Euskara, marra gorri atzera ere

Nafarroako Gobernuak prest du euskararen foru dekretu berriaren zirriborroa. 2017koa baino askoz murriztaileagoa izanen da. Arauak eztabaida gogorra piztu du gobernuan

xxxxxx. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun

Atzera. Nafarroako Gobernuak iraganera jo du euskararen foru dekretu berria prestatzeko inspirazio bila, eta UPN-CDN gobernuak 2009. urtean onartutako arau batean topatu du. Orduko hartan bezala, orain eztabaida fasean dagoen dekretuan murriztu eginen da euskarak eremu ez-euskaldunean duen presentzia, lan deialdi publikoetatik desagerrarazita. Arauaren zirriborroa ez da oraindik argitaratu, baina, iragan astean, gakoetako batzuk eman zituen Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Geroa Bairen galdera parlamentario bati erantzunez. Azaldu zuenez, gobernuak «urteko bigarren seihilekoan» tramitatu nahi du euskararen foru dekretu berria, 2022. urtean indarrean egon dadin.

 

Eremu ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara meritutzat ez jotzea: horixe izanen da dekretu berriaren berritasun nabarmenena, 2017an Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako arauaren ezaugarrietako bat bertan behera utzita. «Errealitate soziolinguistikoa errespetatuz» eginiko aldaketa dela nabarmendu zuen Remirez lehendakariordeak.

Ez da izanen, baina, Nafarroako euskaldunek pairatuko duten murrizketa bakarra. PSNk proposatutako zirriborroa onartzen bada, eremu mistoko lan deialdietatik ere kenduko dute euskara meritutzat hartzeko beharra, eta «jendaurreko lanpostuetarako» bakarrik aintzatetsiko dute. Osasunbideko deialdietan ere kasuan-kasuan izanen da meritu: osasun langileen kasuan bai, baina zeladore, laguntzaile, administrari eta bestelako postuetarako ez. Euskara da salbuespenezko trataera hori duen hizkuntza bakarra, gaur egun ingelesa, frantsesa eta alemana meritu baitira Nafarroa osoko lan deialdietan, eremua edo postuen ezaugarriak edozein direlarik ere.

Dekretuaren aurkezpenak kalapita sortu du gobernuari eusten dioten taldeen artean. Ramon Alzorrizek, PSNko antolakuntza idazkariak, zirriborroa egokia dela azpimarratu du, gobernu ituna betetzen duela iritzita: «Hizkuntza baten alde egitea ez da administrazioan sartzeko erraztasunak ematea; guk euskararen alde egin dugu, besteak beste, Euskarabidearen aurrekontua handituz eta euskarazko hezkuntza publikoa indartuz».

Geroa Baik, ordea, gobernu ituna hautsi izana leporatu dio Maria Txibiteren alderdiari: «Euskara baztertzen ari dira atzerriko hizkuntzen aldean, eta hori ez dugu guk bakarrik esaten: bat datoz Nafarroako Kontseilua eta baita Arartekoa ere, 2020. urteko jarduera txostenean ohartarazi baitzuen», azaldu du Uxue Barkos legebiltzarkideak.

Gobernuari eusten dioten beste bi taldeek, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, aurreko legealdian adostutako dekretuaren balioa berretsi dute zirriborro berriaren gainetik, eta «zentzugabe» deritzote euskara meritutzat ez jotzeko asmoari.

EH Bildu: «Atzerapausoa da»

EH Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruizek salatu du parlamentuko taldeek ez dutela dekretuaren berri izan, «hedabideetan atera denaz eta lehendakariordeak parlamentuan esan duenaz gain». Hala ere, orain arte azaleratutako puntuek «atzerapauso itzela» iragartzen dutela uste du. «1994ko eta 2003ko euskararen dekretuek ez zioten aipamenik egiten eremu ez-euskaldunari, eta badirudi PSNk onartu nahi duen araua ildo beretik doala».

Nafarroako Auzitegiaren irizpide «euskarafoboenekin lerratu izana» ere leporatu die dekretu berriaren sustatzaileei: «2019an, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen euskara meritu gisa hartzearen kontra, eta hori berrestera dator dekretu hau». Ruizentzat, «oso arriskutsua da ustez aurrerakoia den gobernu batek halako mezuak hauspotzea».

EH Bilduko kideak gaineratu du PSNk euskarari buruz duen diskurtsoa «galga» dela Nafarroako Gobernuarentzat. «PSNk arazo bat du: iragan legealdian hizkuntza politikaren alorrean egin zuen diskurtsoa Navarra Sumarena da, hitzez hitz». Areago: Ruizek uste du PSNk «eskuinari begira» egin dituela euskararen aurkako urratsak: «Eskuinak esanen duenari erreparatzen diote, beren oinarri eta boto emaileei baino askoz gehiago. Hurrengo hauteskundeetan jarria dute begirada, eta euskararen kontrako harresi gisara aurkeztu nahi dute euren burua, boto atzerakoi horiek Navarra Sumara joan ez daitezen. Eroso daude horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.