GATAZKEN BEROALDIA LUZE DOA

Lan gatazkak zabalduko ziren aurreikuspena betetzen ari da, eta sektore eta enpresa handietara iritsi da jadanik soldata igoerak KPIra lotzeari buruzko auzia. Uda bero doa, eta oporralditik itzultzean are beroagoa izateko bidean da, lan gatazkei dagokienez. Bitartean, inflazioak ez du etenik.

Mercedeseko langileak, KPIaren araberako igoerak eskatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Udan bero egingo zuela espero zitekeen moduan, lan esparruan ere urte hasieratik aurreikus zitekeen lan gatazkak zabalduz joango zirela. Inflazioaren termometroa gora eta gora doa —%9,7koa da azken datua—, eta erosteko ahalmena ez galtzeko premiak kalera bultzatu ditu milaka behargin Euskal Herrian. Ia %10eko KPIa zartada mingarria ematen ari zaie langileen patrikei, eta lan hitzarmenak gaurkotu gabe edukitzeak galera izugarria dakarkie askori erosteko ahalmenari dagokionez. Labur esateko, hilabeteek aurrera egin ahala pobreagoak dira behargin gehienak.

Hori dela eta, nabarmen egin dute gora urteko lehen seihilekoan lan itunak —eta horiekin batera soldatak— berritzeko borrokek, eta udako oporretatik itzultzean are gehiago heda daitezke gatazkak, bai eta grebak eta lanuzteak ere. «Udaz goza dezagun, irabazi dugu eta», esan die berrikiUGTko buru Pepe Alvarezek Espainiako sindikatu horretako afiliatuei, aditzera emanez oporretatik itzultzean bake soziala apurtzeko prest daudela. Nork-eta kontzertazio sozialeko sindikatu otzanetako baten buruak.

Izan ere, sindikatu guztiak deseroso daude inflazio handiko agertoki honetan. Hasi dira zabaltzen han eta hemen soldata igoera txikiak egin behar direlako mezuak, inflazioak ekonomian dituen kalte orokorrak arintzeko; gehienetan patronalak zabaldu ditu halakoak, baina baita gobernuek ere. Ekonomista batzuek bigarren txandako eraginak eragotzi nahi dituzte, soldata igoera apalak eginez. Lansariak KPIaren pare igota inflazioa gehiago handituko dela diote, eta ekonomiak nekez jasan dezakeen gurpil eroa dakarrela horrek.

Horregatik, errenta paktua hitzetik hortzera dabil, udaberrian Pedro Sanchez Espainiako presidenteak plazaratu zuenetik. Kontua da egungo inflazioa ez dela soldaten ondorio, energiaren kostuarena baizik, eta adostasuna dago horretan. Hortaz, errenta paktua soldatak izozteko eufemismo bat izango litzateke, ELA eta LAB sindikatuek argi esplikatu dutenez. Horrekin batera, lan gatazka ugari aktibatu dituzte, «Oraingoan ere ez dezaten langileek ordaindu».

Enpleguaren alde

«Ez da erraza uda betean lanuzteei ekin behar izatea, baina geroa jokoan dugu», azaldu du Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesako langile Mikel Irastorzak. Azken bi asteetan, bi orduko lanuzteak egin dituzte txandaka, sendotzen ari baitira Alemaniako buruzagitzak Siemens Gamesa salgai jarriko duela dioten informazioak. «GET unitatekoak gara gu Asteasun, beharbada salgai jarriko duten horretakoa, eta, ziurgabetasun hori ikusita, lan itunean enplegua bermatzea nahi dugu». Txarrerako edo onerako izan daiteke salmenta, Irastorzak dioenez, baina, badaezpada, txarrerako prestatu behar dute. «Enplegua errespetatzea nahi dugu, eta enpresa berri batera bagoaz, lan baldintzak bere hartan uztea».

Asteasuko fabrikako beharginak greba mugagabe batean harrapatu zituen pandemiaren hasierak, 2020ko martxoan. Hitzarmena berritzeko mobilizazioa zen hura, eta, bi urteren ondoren, berriro lanuztean dira langileak, oraingoan enplegua bera egon baitaiteke arriskuan.

«Hil bukaeran oporrak hasiko ditugu, baina, urte gogor hauen ondoren, buruak ez du atseden hartuko, kezka handi hori baitaukagu». Berrehun beharginek jarduten dute Asteasuko fabrikan, eta uda betean Alemanian erabakiak hartuko ote diren beldurra zabaldu da haien artean. «Enpresari esan diogu orain lanuzteekin hasi garela, baina ez gaudela prest denbora pasatzen uzteko enplegu bermerik gabe lan hitzarmenean. Enpresak ez badu urratsik egiten, abisu argia emana diogu: mobilizazioak areagotu egingo dira oporretatik itzultzean».

