Albistea entzun

UDAKO SERIEA.  Jack Ma (III). Superaberatsak.

Ali Baba eta datuen lapurrak

Hainbat urtez Txinako pertsonarik aberatsena izan da Jack Ma, baina, merkataritza elektronikotik finantzen sektorera jauzi egin zuenean, herrialdeko agintarien susmoa piztu zuen, eta pilatutako aberastasunaren erdia galdu zuen.
Jack Ma, 2014an unibertsitate batean emandako hitzaldi batean.
Jack Ma, 2014an unibertsitate batean emandako hitzaldi batean. LAURENT GILLIERON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko abuztuak 12

Tigrea animaliarik preziatuenetarikoa da Txinan: boterearen sinboloa da, eta ausardiarena. Baina kontu handiz tratatu behar da: «Tigrea esnatzean, makila luzea erabili behar da», esaten omen zuen Mao Zedongek, 1949tik 1976ra herrialdea gidatu zuen buruzagi komunistak. Ohartarazpena argia da: norbera baino indartsuagoa den norbaiti aurre egitean, denborak eta distantziak kontrolatu behar dira, baita Pekingo agintariei aurre egin nahi zaienean ere. Txinatarrek oso barneratua dute irakaspen hori, baina badira ondo ulertu ez dutenak edo ulertu nahi izan ez dutenak. Horietako bat da Jack Ma (Hangzhou, 1964), Txinako aberats handiena izandakoa. Oso denbora gutxian hurbildu zen herrialdeko botereguneetara, oso-oso gertu gainera, eta tigrearen hozkada hartu zuen. Ordutik, espazio publikotik «desagertuta» bizi da, eta, bere negozioetan segitzen duen arren, azken bi hamarkadetan pilatu duen aberastasunaren erdia galdu egin du bi urtean.

Ma Txinako pertsonarik mediatikoenetarikoa izan da, eta urteetan nazioarteko agintarien eskuak estutzera ohituta egon da, herrialdeko egungo presidente Xi Jinping baino gehiago. Hala gertatu zen 2016an, Xik G20koen goi bilera antolatu zuenean. Atzerriko buruzagiek interes handiagoa agertu zuten enpresaburuarekin biltzeko, herrialdeko liderrarekin baino. Maren gainbeheraren hasiera izan zen hori.

Baina zer gertatu zen? Hori ulertzeko, ezinbestekoa da Jack Ma nor den jakitea. Laburbilduz, Alibaba merkataritza elektronikoko erraldoiaren sortzailea da —Mendebaldean Aliexpress—. Baliteke Amazonen izena ezagunagoa izatea, baina Alibaba Txinako merkatua ia monopolizatzera iritsi zen orain dela ez asko: 1.400 milioi bezero potentzial dituen merkatu bat. Eta hori botere handia da. Ez alferrik, Mak Ant Group izena jarri zion bere taldeari: Inurri Taldea.

Inurriak tigrearen aurka

Alibaba 2000ko hamarkadaren hasieran sortu zuten, Txinako hornitzaileen eta atzerriko bezeroen topagune gisa, eta ate ezin hobea bihurtu zen denek parte hartu nahi zuten merkatu batera sartzeko. Konpainia haziz joan zen, mundu osoko merkataritza elektronikoaren erraldoietako bat bihurtzeraino.

Baina ez hori bakarrik. Ma berehala ohartu zen bezeroen bidez lortzen zituen datuek botere izugarria ematen ziotela, eta, besteak beste, finantza zerbitzuetan hasi zen hori aplikatzen. Alipay ordainketa sistema sortu zuen aurrena, zeinak 700 milioi erabiltzaile inguru lortu dituen, eta, ondoren, Yu E' Bao finantza erakunde edo metabankua sortu zuen.

Duela bost urte, estatuaren kontrolpeko finantza erakundeak urduritzen hasi ziren Yu E' Baorekin, haien bezero asko dirua ateratzen ari zirelako funts horretan uzteko, haien datuetan oinarrituta etekin handiagoak lortzen zituztelakoan. Yu E' Bao, gainera, Txinako hamar kreditutik bat kudeatzera iritsi zen. Agintarien presioengatik, Mak muga batzuk ezarri zizkion jendeak funtsean utz zezakeen kopuruari.

Beste bide bati ekin zion orduan: Hong Kongeko burtsan Ant taldearen finantza atalaren akzioak salerostea. Azken urteetan munduan izandako burtsaratze handiena izan behar zuenak, halere, huts egin zuen. 2020ko abenduan, Mak dena prest zeukan, baina Txinako agintariek debekatu egin zioten jauzia egitea, eta enpresaburuak 11.000 milioi euro galdu zituen.

