BAKARRIZKETA

Eta taxia zerutik jaitsi zen

LILIUM.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
1. Zer, Blade Runner ikusi duzu? Berriro esango dizut: airean ibiltzen den autorik ez dago. Esaiozu hori Uberri. Aste honetan zabaldu duenez, 2023. urtean aireko ibilgailuen taxi zerbitzu bat abian jartzeko asmoa du. Uber Air deitu du.

2. Falta zitzaiguna. Aireko autoak Kontxa zeharkatzen, Gazteluko plazan lurreratzen... Agian irudi horiek ikusi ahal izango dituzu, baina ez da berehalakoan gertatuko, Euskal Herrian behinik behin. Uberrek hemendik oso urruti dauden hiru hiri aukeratu ditu bere esperimentua egiteko: Los Angeles eta Dallas, AEBetan, eta Melbourne, Australian. «Hiri handiak handitzen ari direnez, ez da jasangarria izango auto pribatuen menpe egotea», argudiatu du.

3. Eta jasangarria da zerua ibilgailuz betetzea? Ez dirudi. Grabitatearen legeak esaten du aireratzeko erregai, argindar edo dena delako asko beharko dutela ibilgailu horiek. Hiri garraio jasangarria nahi izango balu, Uberrek hobe luke autobus eta tren zerbitzuak eskaini.

4. Eta ez dabil horretan? Ez bereziki. Uberrek garraioaren Amazon izan nahi du, hau da, garraioaren arlo guztiak bete behar ditu. Taxien ordezkoak eskaintzen hasi zen, airekoak buruan ditu, eta bere hurrengo asmoetako bat da Manhattanen eta New Yorkeko aireportuaren arteko zerbitzu bat eskainiko duen helikoptero zerbitzu bat, Uber Copter izenekoa. Baina egia da beste herrialde batzuetan bizikletak eskaintzen dituela, minibusak Egipton, txalupak Indian...

5. Buelta gaitezen aireko taxietara, orain bururatu zait-eta segurtasuna ere arazo izan daitekeela, ezta? Hori da funtsezko beste gaia. Autoen arteko istripuak larriak dira, baina, salbuespenak salbuespen, errepidean gertatzen dira. Aireko taxi hori batek matxura izanez gero, edozeinen buruaren gainean eror daiteke, edo etxe batean, eskola bateko patioan...

6. Ez jarraitu. Urduri jartzen ari naiz. Ez zara bakarra. Uberrek bere asmoen berri eman zuen konferentzian zegoen AEBetako abiazioaren arduraduna, Dan Elwell. «Zuk hirietan jendea garraiatzeko sistema ezin hobea ikusten duzun lekuan, nik ikusten ditut autoen neurriko ibilgailuak, rotore askorekin, dentsitate handiko hirien gainean zintzilikatuta», esan zien Uberreko buruei. Beste hitz batzuetan, aire trafiko hori ere arautu beharko dela, eta halaber arautu beharko direla droneak ere, Amazonek eta Alphabetek bere produktuak banatzeko erabili nahi baitituzte modu masiboan.

7. Baina gaur egun ba al dago teknologia prest horrelako aireko taxiak egiteko? Horretan ari dira konpainia batzuk. Uberrek Boeing eta Bell enpresei enkargatu nahi dizkie bere helikopteroak. Europan, Lilium ari da horretan —irudian—.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.