Tigrayko elikadura egoera azken urteko txarrena da, NBEren arabera

Nazioarteko erakunde humanitarioetako zazpi kide kanporatzeko agindu du Addis Abebak

Gatazkaren eraginez bi milioi lagunek utzi dituzte euren etxeak. Irudian, Deseko (Etiopia) errefuxiatu kanpalekua. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Elikadurari dagokionez, Tigrayko egoera «larria» da, OCHA Nazio Batuen Auzi Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoaren arabera, eta Etiopiako Gobernuak azken egunetan hartutako erabakiek hura okerragotu dezakete. Izan ere, Addis Abebak persona non grata izendatu ditu NBE Nazio Batuen Erakundeko zazpi goi kargudun, «herrialdearen barne gaietan esku hartzeagatik».

Unicef Nazio Batuen Laguntzarako Funtsak, NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariak eta OCHAk Etiopian dituzten kargudun nagusietako batzuek utzi beharko dute herrialdea igandea baino lehen. Hiru erakundeek Tigray eskualdera laguntza humanitarioa bidaltzeko trabak jarri izana leporatu diote Addis Abebari. Hala nola NBEren gai humanitarioetarako buru Martin Griffithsek salatu du laguntza «de facto blokeatuta» egon dela hiru hilabetez.

Horren ondorioz, iritsi beharreko laguntza humanitarioaren %10 besterik ez da ailegatu Tigrayra. NBEk salatu du, irailaren 21etik 28ra bitarte, 79 kamioi besterik ez zutela bidali eremura;baina egungo beharrei aurre egiteko, eguneko ehun inguru mobilizatu beharko lirateke.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek «harrigarritzat» jo du Abiy Ahmed presidentearen erabakia, eta gehitu du hura bertan behera uzteko lanean ari direla. Gogorragoa izan da Etxe Zuriko Prentsa idazkari Jen Psaki. Uste du «gehien behar dutenei» laguntza iristea oztopatuko duela erabaki horrek, eta zigorrak jartzeko aukera mahaigaineratu.

Addis Abebaren arabera, nazioarteko erakundeetako langileak TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari laguntzen ari dira, eta horren ondorio da erabakia. Izatez, ez da molde bereko lehena. Abuztutik, Mugarik Gabeko Medikuen Herbehereetako sekzioak eta Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak debekatua dute eremu hartan lan egitea, gobernuak «talde errebeldeak armatzea» leporatu ostean. Tigrayn eta eskualdera sartzeko bidaietan ere 23 langile humanitario hil dituzte.

Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko gatazka iazko azaroaren 4an hasi zen, Abiyk eskualdea hartzeko oldarraldia hastearekin. Ordutik, gatazka Amhara eta Afar eskualdeetara ere zabaldu da. Eremu horietan, 5,2 milioi biztanlek laguntza humanitarioa behar dute aurrera egiteko. Tigrayri dagokionez, gatazka hasi zenetik atzemandako daturik «txarrenen» berri eman du NBEk: besteak beste, eskualdean haurdun dauden hamar emakumetik zortzi desnutrizio egoeran daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.