Albistea entzun

Chechu Rodriguez. Nafarroako CCOOko idazkari nagusia

«Ez dugu zerua ukitu, baina enpresariak ere ez dira kontent»

Rodriguezek nabarmendu du 2012ko lan erreformako puntu nagusiak eraldatu dituztela: negoziazio kolektiboan aurrerako eragina baliatzea berriro, behin-behineko kontratuei galga jartzea eta ABEEak enpresen barne doikuntzarako erreminta gisa erabiltzea.
JAGOBA MANTEROLA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko urtarrilak 21 - Iruñea

Iragan ekainean, Nafarroako CCOOko idazkari nagusi izateko aukeratu zuten, bigarren aldiz, Chechu Rodriguez (Tutera, 1959). Argi du azken agintaldia izango duela. Lan erreformari dagokionez, nabarmendu du lortu dutela 2012an PPk bultzaturiko puntu nagusiak eraldatzea.

Zer iritzi duzu lan erreformaz?

Ona. Zailtasun uneak pasatu ditugu, eta ez da harritzekoa, luzatu egin baita. Elementu garrantzitsuak jaso ditu. Negoziazio kolektiboaren atal batzuk berreskuratu ditugu. Horiek gabe, galarazi egiten zitzaigun negoziazioan langileen defentsa egitea. Bigarrenik, galga jartzen zaio behin-behineko kontratazioari. Hirugarrenik, aldi baterako erregulazio espedienteen bitartez, enpresen barne malgutasunerako neurriak jaso dira. Gainera, kontratu motak murriztu dira, eta kontratazio mugagabea lehenetsi.

Zenbateraino dago oraindik indarrean 2012ko lan erreforma?

Mahai batean hiru alde esertzen direnean, zaila da zure aldarrikapen guztiak lortzea. Gobernu barruan lan erreforma aurrera ateratzeko, pitzadurak egon dira. Jakina, gauza batzuk kanpoan geratu dira. Ez du mundu guztia gogobete, baina uste dut 2012an Mariano Rajoyk alde bakartasunez bultzatutako erreformaren atal garrantzitsuenak ukitzen dituela.

2012an, PPk ez zuen arazorik izan sindikatuen iritziaren kontra lan erreforma inposatzeko. Oraingo honetan, akordioa blokeatzeko aukera hori ez al du baliatu CEOEk bere alde?

Nik uste dut patronalak, sindikatuokin eta gobernuarekin batera, erantzukizun ariketa bat egin duela. Ez dugu zerurik ukitu, ez dugu lortu, ez, nahi genuen guztia, baina enpresariak ere ez dira kontent. Barruan eragozpenak izan dituzte. Madrilgo edo Kataluniako patronalek edo laborantza edo automozioko enpresaburuek kritika asko egin dizkiete CEOE zein Cepyme elkartetako buruei. Negoziazioan patronalek zailtasun ugari planteatu dituzte, baina akordioa aurrera atera izanak balio du haren edukia egokiago islatzeko gero negoziazio kolektiboan, enpresetan eta kontratazioetan. PPk, berriz, uste dut lasterketa bat duela Voxekin, ea nork egiten duen okerrago.

Baina beste hainbat alderdik eta sindikatuk irmo kritikatu dute lan erreforma honen edukia.

Ikusteko dago errege dekretu honek zer bilakaera duen Kongresuan, baina ez dut uste akordioaren aurka erabateko aurkakotasunik dagoenik. Erakunde sindikal edo politiko bakoitzak berea defenditzen du. Hainbat erakundek espero zuten lan erreforma honekin dena lortuko zutela, eta ez da hori gertatu, negoziazioetan ez baituzu %100 lortzen. Oraingoan ere alboratu egin behar izan ditugu gauzak; batik bat, patronalak akordioan egon zitezen behartzeko.

Xede nagusietako bat behin-behinekotasunari aurre egitea da. Kontratu mota murrizteak noraino alda dezake egiturazko arazo hori?

