AGUR HONG KONGI

Pekinek Segurtasun Nazionaleko Legea onartzeak eta Washingtonek Hong Kongen abantailazko estatusa bertan behera uzteak erabat baldintzatuko dute finantza zentro hura datozen urteetan.

Azken asteetan, protestak ugaritu egin dira Hong Kongeko kaleetan, gazteek antolatutakoak, bereziki. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hong Kong ez da Txina». Hori bezain argi ematen du iritzia Yau Wai-chingek, Youngspirationeko diputatu gazteak; 2016an gutxietsi egin zuten gaizki irakurtzeagatik—nahita egin zuen— bere karguaren izenpea legebiltzar autonomikoan. «Kutsu kulturala partekatzen dugu, txinatarra, baina hongkongdarrok beste balio batzuetan hezi eta hazi gara askatasunari eta banakoen eskubideei dagokienez, eta sistema kapitalista batean». Estatistikei begira, zuzen dabil: Hong Kong bigarren lekuan agertzen da Askatasun Ekonomikoaren Indizean, eta Txina, 103.ean. Beste horrenbeste gertatzen da ustelkeriaren pertzepzioarenean (16 eta 80) eta prentsa askatasunari buruzkoan (80 eta 177).

Erresuma Batuaren kolonia izandakoa Txinari itzuli zioten 1997an, baina munduko ranking askotan oso urrun azaltzen dira Hong Kong eta Txina. Azken finean, herrialde bat, bi sistema eredua onartu zen Hong Kong modu ez hain traumatikoan barneratzeko Asiako erraldoian, eta, hortaz, finantza zentroak bere ezaugarriei eusteko aukera luke 2047. urtera arte. Horrek esan nahi du bere dirua baliatzen jarraituko duela —Hong Kongeko dolarra— eta sistema judizial propioari eutsiko diola, halaber, baita Txinan ez dauden askatasun batzuei ere: esaterako, prentsa askatasunari eta manifestatzeko askatasunari.

Askatasunak arriskuan

Ezaugarri bereizgarri horiek direla eta, Ameriketako Estatu Batuek aparteko lurraldetzat daukate Hong Kong, Pekinen eskuetan badago ere. 1992ko Hong Kong policy act legeari jarraituz, AEBek ez dizkio aplikatzen Txinari ezartzen dizkion murrizketa komertzialak. Salbu egon da Hong Kong duela bi urte bi potentzien artean piztu zen gerratik; hiri hartako enpresek ez dituzte ordaindu behar izan Washingtonek Txinako konpainiei jarritako muga zergak.

Halere, Txinak ekainean sinatu zuen Segurtasun Nazionaleko Legeak hankaz gora utzi ditu herrialdeko barne harremanak. Legearen sei atalen eta 66 artikuluen bidez, Pekin demokraziaren aldeko protesten aurka oldartu da, zeintzuek kaleak jende oldez bete dituzten iaztik. Sezesionismo, iraultza eta terrorismo ekintzak zigortzen ditu legeak, atzerriko esku sartzeez gain. Gobernu zentraleko segurtasun indarren bulego bat ere ireki dute, gaizkileak ikertzeko eta hiriko epaitegietan auzipetzeko. Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak ziurtatu du atxilotuen errugabetasun presuntzio eta eskubideak bermatuko direla. «Ezohiko kasuetan», berriz, akusatuak hiriaz haragoko auzitegietan epaituko dituzte, berme legalik gabe, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko arriskuarekin.

Legea onartzeko prozesua polemikoa izan da, edukiagatik ez ezik ohiko bideari ez jarraitzeagatik ere: Txinako Alderdi Komunistak onartu zuen zuzenean, debaterikgabe eta legebiltzar autonomikoaren bozkarik gabe. Joshua Wong demokraziaren aldeko aktibistaren arabera, legea onartuz «Hong Kongen amaiera eta izua» baizik ez dira lortuko. «Atxiloketa arbitrarioen, kartzela sekretuen, aitorpen behartuen, prentsaren aurkako kanpainen eta zentsura politikoaren garaia» datorrela gehitu du. Lege berriaren arriskuaren pean dagoela dio Wongek.

AEBek abandonatuta

Egoera horretan, Donald Trumpek ere mugitu du fitxa. Errepresioaren gorakadarekin zerikusia duten agintari txinatarren aurkako zigorrak iragartzeaz gain, Hong Kong finantza eta merkataritza zentro gisa bultzatzen zuen estatus berezia kentzea erabaki du. «Agindu exekutibo bat sinatu dut —Hong Kong Autonomy Act— Txina zigortzeko bere ekintza errepresiboengatik. Pekinek askatasuna eta eskubideak kendu dizkie hango biztanleei, eta, horiekin, desagertu egin da Hong Kong , ezingo baitu merkatu librean lehiatzen jarraitu», adierazi zuen AEBetako presidenteak.

«Aukera paregabea eman genion Hong Kongi irabaziak lortzeko, eta hala egin du. Baina, hemendik aurrera, Txinako beste edozein herri bezalakoxea izango da guretzat. Amaitu dira pribilegioak, amaitu dira tratu ekonomiko bereziak, eta amaitu dira teknologia esportazioak», adierazi zuen Trumpek. Pekinek haserre erantzun dio, eta Estatu Batuei zigor berberak ezarriko dizkiela adierazi du. Eragin gutxiago izango dute zigor horiek, politikari estatubatuarrek ez baitute beren dirutza Txinan gordetzen; buruzagi komunistek hala egiten dute AEBetan.

