Kremlinen ustez, NATO ez da sartuko Ukrainan, arma nuklearrak erabilita ere

Igor Susaeta.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainako gerran arma nuklearrak erabilita ere, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez du horretan zuzenean esku hartuko du. Hori uste du Kremlinek, eta hala esan zuen atzo Dmitri Medvedev Errusiaren Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta 2008tik 2012ra herrialdeko presidente izandakoak, Telegramen. Vladimir Putin Errusiako presidenteak azken egunetan ohartarazi izan du prest daudela arma nuklearrak erabiltzeko beren herrialdea defendatzearren.

Medvedevi iruditzen zaio aliantza militarrari Washingtonen, Londresen eta Bruselaren «segurtasunak» axolak diola, eta Europako eta «ozeanoaz [Ozeano Atlantikoa] haragoko demagogoek» ez dutela «apokalipsi nuklear batean» hiltzeko asmorik. «Horregatik irentsiko dute edozein armaren erabilera gatazka honetan».

Giza eskubideen egoera

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Errusiaren inbasioa hasi zenetik «izugarria» da giza eskubideen egoera Ukrainan. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak atzo kaleratutako txosten batean nabarmendu zuenez, urraketa sorta zabala da, eta «bereziki kezkatuta» daude atxilotuek pairatutako tratu txarrekin eta torturekin. Zehaztu du urraketak egin dituztela bai Errusiako indarrek, baita Ukrainakoek ere.

Bestalde, Georgiako Barne ministro Vakhtang Gomelaurik atzo azpimarratu zuen Putinek mobilizaziorako deia egin zuenetik, alegia, lehengo asteazkenetik, bikoiztu egin dela Errusiatik Georgiara sartu diren herritarren kopurua. «Lehen 5.000-6.000 ziren egunero, eta orain, 10.000 bat». Kazakhstango presidente Kassim-Jomart Tokaievek atzo adierazi zuen azken egunetan «Errusiako jende asko» iritsi dela beren herrialdera. Horrekin lotuta, Kremlinek atzo jakinarazi zuen ez duela alde egin dutenen estradizioa eskatzeko intentziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.