BAKARRIZKETA

Iberdrola, 3.000 milioi eta eskeletoak armairuan

LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Iberdrolak 3 .000 milioi eurotik gora irabazi zituen iaz: inoizko emaitzarik onenak dira. Energia konpainia horrek asteazkenean eman zituen 2018ko datuak.

1. Askotan argia alferrik piztuta utzita ere, alde honetan Iberdrolaren akzio gutxi. Beraz, milioi mordo horretatik ere... Barkatu?

2. «Itzali argi hori, ezta Iberdrolan akzioak bagenitu ere!» Zenbat aldiz eta zenbat etxetan esango ote zen hori... Zaharrenek, agian, Iberdrola-ren ordez, Iberduero entzungo zuten. Gaur egungo gurasoek ez al dute halakorik esaten? Auskalo...

3. Hori alde batera utzita, zer dira izenburuko eskeleto horiek? Aldiro agertzen da auzi horren berri, baina aste honetan El Confidencial-ek argitaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean indartuz doala argindarraren prezioa igoarazteagatik Iberdrolaren kontra Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak zabaldutako akusazioa. Urtarrilean, konpainiako zuzendaritzako lau kidek deklaratu zuten auzitegian. Eta Guardia Zibilak beste bi txosten aurkeztu ei ditu, zeinetan nabarmentzen den Iberdrolak kontsumitzaileen aurkako delitua egin zuela 2013. urteko abenduaren lehen hiru asteetan.

4. Guardia Zibilaren txostenez... Utzi hori ere. Zer gertatu zen, bada, abendu hartan? Zer leporatzen diote Iberdrolari? Guardia Zibilak bakarrik ez, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ere gauza bera leporatu zion: Sil, Duero eta Tajoko zentral hidroelektrikoen ekoizpena izugarri murriztu zuen Iberdrolak, nahiz eta urtegiak beteta eduki, udazken hura aspaldiko euritsuena izan zelako. Eskaintza txikiagoak normalean merkeena den energia hidraulikoaren salneurria garestitu zuen, eta eskaria betetzeko pool delakoan energia garestiagoei sarbidea eman.

5. Argindarra garestitu zela, beraz. Izugarri garestitu zen. Abenduaren 19ko enkantean megawatt-orduak 91 euroak gainditu zituen; hiru aste lehenago, 40 euroan zegoen. Gainera, enkante horretan kontsumitzaile arruntek hurrengo hiru hilabeteetan ordaindu beharrekoa ezarri behar zen. Iskanbilaren ondorioz, Espainiako Gobernuak enkantea bertan behera utzi zuen; gerora, enkanteen sistema ere aldatu zuen. Fiskaltzaren arabera, kontsumitzaileei soilik ez, artekariei eta argindar merkaturatzaileei ere egin zien kalte, argindar merkeagoa aurreikusten zuten eskaintzak egin zizkietelako kontsumitzaileei.

6. Eskeletoa, beraz, armairuan ez, Auzitegi Nazionalean baizik. Eta CNMCn. Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri zion Iberdrolari kontu honengatik, baina konpainiak helegitea jarri zion erabakiari, eta, hain zuzen, Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen zigorra 2016an, kautelazko neurri gisa.

6. Garestitzea gehiegizkoa izan ez balitz, inor ez zen konturatuko? Zenbat aldiz gertatuko ote zen horrelako zerbait? Espainian, beste behin gutxienez bai. Joan den ekainean, CNMCk sei milioi euroko isunarekin zigortu zuen Viesgo. 2014an, bere zentral termiko baten eskaintza eguneko merkatutik atera zuen, murrizketa teknikoen merkatuko prezio garestiagoa eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.