Albistea entzun

Gazteen hitza aztertzen

Gazteek euskararekin duten harremana aztertu dute Hendaian. Euskarazko eskaintza urria izan dute aipagai, bai eta gaitasun faltak sortu oztopoak ere
Iñarra eta Artetxe Soziolinguistika Klusterraren jardunaldietan, atzo, Hendaian.
Iñarra eta Artetxe Soziolinguistika Klusterraren jardunaldietan, atzo, Hendaian. PATXI BELTZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko apirilak 26 - Baiona

Gazteak mintzo: diskurtsoak eta etorkizunerako proiekzioak izenburupean, Euskal Soziolinguistikaren Jardunaldiak egin zituen Soziolinguistika Klusterrak atzo, Hendaian (Lapurdi). Hitzaldi eta mahai inguru bat baino gehiago izan ziren, gazteen bizipenak eta adituen azterketak tartekatuta.

Gazteen gaineko zenbait ikerketaren gakoak eman zituen Maialen Iñarra Soziolinguistika klusterreko ikerlariak. Jone Miren Hernandez eta Jaime Altunarekin batera, kirolari lotutako ikerketa proiektuetan parte hartutakoa da Iñarra, baita Arrue ikerketako analisietan ikasleen eskolako erabilerak aztertzen ibilitakoa ere, EAEn eta Nafarroan; hizkuntzaren kaleko erabileraren neurketako landa lanaren arduradun ere bada.

Iñarrak aipatu zuen azken urteetan «asko» aurreratu dela gaitasunari dagokionez, eta euskarak presentzia hartu duela gazteen eguneroko zenbait eremutan, izan unibertsitateko eskaintzan, eta, kultura kontsumoari dagokionez, literaturan eta musikan. «Baina, aldi berean, baditu hutsune edo gabezia handiak». Larunbatean Baionan eta martxoan Hego Euskal Herriko hiriburuetan izandako mobilizazioak aipatu zituen horren adibide gisa. «Mundu digitalean ere, euskarak presentzia kaxkarra du: ikus-entzunezkoetan eta bideojokoen munduan, presentzia ahula da. Gazteen egunerokoan garrantzitsuak diren eremuetan, euskarak pisu txikia du oraindik. Aisialdia, mundu digitala, harreman informalak... hor sumatzen da gabezia gehien; beraz, arreta hor jarri beharko genuke», ebatzi zuen.

Gazteen hitzetan oinarritu zen Miren Artetxe EHUko ikerlaria. Horretarako, gazteen erabilerari buruzko Lasarte-Oriako gazteak eta euskara ikerketan eta Donostiako Hezkuntza Fakultatean gazteei egindako galdetegiak baliatu zituen. Nagusiki gazte gipuzkoarrek emandako erantzunak dira, beraz. Erabilitako hitzak erreproduzituz, gordin eman zituen bakoitzaren erranaldiak.

Horien bidez, agerian eman zuen gazte askorentzat ezagutza eta gaitasun falta oztopo direla egunerokoan euskara erabiltzeko. «D ereduan ikasitako asko ez dira gai edo ez dira eroso sentitzen elkarrizketa informal bat izateko eskolaz kanpo», azaldu zuen. «Batzuek ez dute sekula euskara erabili lagunartean. Beti erabili dute eskolako hizkuntza gisa gela barnean, eta, jolas garaian edo kalean, beti gazteleraz egin dute». Hizkuntza ez zaie arrotz, eskolan egunero erabiltzen dutelako; kontua da ez dutela hautua libreki egiten ahal, Artetxeren hitzetan, ez baitute baliabiderik euskaraz. «Ez dute gazte hizkuntzatzat hartzen, ez dute lagunarteko hizkeratzat hartzen».

Euskalkiaren inguruan duten pertzepzioaz ere aritu zen. Erran zuten euskalkirik ez dutenek «estilo» gisa ere ikusten dutela, eta ez dutela baitezpada leku batekin identifikatzen. Gazte hizkerarako erabili ei da. Adierazi zuenez, euskalkien eta batuaren arteko eztabaidatik atera eta gogoetarako bide bat ikusten du: «Gutxienez ulertzeko praktikak».

Artetxek azaldu zuenaren arabera, gazteek ez dute hitz egiten haien hizkuntza praktikei buruz: «Ez da gai bat». Gazteen guneetan erabilera bultzatu nahi bada, haiei eman behar zaizkie horri buruzko hitza eta erabakimena, Iñarraren aburuz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz? Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Donostiako manifestazioaren burua. ©Gorka Rubio / FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harrok deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen bGaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Berria

Goizaldean hasi dute operazioa Baionako Santa Ursula kaleko eraikin okupatuan, eta orain materiala ateratzen ari da Frantziako Polizia. Proiektuaren bultzatzaileek elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako.

Jaizkibelen bilaketa lanetan aritu den taldea. ©@112_SOSDeiak

Hilik topatu dute Jaizkibelen desagertutako 65 urteko gizonezkoa

Berria

Sendiak asteartetik ez zuen haren berririk, eta ordutik aritu dira bila.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...