Memoriaren ertzak (II). Hezkuntza.

Iragana ikasgai

Euskal Herriaren iragan hurbileko bortxazko gertaerak eskoletan azaltzeko ahalegina ez da gaurkoa. Biktimen testigantzen programak bide luzea egin du, baina beste batzuetan desadostasun ugari egon da.

Ikasleak. Adi-adian programan parte hartutako gazteak, 2017ko ekitaldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hezkuntza arautua arlo garrantzitsua da memoria historikoa gazteei helarazteko, batez ere asmoa baldin bada memoria ariketa hori eraginkorra izan dadila eta belaunaldi berriek iraganetik etorkizunerako ondorio praktikoak atera ditzatela. Baina eskoletan zer eta nola kontatu ebaztea ez da inoiz izan polemikarik gabeko gaia. Arlo batzuetan asko aurreratu da, eta zenbait konturen inguruan adostasun handia dago, adibidez, komenigarria dela gazteek bortxa pairatu duten biktimen testigantzak bertatik bertara jaso ahal izatea. Baina beste zenbait esparrutan, badirudi kontakizunaren bataila deitu duten hori errepikatu egiten dela irakaskuntzaren alorrean ere.

Ahaleginak ez dira berdinak izan lurralde guztietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aspaldi hasi ziren eskoletan gaia lantzen, eta ETAk 2011n jarduera armatua bertan behera utzi izanak eta Eusko Jaurlaritzak 2013an bake eta bizikidetza gaiak jorratzeko Idazkaritza sortu izanak bultzada handia eman zioten horri. Biktimen testigantzak eskoletara eramateko programak ibilbide luzea egin du azken hamarkadan; Herenegun programak, berriz, oztopo ugari aurkitu ditu.

Nafarroa Garaian ere urratsak egin dituzte, baina biktimen lekukotasunari buruzko programak askoz bilakaera apalagoa izan du. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, ez dago euskal gatazkaren ondorioen inguruko programa berezirik, eta gaia zeharka baino ez dute aipatzen zenbait eskolatan.

Teorian, iragan hurbileko gertaera historikoak curriculumetan agertzen dira ikasi beharreko gai moduan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Heziberri 2020 planaren garapenean, «diktadura frankista eta trantsizio politikoa Espainian eta Euskal Herrian», «ETAren sortzea eta bere terrorismo historia, behin betiko uztea adierazi zuen arte» eta «GAL eta antzeko taldeen terrorismoa eta giza eskubideen urratzea jatorri politikoko indarkeriaren testuinguruan» aipatzen dira DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan jorratu beharreko eduki gisa. Nafarroako curriculumean, berriz, «diktadura» eta «trantsizioa» agertzen dira, bai eta «etapa horretan Espainian zegoen terrorismo arazoa» ere. ETA, GRAPO eta Terra Lliure aipatzen dira, eta haien «sorrera eta historia»; GAL ez da ageri.

Hala ere, curriculumetan ildo orokorrak baino ez dira agertzen, eta ikastetxe eta irakasle bakoitzaren pentzudan gelditu ohi da horren garapena. Halaber, eta historia gaiak kronologikoki lantzen direnez, ikasturtearen amaieran iristen dira ikasleak horietara: horrek esan nahi du gaitegi osoa jorratzeko denbora arazoak egonez gero, iragan hurbileko gaiak kanpoan gelditzen direla.

Biktimak eskoletan

Biktimen testigantzak eskoletara eramateko programa da memoria eta hezkuntza arautua uztartzeko ahaleginik esanguratsuenetako bat, baina horretan ere adostasuna bilatzea ez zen erraza izan, lehenengo urteetan behintzat.

Lehenago beste ekinbide batzuk egon ziren, Bakerako urratsak eta Marka uzten diguten istorioak izenekoak esaterako, baina, Patxi Lopezen agintaldian, Jaurlaritzak aldatu zituen ordura arte eskoletan bakearen eta giza eskubideen gaia lantzeko irizpideak, eta orduan hasi ziren biktimak eskoletara eramaten, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburu zelarik. Programak Biktima hezitzaileak izan zuen izena, 2011n jarri zuten abian, ETAren, GALen eta BVEren hamabost biktimak hartu zuten parte, eta 2.000 ikasle inguru egon ziren topaketa haietan.

Programa hark ez zituen denak asebete, eta, esaterako, haren diseinuan adostasuna bilatu ez izana leporatu zion EAJk Lopezen gobernuari.

2012an gobernu aldaketa egon zen, eta 2013ko azaroan Adi-adian izeneko programa aurkeztu zuten Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak. PSE-EEren gobernuak egindakoaren jarraipen gisa aurkeztu zuten, baina modulu berriak bazuen aldaketa bat, Poliziaren jardueraren biktimak ere aintzat hartzen baitzituen. Aintzane Ezenarro izendatu zuten programaren koordinatzaile.

