Txinak segurtasun ituna adostu nahi du Pazifikoko uharteekin

Pekinek partaidetza «handiagoa» izan gura du zibersegurtasunean eta itsas baliabideen ustiapenetan. Txinako Atzerri ministroa hamar herrialdetako agintariekin batzartuko da

Salomon Uharteetako Atzerri ministroa eta Txinakoa, 2019an egindako bilera batean, Pekinen. MARK SCHIEFELBEIN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Asia-Pazifikoko hamar uharteekin segurtasun eremua zabaltzeko eta harremanak sendotzeko akordio zabal bat lortzea du xede Txinako Gobernuak, The Guardian egunkariak atzo aurreratu zuenez. Argitaratutako zirriborroaren arabera, Pekinek «partaidetza handiagoa» izatea nahi du polizia zaintzan, zibersegurtasunean, eta itsas baliabideen ustiapenetan. Asiako erraldoiaren asmoak zein diren jakinda, itun horrek kezka handia eragin diezaieke akordio horren aurka dauden Ozeano Bareko herrialdeetako agintariei eta Mendebaldeari.

Zirriborro horrek bost urteko ekintza plan bat jasotzen du, eta Txinak askotariko gaiak jorratu nahi ditu; besteak beste, merkataritza, finantzaketa eta inbertsioa, turismoa, osasun publikoa, eta mandarin txinera eta kultura trukea. Akordioaren arabera, 2018arekin alderatuta, Pekinek 2025erako aldebiko merkataritzaren bolumena bikoizteko konpromisoa hartu du, eta Asia-Pazifikoko uharteei bi milioi dolar—1,85 milioi euro— emango dizkie COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, baita berrehun mediku txinatar bidali ere.

Ituna lortzeko helburuz, Txinako Atzerri ministro Wang Yi Asia-Pazifikoko zortzi herrialdetan izango da datozen hamar egunetan: Kiribatin, Samoan, Fijin, Tongan, Vanuatun, Papua Ginea Berrian, eta Ekialdeko Timorren. Hasteko, Yi Salomon Uharteetako jarduneko gobernadore nagusi Patteson Otirekin bildu zen atzo, Honiara hiriburuan. Txinako Atzerri ministroak nabarmendu zuen Asiako erraldoiak sostengua emango diola uhartediari bere «subiranotasun nazionala, segurtasuna eta lurralde osotasuna babesteko».

Pekinek eta Honiarak segurtasun lankidetzako akordio bat sinatu zuten duela hilabete pasatxo, zeinak bi herrialdeen arteko lankidetzari bide emango dion uhartediko «ordena sozialari eusteko, herritarren segurtasuna bermatzeko, laguntza emateko eta hondamendi naturalei aurre egiteko», esaterako. Itun horrek mesfidantza eragin du Asia-Pazifikoan, eta Quad aliantzak —AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak osatzen dute— Txinari joan den astelehenean leporatu zioten «Indopazifikoan bereziki» statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea.

Australiako lehen ministro karguaz jabetu berri den Anthony Albanesek atzo adierazi zuen Txinak Asia-Pazifikoan duen eragina «handitzeko» mugimenduei «erantzun» egin behar diela. Bada, Canberra Pekini aurreratu zaio, eta Australiako Atzerri ministro Penny Wong Fijiko lehen ministro Frank Bainimaramarekin batzartuko da gaur.

Mikronesia ere, aurka

Mikronesiako Estatu Federatuetako presidente David Panuelok atzo ohartarazi zuen Pekinek Asia-Pazifikoan hedatzeko dituen asmoek eskualdearen egonkortasunari «mehatxu» egiten diotela, eta horrek Txinaren eta Mendebaldearen arteko «beste gerra hotz bat» eragin dezakeela. Panueloren ustez, Pekinek eskualdeko uharteekin duen segurtasun akordio posibleak «erabateko aldaketa» ekarriko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.