Albistea entzun

Eskuina eta pandemia Hego Amerikako bi itsasertzetan

Brasil eta Txile dira Latinoamerikan koronabirusaren ondorioz hildako gehien izan dituzten herrialdeetako bi. Pandemia kudeatzeko erak ondorioak izan ditu politikagintzan ere, eta litekeena da ordaindu beharreko prezioa garestia izatea estatuburuentzat.
Jair Bolsonaro, Brasilgo presidentea, maskara jantzia duela.
Jair Bolsonaro, Brasilgo presidentea, maskara jantzia duela. ANDRE BORGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gabriel Puricelli -

2020ko abuztuak 29 - Buenos Aires

Hego Amerikan, eskuina da nagusi gaur egun, eta eskuineko gobernuetako biren bilakaera estu lotuta dago COVID-19ak herrialde haietan duen eraginari. Atlantiko aldeko gobernuan, presidentea modu militantean ari da koronabirusaren prebentziorako neurri ororen aurka, eta hori du bereizgarri nagusia. Pazifikoko kostakoan, berriz, gaitasunik eza gailentzen da, eta agerian geratu da desberdinkeria sozialak zulatutako osasun sistema hura ez dela batere egokia.

Segur aski, Jair Bolsonaroren gidaritzapeko Brasil horretan egiten ari dira esperimenturik erradikalena eta luzeena ikusteko zer gertatzen den mehatxua axalekoa balitz bezala jokatuta; Erresuma Batuan, esaterako, Boris Johnsonek aste batzuetan bakarrik eutsi ahal izan zion jokamolde horri. Donald Trumpek AEBetan egindakoa eta batez ere esandakoa gogoan, hasieran, Brasilgo presidenteak bota zuen «hotzeri txiki» bat besterik ez zela gaixotasuna; hori aski ez, eta behin baino gehiagotan filmatu dute, berak hala nahita, distantzia fisikoa zaindu gabe, jende pilaketarik ez sortzeko gomendioari entzungor eginez eta jendartean sudurra eta ahoa tapatu gabe. Testu hau idazteko orduan, Brasilgo Osasun ministroa behin-behinekoa da, pandemia hasi zenetik hirugarrena. Horrek hondamendia dakar: gaur egun, Brasil hirugarren herrialdea da hildako eta kutsatu kopuruari dagokionez. Zorionez, herrialde federal bat da, eta horrek bide eman du estatuetako gobernuek prebentzio neurriak har ditzaten: Bolsonarok hautsi dituen eta oraindik hausten ari den neurri horiek berak.

Brasilgo eskuin muturrarentzat, pandemia gudu zelai bat izan da bere nemesi guztiei aurre egiteko: zientziari, estatuak babes sozialean duen eginkizun aktiboari, kosmopolitismo globalistari. Etsai bakoitzari amuleto bat erakutsi dio: medikuntzak balioztatu gabeko sendabideak; gobernadoreek martxan jarritako arauen aurkako desafioa; Osasunaren Mundu Erakundeari eginiko gutxiespena. Eta, horretaz gainera, presidentetza liskarrean dabil estatuko beste bi botereekin: Kongresuarekin eta (batik bat) Auzitegi Federal Gorenarekin. Bolsonarok hautatutako lehen etsaiari dagokionez, gaur egun «produkzio zientifikoak balioa eta finantzaketa galdu ditu» Brasilen, Rio de Janeiro Estatuko Unibertsitateko Gizarte eta Politika Ikasketetako Institutuko irakasle Jose Mauricio Dominguesek nabarmendu duenez.

Legegileek eta epaileek behin eta berriz egin diete aurre erasoei. Legeak onartzeko orduan, legegileak oztopoak jartzen ari zaizkio gobernuari, baina gobernuan beti izendatu ohi dute norbait, garaiz izendatu ere, kongresuko alderdiren baten jarrera eztitzeko. Epaile gorenek gogorrago jokatu dute: ikerketa bat jarri dute martxan, aztertzeko Bolsonaroren aldekoek zerikusirik izan duten albiste faltsuen hedapenarekin, eta adierazpenak ere egiten ari dira: esaterako, Celso de Mellok ohartarazi du «Weimarko Errepublikari Hitlerrekin gertatu zitzaiona» gerta dakiokeela Brasili ere.