2012ko lan erreformak enpresen eskuetan utzi zuen abusuz erabili izan den obra eta zerbitzu kontratua, baina hori desagertu egin da. Behin-behineko kontratuak, batik bat, produkzio arrazoiei edo arrazoi pertsonalen ondoriozko ordezkapenei erantzuteko izango dira. Ez dut kristalezko bolarik jakiteko zenbat behin-behineko kontratu bihurtuko diren finko. Bigarren zatia geratzen da. Enpresetara eta sektoreetara eraman behar dira aldaketak. Gure zeregina izango da aldi baterako kontratazioa mugagabe bihurtzea dekretuak zehaztutako epeetan. Hori betetzen ez denean, salaketa jarri beharko dugu.

Baina ez al dago arriskurik sindikatuek presentzia urria duten sektoreetan hori ez betetzeko?

Horren aurretik, beste zailtasun bat gehituko nioke. Hamar enpresatik bederatzi txikiak eta mikroenpresak dira. Sindikatuok ahalegin bat egin beharko dugu sektoreen esparruan jarraipena egiteko langileen ordezkaririk gabeko enpresa txiki horiei. Sektore hitzarmenen bidez, bete behar hori ezartzeko erantzukizun ariketa egin beharko dugu. Abusuak, egon, egongo dira. Betidanik egin izan dira, eta saiatuko dira orain ere egiten, baina legeak ezartzen duenez, behin-behineko kontratuak mugagabe egiteko aldaketa hori hitzartzen ez den kasuetan, lan ikuskaritzaren eta agintaritzaren eskuetan egongo dela isunak jartzea. Dekretuak markatzen ditu isunak. Gure ustez, abusu hori egitea eragotziko du. Lan Ministerioak baliabideak jarri beharko ditu lurraldeetako lan ikuskaritzek baliabideak izan ditzaten.

Maiz hori da arazoa. Negoziazioan konpromiso horri buruz hitz egin da?

Ez da jaso lan ikuskari gehiago jartzea, baina guk jarraituko dugu salaketak egiten, funtsezkoa baita legea bete dadin.

Behin-behineko kontratuak mugagabe egiteko helburua kalte-ordainak merkatzearen truke egin da?

Nik ulertzen dut ezetz. Egia da zenbaitek nabarmendu dutela ez dugula kalte-ordainen kopurua handitu, eta lan egindako urteko 33 egunekoari eutsi zaiola. Egia da hori, baina enpresa batean modu iraunkorrean behin-behinean den langile bat kaleratu behar izanez gero, hamabi eguneko kalte-ordaina baino hobea izango du, kaleratua izanez gero.

Kontratu mota murrizteak euren beharrak hobeto planifikatzera beharko ditu enpresak?

Planifikazio hobea exijituko du, baldin eta hiru hilabete baino gutxiagoko behin-behineko kontratuak egitera bazoaz. Horrek exijituko du langileen ordezkariei garaiz jakinaraztea, behar horien berri izan dezaten. Enpresa ezingo da etorri otsailean esatera 60 lagun gehiago beharko dituela. Lehenik, urte amaieran esan beharko du hori. Bigarrenik, ezingo du 90 egun baino gehiago erabili kontratu hori. Azkenik, produkzio arrazoiengatik egindako kontratuak lan agintaritzari jakinarazi beharko zaizkio.

Pandemian erabili izan diren Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak (ABEE) barne doikuntzarako erreminta gisa erabili nahi dira orain. Nork hartuko du bere gain finantzaketa?

Ustez, zati bat enpresek eta beste bat Estatuko Aurrekontu Orokorrek. 30 egunetik beherako kontratuak egiten dituzten enpresentzat zigorrak ezartzen ditu dekretuak, eta, halaber, neurri sorta bat jasotzen du enplegu mugagabeari eusten dietenentzat, hainbat ordainketa egiteari uzteko. Langileen Estatutuen garaitik zegoen erreminta hori, baina ez zen erabiltzen, errazagoa eta merkeagoa baitzen langileak kaleratzea. Atzera begiratu besterik ez dago ikusteko zer ondorio izan duten ABEEek enpleguan. Orain, beste arrazoi batzuk aurkeztu ahalko dira. Langileen ordezkariekin akordiorik ez den kasuetan, lan agintaritzaren esku egongo da baimentzea edo ez.

