1973ko ekainaren 20an, bi milioi lagun inguru bildu ziren Ezeiza aireportuaren inguruan Juan Domingo Peroni ongietorria egiteko, eta Ezeizako Sarraskia deitutakoa gertatu zen orduan. Eskuin peronista tiroka hasi zitzaion ezker peronistari, oholtzatik. 1973ko martxoaren 11n, Hector Camporak, zeina lotuago baitzegoen ezkerreko sektoreekin, hauteskundeak irabaziak zituen Peronen izenean, eta horrek modua eman zion Peroni itzultzeko.
Ezeizako Sarraskia gertaera oso garrantzitsua izan zen Argentinako historian, baita peronismoaren historian ere, egun horretan bueltatu baitzen Peron Argentinara, hemezortzi urtez erbestean egon eta gero. Felipe Pigna (Mercedes, Argentina, 1959) historialari eta idazle argentinar ospetsua da, eta gogoetan aritu da Argentinako historiako konturik liluragarrienetako baten gainean: peronismoaren gainean.
Zer diozu Ezeizako Sarraskiari buruz?
Kolpe handia izan zen, Peron egun hartan itzultzekoa baitzen azkenean, herritarrek luzaroan nahi bezala, eta gazteen belaunaldi asko borrokan arituak baitziren horretarako. Segada erabatekoa izan zen; izan ere, eskuin peronistako sektoreek ahaleginak egin zituzten ekitaldia kontrolatzeko, baina, jakin zutenean ezker peronistako jende asko izango zela, eta Peronek oholtzara igo bezain pronto Montoneroen [gerrillaren] kartel bat eta haren atzean jende pila bat ikusiko zuela, tiroka hasi ziren.
Jendea arrapaladan ihes egiten hasi, eta, ondorioz, hamahiru lagun hil ziren, eta 365 zauritu. Trenak doan jarri zituztenez, herrialde osotik etorria zen jendea: bi milioi pertsona baino gehiago bildu ziren. Oso-oso mingarria izan zen Ezeizako topaketa zapuztu hura, eta, azkenean, zera gertatu zen: Peronek ezin izan zuela agurtu bere herria.
Eta zer esan nahi du Ezeizak Argentinako historian?
Gauza asko. Hasieran, Camporaren gobernuari mugak jartzea zen helburua. Gogoan izan Peron Espainian erbesteratuta zegoela, bata bestearen atzetik izandako diktadurek kanporatuta, eta hautagai bat izendatua zuela bere ordez, Campora.
Hark maiatzaren 25ean hartua zuen kargua, eta ezker peronista ordezkatzen zuen; hori, baina, txartzat jotzen zuen mugimenduaren parte ortodoxoak, zeinak loturak zituen boterean zeuden sektoreekin.
Ezeizak balio izan zuen Camporaren gobernuari argi uzteko ahula zela, gutxi iraungo zuela, eta alde batera egin beharko zuela, berriz hauteskundeak egin eta Peron presidente izan zedin. Asmoa zen ezkerrari mugimendu peronistan hegemoniko izateko aukera kentzea, hain zuzen nazioarteko panorama oso berezia zen garai batean: Ameriketan eta Europan, herri borroka askok arrakasta izan zuten, eta gazteak indar handiz hasiak ziren politikan parte hartzen, 68ko Maiatzaren eta mundu osoko mobilizazio ugarien harira.
Zuk diozu Peronen pentsamendu politikoan hainbat joerak izan zutela eragina: nazionalismo katolikoak, Espainiako falangismoak eta faxismoak, baita sozialismoak ere. Baina, zure ustez, Peronek zer ezaugarri ideologiko izan zituen bizitzako etapa bakoitzean?
Interesgarria da, Peronen pentsaera aldatuz joan baitzen, bai. Jatorriz, pentsaera nazionalista sendoa zuen, eta, lehen aldiz lehendakari izan zenean, mundu sindikalarekin kontaktua izaten hasi zenez —Argentinan indar handia izan du beti, eta ezkerrarekin oso lotuta egon da—, pentsaera gogor hori moldatzen hasi zen, eta sozialagoa bilakatu; Evita [Eva Peron] funtsezkoa izan zen horretarako. Evita zen Peronen eta sindikatuen arteko lotura: sentiberatasun sozial izugarria zuen, eta peronismoa ezkerrera mugiarazteko lanean aritu zen. Ezkerrera, baina ez Europan ezkertzat jotzen zen horretara, baizik eta aldarrikapen sozialei dagokien horretara, horrek ez baitzuen zertan loturik egon ezker tradizionalarekin; hain zuzen, Argentinan, herri mugimenduei uzkur begiratzen zien ezkerrak.
