Presidentetzarako bozak Kolonbian. Francia Marquez. Itun Historikoaren presidenteordegaia

«Politika berri bat sortuko dugu»

«Zulotik irten eta aurrerantz egin, ala hondoratu». Horixe dago jokoan igandean Kolonbian egingo dituzten presidentetzarako bozen bigarren itzulian, Marquezen ustetan.

DARWIN TORRES.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Erretilua eta jorraia eskuan urre bila ari zen Francia Marquez Mina (Suarez, Kolonbia, 1981) koskortu zenerako. Meazuloan jarraitu zuen batxilergoa ordaindu ahal izateko, «eta goseak ez hiltzeko». Nerabetan hasi zen «komunitatearen alde borrokan», Ovejas ibaia suntsitzen ari ziren multinazionalen aurka. Militantzia horrek baldintzatu du haren ibilbidea.
 


Bera hiltzeko saiakerei izkin egin izan die, ingurugiroaren defentsan mundu mailan nabarmendu direnei ematen dieten Goldman saria jaso zuen 2018an, eta 2020an Twitterren idatzi zuen: «Herrialde honetako presidente izan nahi dut». Bi umeren ama ezkongabe beltz pobre eta feminista batek astindu du Kolonbiako politikagintza. Dirurik eta egiturarik gabe kanpaina egin zuen, eta milioi bat boto bildu zituen ezkerreko hautagaitza ebazteko barne bozketan.

Espero gabeko arrakasta horrek Gustavo Petro politikari ezkertiar beteranoa behartu zuen. Petrok, bere taldera batu, eta presidenteordegai izatea eskaini zion. Maiatzaren 29an koalizio horrek botoen %40 pasatxo lortu zituen. Igandean izango da, ordea, behin betiko zita. Eta, inkesten arabera, pare-parean daude Itun Historikoa ezkerreko koalizioa eta Rodolfo Hernandez milioidun populista buru duen eskuineko aukera.

Kamerak piztu aurretxoan aholkulari bat ari zaio ahapeka belarrira, tartean behin kamerara begiratzea oroitaraziz. «...Eta irribarre egin, ezta?», eten dio Marquezek. Eta barrez lehertu dira, bera eta gelan dauden laguntzaile eta teknikari guztiak. Kazetariari pare bat aldiz egin dio keinu eskuin begia kliskatuz. Ez zaio nekerik nabari.

Zein aldartetan zaude? Zer moduz sentitzen zara pasatutakoa pasatuta eta, batik bat, igandekoari begira?

Alde batetik, poz handia dut, entusiasmo handia. Ahalegin ikaragarria eginda gaude, eta boto-pila historikoa lortu dugu lehen itzulian. Estreinako aldia da ezkerreko indarrok zortzi milioi eta erdi bildu dituguna. Zailtasun asko izan ditugu: mehatxuak, bortxakeria politikoa, arrazismoa; nire kasuan dobleko erasoa emakumea eta emakume beltza izateagatik...

Baina hemen gaude, pozik, Kolonbiak desafioa onartu duelako. Badakigu igandean gure alde egingo dutela herritar gehienek. Horretara goaz. Gozo bizi nahi dugulako, bakean eta pozik.

Kolonbia zerbait berria sortzear dela esan daiteke. Zuen amaz sarri hitz egin izan duzu, eta emagina da bera, aholkurik eskatu al diozu?

Jakina. Politika berri bat sortuko dugu. Tamalez, gure herrialdean, urte luzez, politika hegemoniko patriarkal eta arrazista izan da. Eta ehunka mila kolonbiar erail dituen gatazka armatu bati eutsi zaio urte askoan. Sarraskia eta odolustea. Horregatik munduratu behar dugu politika berri hori: biziarena, zaintzarena, maitasunarena, bakearena.

Zein da zure beldurrik handiena?

Guztiak berdin segitzea, aldaketarik batere ez izatea. Umeak gosez eta desnutrizioz hiltzen ikusten jarraitu beharra. Matxismoa, feminizidioak... beldurra eragiten dit geure jatorrizko herrixkan merkurioz pozoitutako ura edaten jarraitu beharrak.

Gerra oraindik ere eguneroko ogia izateak ere ikaratzen nau, horixe baita historikoki baztertutako territorioei ematen dietena. Behingoz zutunik jarrita, estatuak bakea, duintasuna eta justizia soziala eskain diezagun nahi dugu.

Zergatik izan du hainbesteko arrakasta Rodolfo Hernandezek?

Tira... Nik ez nuke jakingo hori azaltzen. Ez naiz kalkulu politikoei so egon ohi den emakumea. Uste dut estratega politiko onak izan dituela, sare sozialak-eta ondo erabili dizkiotenak...