Negoziazio kolektiboan zalantzak daude sektoreko hitzarmenen gainetik lehenetsiko ote diren estatukoak. Ba al da bermerik hori gerta ez dadin?

Sektoreko itunek lehentasuna dute enpresetako itunen gainetik. Sindikatu abertzaleen aurrean, guk estatuko lan itunak babesten ditugu, langileen negoziatzeko ahalmena ez baita berbera EAEn, Nafarroan, Katalunian edo Galizian eta Extremaduran edo Andaluzian. Estatuko hitzarmenak adosten ditugu gutxieneko estaldura bat emateko.

Eta sektoreko ituna blokeatuta egonez gero, estatukoa nagusituko al da?

2012an aurrerako eragina indargabetu egin zen, eta, behin sektoreko lan itun bat berritzeko epea amaituta, estatukoa sartzen zen indarrean. Eta hura izan ezean, langileen estatutua; oinarri-oinarrizko baldintzak, alegia. Orain aurrerako eragina indarberritu dugu. Funtsezkoa zen guretzat. Sektore hitzarmen bat berritzeko epea amaituta ere, aurrekoaren lan baldintzek jarraituko dute indarrean. Dena den, akordiorik izan ezean, beti okertuko dira baldintzak, soldatak ez baitira igoko.

Orduan ez al dago estatuko lan itunen lehentasunik?

Ez. Lan itunen iraupenari buruzko lege artikulu multzoa irauli egin da. Orduan, negoziazio epeak amaituta, aurrekoak jarraituko du indarrean.

Kongresuan, hil honetan bozkatuko da ea dekretua onartzen den, eta, negoziazioaren arabera, ikusteko dago hortik aurrera zer tramitazio izango duen. Gobernuak ez du gehiengorik. Nola ikusten duzu egoera?

Argi dago gobernuak ez duela nahikoa babesik. Zailtasunak daude, eta gobernuaren esku dago negoziatzea gutxiengo hori babesten duten taldeekin. Ikusiko dugu zer emaitza ematen duen. Ez dakit zein diren talde bakoitzaren jarrerak eta proposamenak. EAJk argi utzi du lan itunen lehentasunarena, baina uste dugu patronalen mesederako dela sektoreko itunen gainetik izatea enpresetakoak. Sektoreko itunak oro har enpresetakoak baino hobeak dira. Guk uste dugu dekretua aurrera ateratzen ez bada, 2012kora itzuliko ginatekeela, egoerarik okerrenera. Azkenean onartua bada, ondoren legeak garapen bat izan dezake. Herritarren ordezkaritza Kongresuan dago, eta haiek erabaki beharko dute ondo dagoen edo ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urkullu lehendakaria Zedarriak foroko kideekin, gaur egindako bileran ©Raul Bogajo (Foku)

Urkulluk Zedarriak-en txostenaren «erabilera politikoa» salatu du

Jokin Sagarzazu

Adierazi du alderdi politikoak eta komunikabideak dokumentua erabiltzen ari direla Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. Lehendakaria foroko ordezkariekin bildu da, harremanak normalizatzeko.

Gazpromen egoitza bat, San Petersburgon. ©ANATOLY MALTSEV / Efe

Errusiak moztu egingo dio gasa Finlandiari

Iker Aranburu

Errublotan ordaintzeari muzin egin dio Gasum konpainiak, Moskuk hala eskatu arren.

Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria eta Rosa Lavin presidentea. ©Marisol Ramirez / FOKU

Konfekoop: «Ulertezina da kooperatibak Lanbiden ez egotea; lan mundua aldatzen ari da»

Imanol Magro Eizmendi

Kooperatiben konfederazioen ustez, Lan Sailak ez du erabateko borondatea haiek Lanbideren administrazio kontseiluan sar daitezen. Iaz beste 91 kooperatiba sartu ziren elkartean.

Turistak Donostia Haizearen Orrazian, Aste Santuan. ©Jon Urbe / Foku

Pandemia aurreko Aste Santuan baino turista gehiago izan dira

Iker Aranburu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan 288.487 bezero izan zituzten apirilean, iaz halako hiru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.