Alderdi Sozialista, adibidez, erdi mailako klasearen alderdi bat zen, oso liberala; eta Alderdi Komunista ere bazegoen, oso garrantzitsua gremioei dagokienez, baina Moskuk erabat hartua: ez zituen aintzat hartzen Argentinako gizartearen sentimenduak, oinarrienak. Argentinan, herritar asko, langile klaseko asko, nekazariak ziren, nazionalistak, katolikoak, abertzaleak, eta ez zuten bat egiten internazionalismoarekin edo garai hartako Europako pentsamenduekin.
Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi aurrerakoiak ez zirenik: europar begirada oso oker dago horretan; izan ere, haren arabera, Latinoamerikako herri mugimenduak eta mugimendu iraultzaileak ez dira aurrerakoiak, ez baitituzte betetzen Europako ezkerraren zenbait tradizio.
Zer gertatu zen erbestean?
Peron konturatu zen mundua ezkerrera biratzen ari zela, eta Latinoamerikan borondate handia zegoela iraultza egiteko, Kubako Iraultza eta Latinoamerikako beste zenbait gertakari ikusita. Peron, erbestean zegoela, oso erradikal bihurtu zen, borroka armatuaz ere hitz egiteraino, eta hori garrantzitsua da; izan ere, gero batzuek azkarregi egin zituzten aldaketa horren interpretazioak.
Peronek oso muturrera jo zuen erbestean, beharrezkoa baitzen diktadurari aurre egiteko: diktadura horrek fusilatu eta torturatu egiten zuen jendea, ez 1976koak bezainbeste, baina bai nahiko irmo. Zazpi urtez, zapalkuntza oso gogorra izan zen, eta herritar asko mobilizatu ziren: horrek agerian utzi zuen jendea nazkatzen hasia zela, eta Peronek, nola ez, bere alde baliatu zuen hori.
Peronek jarrera aldatu zuen itzuli zenean.
Ohartarazi zuen gazteak oso erradikalizatuta zeudela, eta boterea kendu nahi ziotela. Edonola ere, oso eztabaidagarria zen hori, iraultzarako borondatea bai baina gaitasunik eta esperientzia politikorik ez baitzegoen.
Gainera, diktaduraren ondorioz, egoera ekonomikoa oso nahasia zen, eta Peronek, berak planteatutako berreraikuntza eredua aurrera ateratzeko, beharrezkoa zuen lanaren sektorearekin eta kapitalarenarekin akordio sozialen bat egitea, peronismoak beti planteatu izan duen bezala. Latinoamerikan, gainera, zehaztua zegoen noiz egingo zen Allenderen kontrako kolpea; hain zuzen, hori zen Hego Konoan geratzen ziren azken bi demokrazietako bat.
Halaber, [Ameriketako] Estatu Batuak galtzen ari ziren Vietnamen, eta Latinoamerikan jarriak zituzten indar guztiak, atzeko patioa deitzen zioten hori berreskuratzeko asmoz. Beraz, desoreka handia zegoen gazteek zer planteatzen zuten, langileen mugimenduko zenbait sektorek zer, eta Peronek zer.
Baina, ezkerreragoko sektoreekin izandako desadostasun horiek alde batera utzita, zuk uste duzu Peronek eskuinerantz egin zuela nolabait?
Bai, noski. Prozesua oso korapilatsua da; izan ere, peronismoaren egituran sartuta zeuden kide boteredun batzuk eskuinekoak ziren, hala nola Jose Lopez Rega, nor-eta Peronen idazkari pribatua. Nire ustez, ezkerreko peronistek huts egin zuten hor ebaluazioa egiteko orduan, ez baitziren jabetu indar korrelazioaz: ulertu zuten Peronekin berdinetik berdinera joka zezaketela, eta, gainera, eskuinera egiteko argudioak eman zizkioten.
Peronek agintea hartu eta bi egunera, Montoneroek Jose Ignacio Rucci hil zuten, CGTko [Langileen Zentral Orokorra] burua eta Peronen oso gertuko gizona. Gero autokritika handia egin zuten gertatutakoaren inguruan, baina, garai hartan, Peronekin zuten lotura haustea ekarri zuen.