Mak denbora zeraman herrialdeko finantza sistema kritikatzen, esanez zaharkituta zegoela, eta horren ordez big data-n oinarritutako kreditu sistema erabili beharko litzatekeela. Hala adierazi zuen burtsaratze debekua ezarri baino astebete lehenago. Errepresaliak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Alibabaren kontrako kanpaina bat ere abiatu zuten Txinako arautzaileek: jarduera monopolistengatik, beste 2.800 milioi euroko zigorra jarri zioten, eta konpainiak burtsan zuen balioaren heren bat galdu zuen. Txinako aberatsena eta herrialdeko izar mediatikoenetarikoa zenak, egun batetik bestera, bere aberastasunaren erdia galdu zuen, eta «isilarazi» egin zuten.

Hazkunde «basatia»

Maren eta Txinako agintarien arteko harremanak ez dira beti hain gatazkatsuak izan: garai bat egon zen non elkarri mesede egin zioten eta bidelagun estuak izan ziren, 2016ra arte, behintzat. Ordura arte, Txinako teknologia enpresek oso erregulazio ingurune laxoan jardun zuten: gobernuak bere erraldoi teknologiko nazionalen hazkundea sustatu zuen, arerio estatubatuar handiak kanpoan uzteko, besteak beste.

Baina, azken urteetan, Pekingo gobernua sektore teknologikoaren gaineko kontrola handituz joan da, AEBek eta Europako Batasunak egin duten bezala. Maren enpresak ez ezik, herrialdeko beste erraldoi teknologiko batzuk ere pairatzen ari dira murrizketa olde berria. Xi Jinpingen gobernuak dio horren helburu nagusia konpainia horien «hazkunde basatiari» ekitea dela, eta monopolioak geldiaraztea. Baina benetako xedea da enpresa horiek dituzten datuen gaineko kontrola indartzea, kanpora ihes egin ez dezaten.

Estatuko Segurtasun Lege berriak, besteak beste, han jarduten duten enpresa guztiak behartzen ditu erabiltzaileen datuak gordetzera, eta hango enpresak eta han jarduten dutenak behartuta daude agintariei informazioa ematera. Applek, esaterako, Txinako hego-mendebaldean datu zentro bat sortu behar izan du, estatuko enpresa batek kontrolatuta, herrialdeko erabiltzaileen datuak gordetzeko.

Datuen garrantzi gero eta handiagoak agintarien esku hartzea bizkortu du mundu guztian, eta, Txinan, enpresa teknologikoak Alderdi Komunistaren barruko botere borrokaren parte bihurtu dira. Hori ere egon daiteke Maren gainbeheraren atzean. Alibabak politburoaren mesedea galdu zuen, eta haren tokia Pinduoduok hartu du; merkataritza plataforma horrek dauka, orain, erabiltzaile gehien. Jack Ma, berriz, ez da herrialdeko pertsonarik aberatsena. Zhong Shanshan botilako uraren handikiak hartu dio aurrea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metalgitzako langile bat jardun betean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Metalgintzako negoziazioak: Nafarroan akordioa gertugo dago; Bizkaian, urrun

Imanol Magro Eizmendi

Nafarroako metalgintzako patronalak UGTren eta CCOOren eskaintzak aztertuko ditu. Bizkaikoak, aldiz, ez du aldatu lan ituna berritzeko eginiko azken eskaintza.

Hiru kamioi geldirik Oiartzungo aparkekuan. ©Gorka Rubio / FOKU

Jaurlaritzak zazpi milioi euro jarri ditu kamioiak berritzeko planerako

Imanol Magro Eizmendi

Asteartean hasiko da eskaerak egiteko epea. 34.000 eurora arteko laguntzak banatuko dira.

Gazte bat «jan itzazu aberatsak» dioen pintaketa baten aurretik pasatzen, Atenasen. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Arroz ekoizle bat eskukada bat ongarri eskuan duela, Colombon (Sri Lanka). ©CHAMILA KARUNARATHNE/EFE

ONGARRIEN EKOIZPENAK %70 EGIN DU BEHERA

Maddi Iztueta Olano

NBE Nazio Batuen Erakundeak Errusiari eta Ukrainari eskatu die esportazio kimikoen inguruko akordioa adostu dezaten. Elikagaien eskasia areagotzen ari da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.