Edonola ere, Hong Kong da tirabira horren benetako biktima. Estatu Batuetako Merkataritza Ganberaren inkesta baten arabera, Asiako herrialde harekin harreman komertziala duten enpresen %76 kezkatuta daude Segurtasun Nazionaleko Legeak izan ditzakeen ondorioekin. %64k, ordea, baieztatu dute ez dutela Hong Kongetik alde egiteko asmorik. «Inork ez du joan nahi, baina legeak duda asko pizten ditu. Jendeak zalantzak ditu, legea anbiguoa delako eta delitu gisa jasotzen duelako atzerriko esku sartzea, benetan zertan datzan azaldu gabe», adierazi du Tara Joseph Ganberako presidenteak.

«Txinan legeak aplikatzeko dagoen arbitrariotasunean ere badago arazoa. Enpresa asko Hong Kongen kokatu dira botere judiziala ez dagoelako gobernuaren esanetara. Baina Segurtasun Nazionaleko Legeak Txinako sistema judizialean auzipetua izateko ateak irekitzen ditu, eta lehen ez zen halakorik gertatzen inolaz ere», dio hirian diharduen euskal enpresari batek —ez du izena eman nahi izan—. «Kezkatuta gaude kritikek ekar ditzaketen ondorioengatik», gehitu du.

Gazteen belaunaldia

Yau Wai-ching eta Joshua Wong bat datoz lege berriaren inguruan: haien ustez, muturrera iritsi da askatasunak kentzeko prozesua, zeina duela urte batzuk hasi baitzen, hezkuntza lege berri bat aplikatzen saiatzearekin bat. Handik gutxira, 2014an, Wong bera izan zen Aterkien iraultzako buru —M-11 eta Occupy Wall Street bake mugimenduen antzekoa—. Gazteen artean kontzientzia politikoa piztu zuen altxamendu hark, eta demokraziarako eskakizunak areagotu zituen. Iaz, estradizio lege berriak inoiz baino hongkongdar gehiago aterarazi zituen kalera manifestatzera, eta mobilizazio horiek gero eta indartsuagoak dira.

Helburua argi dute: sufragio unibertsala lortzea, gobernua demokratikoki erabakitzeko. Gero eta gehiago dira horren aldekoak, baina utopia besterik ez da Alderdi Komunista indarrean den bitartean. Hitz gutxitan, independentzia eskatzen dute. Eta kasu askotan AEBetako bandera astintzen dute, «Hong Kongen salbazioan» ausartago parte hartu dezaten. Hala eta guztiz ere, orain, edozein aldarrikapen independentista zigortu dezakete lege berriarekin esaterako, Aintza Hong Kongi protesten ereserki estraofiziala eta halako abestiak kantatzen badituzte eta Aska dezagun Hong Kong, gure garaiko iraultza gisako esloganak erakusten badituzte.

Osagai horiek guztiek ekaitz ekonomikoa eragin dute finantza zentroan: manifestazioek urte batez uxatu dituzte turistak—BPGaren %17,4 da herrialdean—, eta koronabirusak talka ekonomikoa larriagotu du, etxeko kontsumoari ere eragin baitio. Orain, enpresa eta kapitalen exodoek sortzen dute beldurrik handiena.

Pisu urriagoa ekonomian

Txinari ez zaio axola Hong Kong sakrifikatzea, horrek protestek eragiten duten kezka politikoa baretzen laguntzen badu. Izan ere, hiriak ekonomia nazionalean duen pisuak behera egin du azken hamarkadetan. 1993an, Txinaren BPGaren %27 zen Hong Kongekoa, baina iaz nekez gainditu zuen %2. Estatu Batuek abantailazko estatusa kentzeak are gehiago jaitsaraziko du ehuneko hori. Antzera gertatu da esportazioekin: 1992an, Hong Kongetik igarotzen zen Txinak atzerrira saltzen zuenaren %45, baina iaz %12 izan zen soilik. Halere, hiria inbertsio eta atzerriko dibisa iturri garrantzitsua da oraindik. Are gehiago, buruzagi, politiko eta enpresari txinatar askok han dituzte beren dirutzak.

Edonola ere, Hong Kong peoia besterik ez da Estatu Batuen eta Txinaren arteko talka geopolitikoan. Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, hegemoniarako lehia areagotu egin da arlo askotan: komertzialetik hasita, muga zergen bidez, militarreraino, Hego Txinako itsasoko tentsioarekin. Gainera, talka dago arlo teknologikoan ere, non Huawei sakelakoen enpresa den protagonista. Ministro txinatarrek ohartu duten bezala, beste Gerra Hotz baten hasiera izan daiteke.

Huawei eta Hong Kong giltzarri dira munduaren polarizazioan. Trumpek lortua du Erresuma Batuak sakelakoen enpresa horri betoa jartzea, eta Europako Batasuna Washingtonekin bat dator Hong Kongen ezarritako autoritarismoa salatzerakoan. Estatubatuarren indarrarekin mesfidati agertu izan diren beste herrialde batzuk ere —India, esaterako— men egin dute, Himalaiako mugako tentsioen ondorioz. Posizionamendu horiek arriskuan jar ditzakete Txinaren mundua moldatzeko plana eta globalizazioa. Hong Kong, Mendebaldeko eta Ekialdeko elementuen arragoa, lehen biktima izan daiteke. Baina ez da azkena izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.