Nafarroan euskara ofizial izatea aldarrikatu dute ehunka lagunek

EHEk eskatu die alderdiei ez atzeratzeko gehiago auzia eta «behingoz» onartzeko lege berria

Atzoko giza katea eta protesta Gazteluko plazan amaitu ziren. Mila lagun inguru elkartu ziren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Hizkuntza haizea da/ haizea ezin da ebaki/ egin dute hiru zati». Jotaren doinu eta egituran, Maider Esparzak mezu labur horrekin laburbildu zuen atzoko mobilizazio jendetsuaren mezu nagusia. Ehunka lagun, mila inguru, elkartu ziren atzo eguerdian Euskal Herrian Euskaraz-ek Baluarteko jauregitik Gazteluko plazaraino antolatutako mobilizazioan. Egungo Euskararen Legea indargabetzea eta Nafarroa osoan euskara ofizial egingo duen legedia sortzea aldarrikatu zuten. «Nazkatuta gaude. Ez gaude gure hizkuntza eskubideak legez urratuak direla bizitzeko prest. Ez dugu onartuko legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen ikustea», nabarmendu zuen EHEko Jone Bengoetxeak.

Kanpaina betean egin zen protesta. 12:00etan, apurka-apurka jendea elkartuz joan zen. Kalejira eta giza kate gisa antolatu zuten martxa, banakako lerro handia eratuz Baluartetik Sarasate pasealekuraino eta handik helmugaraino: Gazteluko plazaraino. Manifestarien artean, euskalgintzako kide ugari ikus zitezkeen. Kateak aurrera egin ahala, jendea elkartuz joan zen, eta, amaieran, mila kide inguru bertaratu ziren. «Euskaraz bizi nahi dugu» eta «Euskal Herrian euskaraz» leloak errepikatu ziren martxan.

Amaieran, euskara ofizialaren aldeko kartela zabaldu zuten Gazteluko plazan. Erdiguneko kioskoan rap-a kantatu zuen Mendibek. Bakoitzak bere estiloan, gauza bera egin zuten Maider Esparza jota kantariak eta Joanes Illarregi bertsolari leitzarrak.

EHEren mezua

Euskal Herrian Euskaraz-eko Sugoi Etxarrik eta Jone Bengoetxeak hartu zuten hitza. Bengoetxeak gogora ekarri zuen 1986ko abenduan onartu zela egun oraindik ere indarrean den Euskararen Legea, garaiko PSNren babesarekin eta UPNren abstentzioarekin. Lege hark hiru hizkuntz eremutan banatu zuen Nafarroa, «helburu argi batekin», EHEren arabera: «Euskararen erabilera Nafarroako mendialdeko herrietan zokoratuz, hiriburuetan eta tarteko eremuetan mugatuz eta hortik behera guztiz ukatuz».

Bengoetxearen hitzetan, 43 urtez legedi horren gerizpean sustatu den esparruak mendialderako soilik balio duen hizkuntza gisa irudikatu du euskara, gaztelera erabat normaltzat jo den bitartean. Oztopo guztien gainetik, lau hamarkadatan egin den «inurri lanak» emaitzak eman dituela uste du, eta horren adibidetzat jo du egun nafarren %26,5 euskaldun izatea. «1986an, %10 besterik ez ziren. Zenbat izango ginen orain euskararen aldeko borrokarik gabe?», galdetu zuen Bengoetxeak.

Gogora ekarri zuenez, azkenaldian Euskararen Nafar Kontseiluak, gobernuaren erakunde aholkulariak, lehen aldiz euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du, eta, Kontseiluak abiatutako kanpainan, 200 eragilek bat egin dute. Bengoetxearen arabera, guztiz zentzuzkoa da aldarrikapena, eta, horregatik, hurrengo legealdia euskararen ofizialtasunarena izateko eskatu die alderdiei: «Kontu hau ezin da denboran gehiago luzatu. Ezin da negoziazioen lehen minutuan erori. Euskararen lege berri bat onar ezazue behingoz. Bada garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.