Gu herritarrekin aurrez aurre hitz egiten saiatu gara, territorioetara joanaz, auzotara. Plazako, kaleko, kanpaina egin dugu. Bestalde, Hernandezi populismoak mesede egin dio. Jende askok gustura hartuko lituzkeen aldaketak agindu ditu, baina presidente baten esku ez daudenak. Horretan ari da kongresua txikiagotuko duela esaten duenean, adibidez. Ustelkeriaren aurka borrokatuko dela esan eta esan ari da. Hori, berez, ona da.

Ustelkeria da gure arazo larrienetako bat; gatazka armatuak bezalaxe hiltzen du. Baina ustelkeriaren aurka aritzea ez da oso txukuna ustelkeria kontu bategatik auzipetua egonda [Hernandez auzipetua dago, kontratu publiko bat semearen mesedetan esleitu izana leporatzen diote]. Ustelkeriaz hitz egin nahi duenak tatxarik gabeko ibilbidea behar du. Gustavo Petrok eta biok badugu zilegitasuna horretarako.

Zein dituzu zeure herrenak?

Gizakia naiz, eta huts egin dezaket. Baina ikasi ere egin dezaket. Denok ditugu ahulguneak... nireetako bat da ez dudala irribarre askorik egiten [barrez lehertu da]. Une oro irribarretsu egon nadin nahi dute...

Beste ahuldadea dut ez dudala injustizia jasaten. Bidegabekeriaren aurrean jauzi egiten dut, erabat deseroso sentiarazten bainau, eta ezin izaten dut disimulatu. Gero, bistakoa da: ni gizarte borrokan aritu naiz beti, eta askok esaten dute: «Ba! Horrek ez du gobernatuko, ez baitu eskarmenturik!». Egia da hori: nik ez dut eskarmenturik gobernuan, ez bainaiz sekula hor egon.

Beltzoi, emakume beltzoi, sekula ez digute gobernurako zirrikiturik utzi. Eta eskarmentua egiten da parte hartuz, egon behar den lekuan egonaz. Baina nik adituei begiratzen baldin badiet, gobernatu gaituzten eliteko gizon pribilegiatu horiei so jarriz gero...

Haien eskarmentuak ez digu merezi dugun moduan bizitzen utzi, ez dizkigu eskubideak bermatu; haien eskarmentuak dauzka 20 milioi kolonbiar pobrezian; haien eskarmentuak ditu umeak gosez hiltzen; haien eskarmentuak balio izan du gatazka armatua iraunarazteko, zortzi-bederatzi milioi biktima eraginez; haien eskarmentuak ez die lagundu gerratik edo gosetetik ihesi joan behar izan zuten dozenaka mila kolonbiarri... Orduan, eskarmentu horretaz ari zaizkidanean, nik esaten diet: nik ez dut eskarmentu hori nahi.

Zer eskarmentu duzu zuk?

Zaintzarena, adibidez. Bi ume hazi eta hezi izana, neuk bakarrik. Badut eskarmentua gure territorioa multinazionalen aurrean defendatzen. Baita gure ibaia babesten ere, ingurunea zaintzen. Eskarmentua metatu dut, halaber, ahalegin handia eginaz unibertsitate batera joan ahal izateko, eta han jasotakoa geure komunitatearen eskubide kolektiboen mesedetan enplegatuz.

Gatazkak neurrigabeko hondamena eragin duen territorio batean, oso umetatik, bakearen alde lan egin izanaren eskarmentua ere badut. Uste dut hori dena herrialde bat gobernatzeko beharrezko eta baliozko eskarmentua dela.

Pozik zaudela diozu, baina ezkertiarrentzat, baita zeure inguru hurbilenekoarentzat ere, kolpea izan zen lehen itzuliko emaitza. Irabazi arren, doluz egon dira… Hernandezek atzetik geratu diren hautagaitzen babesak jasoko zituelakoan. Eta halaxe izan da. Inkestetan atzetik zeundeten orain pare bat aste; orain, berriz, parean. Nola doa zuretzat kanpaina?

Hedabide hegemonikoak haiei beraiei komeni zaien hautagaia goratzen aritu dira. Establishment-aren morroi izango den hautagaia. Hauteskunde prozesua manipulatuz, betidanik egin duten moduan. Kolonbiak azti ibili behar du, eta egiazko aldaketa gurekin dagoela jabetu. Zulotik irten eta aurrerantz egin, ala hondoratu, horixe dago jokoan. Duela lau urte gaizki aukeratu zuen Kolonbiak, eta horrek matxinada ekarri zuen gero.

Orain kolonbiarrei dei egiten diet historiaren bide egokia har dezaten. Era parte hartzailean eraikitako programan zehaztu dugu bide hori Gustavo Petrok eta biok. Biziaren mundu mailako potentzia bihurtuko dugu Kolonbia, gozo bizi nahi dugulako, eta bakean bizi nahi dugulako. Horregatik guayaboa utzi —guayabo esaten diogu hemen trago batzuk hartu ondorengo ajeari—, zutik jarri, eta poztasunez garai historikoaz jabetzeko ordua da. Justizia, bakea eta duintasuna ekarriko digun aldaketaren ordua iritsi baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.