Geroztik, bide luzea egin du Adi-adian programak. Lehenengo urtean, 2014an, proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21 ikastetxetara iritsi zen, eta 17 biktimak euren lekukotasuna eman zuten ikasleen aurrean. Lau urte geroago, proiektuan parte hartu zuten ikastetxeak 82 ziren, eta 10.000 ikaslek jaso zituzten biktimen testigantzak.

DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleentzat prestaturiko programa zen Adi-adian, baina 2017tik aurrera unibertsitate ikasleei ere zabaldu zieten, Jaurlaritzak eta unibertsitateek sinatutako akordioaren ondorioz.

2016tik aurrera, Memoria plaza izeneko ekinbidea ere antolatu du Jaurlaritzak. Berez, erakusketa ibiltaria da Memoria plaza, herriz herri eraman dutena, baina horren inguruan DBHko 4. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleentzako mintegi didaktikoak ere antolatu dituzte. Gogora memoria institutuak BERRIAri azaldu dionez, kalkulatzen dute bi programa horien bidez 30.000 ikasle inguruk izan dutela biktimen testigantzak zuzenean ezagutzeko aukera.

Nafarroan geroago garatu dute biktimen lekukotza eskoletara eramateko programa. 2016ko maiatzean, lankidetza akordioa egin zuten estreinako aldiz Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuek bizikidetza arloan elkarrekin jarduteko, eta Adi-adian programa ere elkarlanerako esparru gisa zehaztu zuten.

Nafarroako Gobernuak 2018-2019 ikasturtean ekin zion biktimen testigantza eskoletara eramateari, Eskutik izeneko programaren barruan. Esperientzia pilotua izan zen, bizpahiru ikastetxetan baino egin ez zutena, emaitzak aztertu eta geroago eskola gehiagotara zabaltzeko asmoz. Eskutik programaren dokumentazioan ETAren biktimak baino ez dira aipatzen, eskoletara joan behar dutenez aritzen direnean.

'Herenegun' programa

Herenegun izeneko programa izan da indarkeriaren gaia eskoletan lantzeko ahaleginik sendoena, baina hark ere polemika eta liskar artean egin du bidea. Duela bi urte baino gehiago aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak proposamena, 2018ko urriaren 11n. Asmoa zen ETAren historia azaltzea, 1960tik erakundea desagertu zen arte, eta horrekin batera garaian garaiko gertaera historikoak ere azaltzea. 15 eta 17 urteko ikasleentzat zen, DBH eta batxilergokoentzat.

Jatorrizko egitasmoan, programak ordubeteko sei saio zituen. DBHko laugarren mailan, lehenengo bost saioak hamarkaden arabera antolatuta zeuden: 1960ko hamarkadakoan, Francoren diktadura eta ETAren sorrera aztertu behar ziren; 1970ekoan, Burgosko Prozesua, Carrero Blancoren hilketa, Konstituzioa eta Gernikako Estatutua, besteak beste; 1980koan, ETAk egindako zenbait atentatu, GALen sorrera eta abar; 1990ekoan, Ajuriaeneko Ituna, Lizarra-Garazikoa, Miguel Angel Blancoren hilketa eta abar; eta 2000koan, azken atentatuak, elkarrizketak eta su-etenak, Aieteko Konferentzia eta ETAren amaiera. Azken saioa «ondorioak» aztertzeko eta «giza eskubideen eta aniztasunaren errespetuari buruzko gogoeta» egiteko zen.

Baina kritikak leku guztietatik iritsi ziren. PPk, PSEk eta biktimen zenbait elkartek programaren kontra egin zuten, ETAren deslegitimazioan behar bezain argia ez zelakoan. EH Bilduk, berriz, «kontakizun politiko, ideologiko, subjektibo eta eztabaidagarri bat» ikusi zuen egitasmoaren atzean. Programa aurkeztu eta bost egun geroago Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera eraman zuten gaia, eta han EAJk baino ez zuen babestu programa.

2019ko urtarrilean, Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek iragarri zuen programa geldiaraziko zutela, eta «elkarrizketa prozesu bat» abiaraziko zutela horren edukien inguruan.

2019ko azaroan eman zuten elkarrizketa prozesu horrek ekarritakoaren berri. Jaurlaritzak azaldu zuenez, zenbait eragilerekin hitz egin ostean, 36 aldaketa nagusi egin zituzten unitate didaktikoetan.

Moldaketa horiekin, programa 2019-2020 ikasturtean ezartzeko moduan gelditu zen, hamar ikastetxetan eta proba gisa. Pandemiak, baina, bertan behera utzi zuen esperientzia pilotu hori. Orain geldirik dago, egoerak horretarako aukera eman bezain pronto ezartzeko prest.

Nafarroan ere badago etorkizunerako egitasmorik. Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak eta Hezkuntza Departamentuak Eskutik programan elkarlanean landutakoa hedatu nahi dute, Memoria duten eskolak izeneko programaren barruan.

Ideia da memoriaz gain giza eskubideekin zerikusia duten gaiak ere lantzea, arlo horretan nazioartean indarrean dauden irizpideak erabiliz.

Bihar: Gazteei nola eman zaie gatazka politikoaren berri?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.