Jair Bolsonaro eta, are sutsuago, haren seme Eduardo, zeina Sao Paulo estatuko diputatua den, jolaskerietan ibili dira beren buruari estatu kolpe bat jotzeko ideiarekin, botere legegilea eta judiziala indargabetzeko: 1964ko estatu kolpea jendaurrean defendatu dute etengabe. Presidentetzako familiak uste zuenaren kontra, Brasilgo iritzi publikoak oso bestelako bidea hartu du: Datafolhak egindako galdeketa batean, parte hartzaileen %75ek esan dute demokrazia dela erregimen politikorik egokiena. Demoskopia enpresa horrek 31 urte daramatza inkesta hori egiten, eta demokraziaren aldeko ehunekorik handiena izan da oraingoa.

Bide onetik

Herriak gero eta gutxiago babesten du Bolsonaro, baina babes oinarri sendoa dauka oraindik: %37 Bolsonaroren alde daude, eta %34 kontra, Datafolhak abuztuaren 12an egindako inkestaren arabera. Oinarri horri esker, Bolsonaro da buruzagirik ezagunena 2016an Dilma Rousseff presidentea kargutik kentzeko eta 2018ko presidentetzarako hauteskundeetan Langileen Alderdiari aurre egiteko sortu zuten koalizio zabaleko politikarien artean —zentro-eskuinetik hasi eta eskuin muturreraino—. Zentro-eskuinekoek espero zutenaz bestera, militarrek babes handiagoa daukate orain; orain, gobernuko hiru bandoetako bat dira —fundamentalista erlijiosoak eta muturreko neoliberalak dira beste biak—. Ondorioa? Kudeaketan gero eta toki handiagoa dutela.

Hego Amerikako mendebaldean, Sebastian Piñera presidentearen aldeko babesa desagertzeko zorian zegoela iritsi zen pandemia. Hain zen txikia Piñera begi onez ikusten zutenen tasa, ezen handitu besterik ezin baitzen egin harenganako oniritzia; espero izatekoa zen bezala, «banderaren inguruan elkartzeko». Hau idazteko orduan, txiletarren %13 bakarrik daude presidentearen alde, eta, baina 2019aren bukaeran, %6ra ere iritsi zen tasa hori. Eta kontuan izan behar da Txile hirugarrena dela 100.000 biztanleko hildako gehien duten herrialdeetan. Pamiela Figueroa Santiagoko Unibertsitateko akademikoaren ustez, «aldi baterako bakarrik handitu da Piñeraren aldeko babesa», eta arrazoiak ere azaldu ditu: «Pandemian izan duen kontrol zentralizatuak ikusgaitasuna eman dio, 2019ko protestetan galdu zuena, baina desegokia izan da osasun krisia kontrolatzeko aplikatu duen politika, eta, orain arte, porrot egin du; beraz, pandemiaren ondoren, herritarren babesa galduko du berriz, segur aski».

2019. urteko azken hiruhilekoan, etengabeko mobilizazioek hartu zituzten Txileko kaleak, eta bi arrazoi zituzten, besteak beste: desberdinkeria eta bidegabekeria soziala. Figueroaren arabera, pandemiak sakondu eta azaleratu besterik ez ditu egin protestarako arrazoi horiek; «atzo genioen bezala» esan eta gero, berriz hasiko dira beste konstituzio baten eta gizarte justuago baten aldeko mobilizazioak, eta biziagoak izango dira agian.

Hego Amerikako bi aldeetan, pandemiak hondamen bortitza eragin du. Alde batera utzita ea nahita egindako estrategia bat izan den, ezer ez egiteko eta ezer ez egiten saiatzeko estrategia bat (Bolsonaroren kasua), ala hanka sartze politikoak eta lehendik ere bazeuden egoera injustuak izan diren, kontua da Brasilen eta Txilen pandemiak izan duen eragina harri pisutsuegia izan litekeela Bolsonarorentzat, eta begirune gutxirekin egindako hilarria Piñerarentzat, lehendik ere madarikatuta baitago haren ondarea. Bi kasuetan, lezio argi berbera: birusa hilgarriagoa da borondatezko borreroekin edo agindu bidegabeen zaindariekin elkartzen denean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek ustezko globo espioi txinatar bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak nahastu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest
Milaka zibil gerra frontean harrapatuta daudela salatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.