Eta ezkerrak zer lortu nahi zuen Rucci hilda?
Zaila da ulertzen. Ustez, Peroni mugak jartzea zen haien asmoa, eta hari erakustea zenbateko boterea zuten, horretarako mekanismoaren funtsezko piezetako bat kenduz.
Baina justu kontrakoa lortu zuten. Gizarte osoak erabat arbuiatu zuen gertatutakoa: Rucci funtsezkoa zen langileen mugimenduaren barruan ere, eta ez zen inola ere beharrezkoa hura hiltzea. Hala, Montoneroek ospe txarra hartu zuten langile mugimenduko kide askoren artean ere, eta, hain justu, langile mugimenduak garrantzi handia zuen peronismoan.
Peronisten eta gorilen [horrela deitzen zitzaien Argentinan peronismoaren kontrakoei] arteko zatiketa hori alde batera utzita, bazeuden beste pertsona batzuk ere, identitate peronista-edo bazutenak baina peronismoaren fenomenoaren gaineko interpretazio kritikoagoa eta sakonagoa egiten zutenak.
Uste dut kirchnerismoaren urteak oso lagungarriak izan zirela jende askorentzat, kritika egin ahal izan baitzuten lehenengo peronismoak eta hirugarrenak, Peronen azkenak, ekarritako ondorio negatiboen inguruan. Hau da, Peronek presidente izan zenetan egindako gauza on guztiei eusteko aukera izan zen, eta peronismoak jatorrian izandako jarrera autoritarioak kritikatzekoa, aurrez estaliak baitzituzten kontu horiek, alde onak nabarmentzeko helburuz.
Nire ustez, peronistak gogoetatsuak direla esatea oximorontzat jotzen dutenek oso ikuspuntu gorila dute, eta iruditzen zait peronismoak baduela behar adinako historia eta heldutasuna autokritika egiteko eta bere historiaren inguruan hausnartzeko. Prozesu oso korapilatsua da: zaila da ondo ulertzea, eta behar-beharrezkoa da elementu guztiak aintzat hartzea, baina hain justu zailtasun horrek bihurtzen du peronismoa horren liluragarri.
Eta, agian, Europan peronismoa ulertu nahian egin ohi den hutsik handiena zera da, peronismoa etiketatu beharra dutela, ezkerrekoa edo eskuinekoa den jakin, eta, halako mugimenduei dagokienez, kategoria horiek ez dute balio. Izan ere, Latinoamerikan, ezkerra eta eskuina ez dira Europan diren gauza bera. Peronismoa atxikimendu handiko fenomenoa da, oso indartsua. Gertatutakoak gertatuta ere, eta izandako liskarrak alde batera utzita, Peronen beila izugarri hunkigarria izan zen.
Hura izorratzen aritutakoak ere han zeuden, baita plazatik alde egindakoak ere: batzuk eta besteak hortxe zeuden negar batean, gogoan hartuz Peron eredu ordezkaezina zela eta mugimenduak haren marka eta zigilua zeramatzala argi eta garbi.
Sentimendu pixka bat ere badago peronismoaren inguruan…
Bai, noski: nire ustez, sentimendua ere elementu politiko bat da. Politika muturreraino arrazionalizatuz, alde batera uzten da arlo sentimentala, eta peronismoaren parte garrantzitsua dira sentimendua eta identitatea. Peronismoari jazarri egin zitzaizkion hamazazpi urtez, eta estigmatizatu ere egin zuten tarte horretan: jendea espetxeratu, torturatu eta fusilatu egin zuten peronista izate hutsagatik, eta identitate horrek ez du zerikusirik etekinekin, nahiz eta batzuek dioten peronistak peronista direla trukean zerbait ematen dietelako.
Zer eman zieten, bada, hamazazpi urtez beti bezain peronista edo are peronistagoa izan zen jende horri guztiari? Kartzela, besterik ez. Hortaz, sinplifikazio hutsa da esatea jendea oparien truke zela peronista.
Felipe Pigna. Historialari eta idazlea
«Ezeizako Sarraskiko segada erabatekoa izan zen»
Duela 50 urte, Peron Argentinara itzuli zen erbestetik. Ongietorri festa, baina, tragikoa izan zen: eskuin peronistak hamahiru lagun hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu