Antolatzaileen diagnostikoarekiko desadostasun bat plazaratuta abiatu zuen mintzaldia Aitziber Sarobe biologoak: «Egia da krisi sozioekologikoaren tamainako erantzunik ez dagoela, baina ez nuke arretagunea gizartean jarriko». Izan ere, haren ustez, ekologismoak antolakuntza sendoa du: «Historikoki tokian-tokian antolatu da, bertako erasoei aurre egiteko, erresistentzia gisa. Mugimenduaren atomizazioa naturala da, eta bat dator lelo nagusiarekin: think globally, act locally [pentsatu globalean, ekin tokian toki]».

Erantsi zuen indargune handi bat dela antolakuntza molde hori: «Herri honek argi erakutsi du ez duela nahi ingurumenarekiko errespetu gutxi duen garapen eredurik». Hortaz, gizartera baino gehiago, eremu politikora begiratzea hobetsi zuen: «Arretagunea ez dira herritarrak, baizik eta haien ordezkari politikoak: gizarteko ekologismoak ez dauka islarik alderdi politikoen bitartez antolatuta dagoen sistema honetan; hor bai ikusten dut umezurtz gaudela». Are, Saroberi iruditzen zaio klase politikoaren gehiengoak etsaitasunez begiratzen diola ekologismoari: «Estereotipo sendoak eraiki ditu botereak ekologismoaren inguruan: mamu bat gara; beraz, oso zaila zaigu beste eragileekin eztabaidatzea, ez daukagulako zilegitasunik».

Mugimendu ekologistaren ibilbide historiko horretaz beste ikuspegi batetik jardun zen Ainara Kaltzakorta Sukar Horia taldeko kidea. Krisi ekosozialari aurre egiteko «ikuspegi integrala» landu behar dela nabarmendu zuen: «Hemen borroka asko egon dira, oso emankorrak, eta, adibidez, frackingaren edo Gipuzkoako erraustegiaren aurkako mugimenduetan ere ikuspegi integral hori landu izan dute. Baina oraingo unea bestela ikusten dugu: etsai ekologikoa abstraktuagoa da, egungo krisiaren adierazpenak ez dira beti zehatzak».

Mugimendu ekologista artikulatzeko bidean ikusten dituen erronkak ere aletu zituen: «Krisi ekologikoa politizatu behar da, modu integralean ulertu kapitalismoak zer lotura duen gainerako zapalkuntzekin, eta, ildo horretan, hausnartu zergatik den hain zaila ekologismoarentzat sektore prekarizatuetara iristea». Iruditeria apokaliptikoa hautsi eta alternatibak ikusarazteaz ere mintzatu zen, baita erritmo diferenteetan aritzeaz ere: «Nola bateratu premiak eta iraultza? Premiazko arazoek berehala behar dituzte erantzunak, eta iraultzek pazientzia gehiago eskatzen dute. Bietan egon behar dugu».

Egitarau oparoa

Asteburu osoan egingo dituzte Ekotopaketak, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte. Gaur goizean, ekofeminismoaren ekarpenez eta bizitzaren garestitzeaz arituko dira, besteak beste. Bazkalostean, aztergai izango dituzte klima krisia eta bioaniztasuna, lanaren eta enpleguaren antolakuntza krisi ekosozialarekin lotuta, trantsizio ekologikoaren ezaugarriak, azpiegitura handien ondorioak, energiaren sektorea edota gazteen etorkizuna. Bihar, berriz, batzar handi baten ostean, 12:30ean egingo dute Ekotopaketei amaiera emateko mobilizazioa, Merkatu plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.