Udako oporraldia su eten moduko bat izango da lan gatazken gudu zelaian, baina eragile guztiek aurreikusi dute su eten hori azkar hautsiko dela. LHK Lan Harremanen Kontseiluak emandako azken datuen arabera, %3,75 igotzen ari dira itunpeko soldatak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta KPIa, berriz, %9,7ra igo da. Kenketa bat egitea nahiko da langileen pobretze prozesuaren neurriaz ohartzeko. Eta, hala ere, benetako aldea handiagoa litzateke, langileen ia %10 lan hitzarmenik gabe baitaude.

KPIaren pareko igoera nahi

«Guk KPIaren pareko soldata igoera nahi dugu hitzarmenean», dio Koldobika Uria Beti On telelaguntza zerbitzuko langileak. 1.200 inguruko oinarrizko soldata jasotzen dute behargin horiek, eta bizitzaren garestitzea orekatzeko adinako igoera eskatzen diote Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua adjudikatua duen ABEE aldi baterako enpresa elkarteari; baina alferrik: «Martxo amaieran hasi ginen grebak egiten; ekaina bukatu artean, 33 greba egun egin ditugu gurekin eseri eta negoziatzen has daitezen, baina ezetza baizik ez dugu jaso». 260 langilek dihardute Beti On zerbitzuan, gehienak emakumeak.

Uriak azaldu du uztail osorako greba batean daudela orain, neurri gogorra dela, eta langileentzat ez dela erraza egoera hori; «baina ez digute aukerarik eman». Era berean, esplikatu du zerbitzu hori beste bost urtez adjudikatu duela EAEko administrazioak, eta «oso prezio apalaren truke». Alegia, ez zaie batere erraza izango Tunstall multinazionalak, GSRk (Mondragon) eta IMQ taldeak osatzen duten ABEEak soldata igoera nabarmen bat onartzea. «Ez da erraza izango, baina guk badakigu zer egin behar dugun».

Inflazioaren olatuan ez itotzeko, bi baldintza bete behar dituzte langileek, oro har: lan ituna berriturik edukitzea eta soldata igoerak KPIra lotzea. Bada, LHKren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hitzarmena indarrean duten langileen %44k baizik ez dute loturik soldata igoeraKPIra —haren osotasunera edo zati batera—. Beste %56ak igoera finkoak ezarri dituzte itunetan, eta ez dute gaurkotze klausularik jaso, gainera. Egungo inflazio handiaren agertokian erosteko ahalmena galduko dute horietako gehienek. Zer esanik ez lan itunik gabe daudenek.

Soldata apalegien arazoa orokorra izanda ere, sektore feminizatuetan jotzen ari da gogorren; lehendik ere soldata arrakala baitago emakumeak gehiengo diren jarduera horietan. Garbiketa, ehungintzaren merkataritza (jantzi saltokiak) eta adinekoen egoitzak dira adibide argienetako batzuk. «Lau urte dira mobilizazioak egiten hasi ginela: tartean pandemia izan dugu, hark eragin digun eromenarekin, eta oraindik ere horrela jarraitzen dugu», dio Zumaiako (Gipuzkoa) San Juan zahar etxeko langile Maider Bollainek. «262 greba egun egin ditugu, aurreko astean azkenak, eta datorren urteko baldintzak bai, baina azken lauetakoak ere gaurkotu nahi ditugu hitzarmenean».

Pandemia baretu denean lanuzteekin hasi dira berriro sektorean, Hegoaldeko lurralde guztietan, baina gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira. «Patronalarekin hitz egiten hasi gara berriro, baina urrun gaude oraindik, eta uda ondoren ere grebekin jarraitzeko prest gaude», ohartarazi du Bollainek. «Ez dira bakarrik soldatak: gure sektorean lan baldintzak asko aldatu behar dira, itota gabiltza-eta funtsezkoa den zerbitzu bat ematen: zaintza». Onartu du «leher eginda» daudela, pandemia eta greba lotzea ez baita nolanahikoa, «baina ez dugu atzera egingo, hori garbi daukagu».

Soldata baino gehiago

Arropa denden kateetan, historikoki ez da erraza izan langileak mobilizatzea; Zara, Mango eta beste handietako dendariek lanuzteei ekin diete, ordea, pandemia atzean geratzen hasi denean. «Zortzi greba egun egin ditugu jadanik, eta aurrera goaz, ez baitute aintzat hartu eskatzen duguna», esplikatu du Ismene Uria Zara Homeko langileak. Bizkaiko ehungintzako merkataritzaren ituna berritu nahi dute, baita larru eta oinetakoena ere.

«Azken grebei esker urrats batzuk egin ditugu antzinatasunari dagokionez, baina, ikusita inflazioa nola doan, soldatak igo egin behar ditugu, nahi eta nahi ez». Jaietan eta asteburuetan lan egitearen auzian ere borroka handia dute sektoreko langileek. «Domeketan eta jaiegunetan ere lan egin dezagula nahi du patronalak, eta ezin dugu halakorik onartu». Uriak dio, gainera, online salmenta dena aldatzen ari dela, eta hor ere langileak direla galtzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.