UDAKO SERIEA. Hutsunea betetzeko lanean (IV). Pirinioak.

Despopulazioaren aurkako borrokan

Nafarroako Pirinioetako udalek eta tokiko eragileek 2016. urtean ekin zioten despopulazioaren aurkako lanari, eta, gobernuarekin batera, lau milioi euroren plana abiatu dute aurten.

Despopulazioaren aurkako borrokan.
joxerra senar
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Tantaka-tantaka eta isilean, despopulazioa aurrerantz doa Pirinioetan. Nafarroako eskualde guztien artean egoerarik larriena bizi dute han. Erroibarretik Aezkoara eta Zaraitzutik Erronkarira, guztira 5.418 herritar bizi dira 32 udalerrietan, 2019ko erroldaren arabera. Gainbeheraren adierazle, hiru datu: lehenik, populazioaren erdia inguru galdu du azken mende erdian; bigarrenik, dentsitate apalena du —4,1 biztanle kilometro koadroko, Nafarroako batez bestekoa baino hamazazpi aldiz gutxiago—; azkenik, zahartze indize handiena du —haur bakoitzeko lau adineko, batez beste—.

Azken urteetan, ahalegin betean ari dira borrokan Pirinioetan, despopulazio joeraren aurka. Egoeraz jabetzeko eta diagnostikoa egiteko lana lehendik badator ere, 2016an ezarri zuten mugarria. Inguru horretako gizarte eragileek eta udalek ozen jakinarazi zieten alderdiei eta gobernuari despopulazioari aurre egiteko neurriak eta plan bat behar zirela.

Bost urteotan, bide esanguratsua egin da. Arazoaren erroak eta zergatiak askotarikoak dira, eta, eragile guztien arteko elkarlana funtsezkoa den heinean, Gu Pirinioak egitasmoa sortu dute. Mahai horrek hiru hanka nagusi ditu: lehenik, udalak, Pirinioetako Mahaiaren bidez; bigarrenik, Foru Gobernua, Lursarea agentziaren bitartez; eta, hirugarrenik, tokiko eragile ekonomiko eta sozialak, Cederna Garalur agentziaren bidez. Gai nagusiak lantzeko 11 lantalde osatu dira, eta lau langile dabiltza lanean. Guztiak koordinatzen, Arantxa Arregi Lursareko teknikaria: «Gobernantza berria deitzen diogu. Kontua ez da behetik gora edo goitik behera lan egitea, baizik eta denok parte hartzea erabakietan».

Hala, Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Plana aurkeztu du aurten, eta 4,4 milioi euroren inbertsioak eta laguntzak jasotzen dira hartan. «Gauza guztiak bezala, lehenago etorri izan balitz, hobeto izango zen, baina ongi datorkigu orain ere. Bide egokia egiten badugu, aukera ona dugu», baloratu du Ana Sagardoik, Pirinioetako Mahaiko lehendakariak.

Planaren zutarrietako bat digitalizazioa da. «Internet bada, etxetik lan egin daiteke. COVID-19 ailegatu da, eta ikusi da telelana beharrezkoa dela. Turismorako eta beste jardueretarako aholkularitza eman daiteke Internet bidez», azaldu du Arregik. Orografia zailagatik eta dentsitate apalagatik, enpresa pribatuek ez dute inbertitzen. Gobernuak bi milioi euroko inbertsioa egingo du Itzaltzutik Garderaino zuntz optikoa hedatzeko, eta ibarreko zazpi udalei obraren %20 finantzatzeko eskatu die (400.000 euro).

Era berean, udalek bultzaturiko inbertsioak eta azpiegiturak finantzatzeko 1,8 milioi euroren laguntza deialdia ireki da; 35 proiektuk jada lortu dute finantzaketa: Hiriberriko jarduera ekonomikoa bultzatzeko proiektua; Erron, erabilera anitzeko eraikinaren zaharberritzea; Zaraitzuko Erremendia abeltzaintza egitasmoa; Abaurregainan eta Espartzan, energia berriztagarrien arloko inbertsioak; hainbat natur bide eta turismo baliabideren hobekuntza... Ruben Goñi gobernuko proiektu estrategikoaren arduradunak dioenez, «aurrekaririk gabeko» egitasmoa da.

