BAKARRIZKETA

Bateria berriak txori urdinari

ALEXANDER BECHER.
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
1. Zozoak beltzak dira, miruak gorriak, saiak arreak eta usoak zuriak, baina une honetan ez zaizkit bururatzen zein txori diren urdinak. Ni ere ez naiz aditua biologian, baina ez zaitez gehiegi estutu, izenburukoa ez da hezur-haragizko hegaztia, logoan txori urdina duen enpresa bat baizik: Twitter.

2. Eta bateriak? Nik dakidala txori hori jendearen komentarioek elikatzen dute. Bateriak Elon Muski dagozkio [irudian], Tesla auto elektrikoen egilearen jabeari. Izan ere, Muskek Twitter erosi nahi du. Akzioen %9,1 bereganatu ditu azken asteetan, eta konpainiaren kontrola bereganatzeko eskaintza egin du.

3. Negozio ona al da Twitter? Ez, kontrakoa. Iaz 200 milioi eurotik gora galdu zituen, eta ez pentsa urte bereziki txarra izan zenik: 2020an 1.300 milioi euroren galera izan zuen.

4. Orduan, zertarako erosi nahi du? Ahal duelako, edo, zehatzago esanda, erosi ahal duela uste duelako. Munduko pertsonarik aberatsena ez ezik, gaia edozein dela ere bere iritzia ozen esatea gustuko duen pertsona bat da Musk. Pentsa, «ahobero profesionala» deitu dio aste honetan Financial Times-en editorialistak.

5. Baina bere egoa puzteaz gain, izango du Muskek beste helbururik, ala? Bai. Teslaren jabeak uste du Twitterrek gehiegi zentsuratzen dituela iritzi batzuk, eta iritzi librearen plataforma bihurtu nahi du. «Iritzi librearen absolutista» deitu dio bere buruari, eta horregatik kritikatu du Russia Today, Sputnik eta Errusiako Gobernuari lotutako hedabideak plataforma sozialetan zentsuratu izana.

6. Tira, ez da lehenengoa kexu dena Twitterrek oso zorrotz jokatzen duela iritzi jakin batzuk isilarazten. Ez, Euskal Herrian bertan txiolari ezagun askok salatu dute beren kontuak itxi dituztela iritzi deserosoak zabaltzeagatik. Baina kontua da Musk bera ez dela pertsonarik onena erabateko iritzi askatasuna aldarrikatzeko. Bere enpresetan, Teslan eta SpaceX-n, zigortu egin ditu proiektu bat kritikatzera ausartu direnak, eta langileek debekatuta daukate Musken aurkako salaketak jartzea.

7. Twitterren nola jokatzen du? Mingain zorrotzarekin, baina azal finarekin ere bai. Kasu ezagunena Vernon Usworth espeleologoarena da; Thailandiako leize batean harrapatuta geratu ziren hamabi mutiko erreskatatzeko Teslako ingeniari batzuk eta urpekari txiki bat bidali zituenean, Unsworthek esan zuen «bere burua goresteko trikimailu bat» zela. Kontrako eztarritik sartu zitzaion salaketa: «pedofilo» deitu zion Unsworthi, eta 50.000 dolar ordaindu zizkion ikertzaile pribatu bati, espeleologoaren trapu zikinak bilatzeko.

8. Twitter erosi ahal izango du? Ikusteko dago. Konpainiaren oraingo kudeatzaileek leku bat eskaini zioten administrazio kontseiluan, baina Muskek uko egin zion eta enpresa osorik erosteko 40.000 milioi euro eskaini zituen. Dirutza da beretzat ere, baina finantzaketa ziurtatu duela iragarri du aste honetan. Twitterreko zuzendaritzak «pilula pozoitsua» izeneko tresnarekin erantzun dio: Muskek %15 lortuz gero, beste akziodunei titulu berriak prezio erdian eskainiko dizkie, eta horrela akzio bakoitzaren balioa asko murriztuko. Horrek ez du operazioa zapuztuko, baina bai atzeratuko. Litekeena da auzia negoziazio baten bidez konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.