Jarduera ekonomiko bati ekitean, etxebizitza lortzean edo zerbitzuak erabiltzean, egunerokoa zailtzen duten «traba txiki asko» daude. Sagardoik azpimarratu du giltzarria dela eguneroko traba horiek kentzea: «Gauzak errazten baditugu, helburua lortuko dugu». Horretarako, baina, administrazioaren landa eremuarekiko begirada malgutu behar dela uste du. «Pirinioetako egoera ez da Iruñekoa edo beste toki batekoa. Hona etorri behar da, eta gauzak nola dauden ikusi, bulego batetik ez baita ikusten. Egoera erreala ukitu behar da, erantzun zuzenak eman».

Pirinioetan ez dago enpresa handirik, eta 2.600 biztanle aktiboren artean, 1.500 lanpostu inguru daude: gehienak autonomoei dagozkie. Arantxa Arregiren arabera, egungo egoerak zerikusia du lehen sektorearen gainbeherarekin, eta, horregatik, funtsezkoa deritzo alor hori biziberritzeari. Laborarien eta abeltzainen %11 baino ez dira 41 urtetik beherakoak. «Errelebo falta arazo larria da».

Halaber, iturginak, arotzak, argiketariak eta halakoak behar dira. Basogintzak ere tradizio handia du, eta hor aukerak ikusten dituzte: «Orain arte, oihanaren kudeaketa enkante bidez adjudikatu da, eta baliabideak herritik ateratzen dira. Baliabideok eskualdean bertan erabili ahal izateko modua aurkitu nahi dugu», azaldu du Arregik.

Aezkoak (Aribe), Zaraitzuk (Izize) eta Erronkarik (Burgi) poligono bana dute, eta Nasuvinsak eremuak sortu ditu negozio bat jarri nahi dutenentzat. Otsagabian eta Abaurregainan ere lanean ari dira Opposaren eraikin zaharra baliagarri izan dadin. Inkesta bat egiten ari dira eskualde osoan, zer behar dauden neurtzeko.

Turismoa soilik ez

Turismoak ere lana sortu du. Dena den, Sagardoiren ustez, zuhurtziaz jorratu behar dahori: «Hasieran, esaten zen turismoa lagungarria izan zitekeela; orain, konponbide bakar moduan ikusten da. Jende asko bizi da turismoari esker, baina ez litzaioke begiratu behar horri soilik».

Turismoak ondorioak ditu etxebizitzen parkean ere. «Etxe asko turistentzat alokatzen dira, eta beste zenbait beste nonbait bizi eta gutxi etortzen direnenak dira. Hemen bizi eta geratu nahi dutenek ez dute aukerarik alokairuan hartzeko», dio Sagardoik. Arregik gaineratu du eskaintzarik gabe ezin dela jakin zenbatekoa den eskari erreala. Horregatik, alokairu publikoko etxeak merkaturatuko dituzte Auritzen eta Aurizberrin.

Arregiren ustez, udalek badute zeresana. Ideia berritzaileak ezar ditzakete, eta, ohiko zerbitzuez gain, herriak biziberritzeko onak diren beste batzuk kontratatu. Adibidez, hutsik diren eraikinak tabernak edo dendak kontratatzeko balia ditzakete, funtsezkoa baita orotariko zerbitzuak eskaintzea herritarrek bertan bizitzea hobets dezaten. Baita adinekoek ere. «Bestela, seme-alaben etxera joaten dira, eta akabo. Etxe bat ixten da, eta herri bat hiltzen duzu».

Bihar: Zuberoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.