BAKARRIZKETA

Autobideak, gehiegizko abiaduran

ASDAS.
xabier martin
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
1. Autobideak... ea, utzi asmatzen: zer moduz doa erreskatea? Zer erreskate? Langile klasearena?

2. (Kar, kar, kar) Langile klaseak ere pagatzen dituen autobideena, noski. Ba, ez daude oso pozik Espainian eta Katalunian autobide hainbaten kontzesioa hartu zuten enpresak. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du estatuak ez dituela pagatu beharko enpresa bik eskatu dituzten 1.500 milioi euroak. Aumarrek 785 milioi eskatzen zituen (AP-7 autobideko Tarragona-Valentzia eta Valentzia-Alacanttarteak,eta AP-4ko Sevilla-Cadiz), eta Ausurrek, 748,9 milioi euro (AP-7ko Alacant-Cartagena).

3. Baina zergatik eskatu dute diru hori guztia? «Orekatze ekonomiko-finantzarioaren izenean» eta kalte-ordain gisa. «Kontratuaren ekuazio finantzarioaren haustura» gertatu omen da.

4. Eta itzultzaile automatikoarekin? Askoz ere errentagarritasun handiagoa espero zutela ustiagai dituzten autobideen negozioan, baina dirua galtzen ari direla, alboan bidesaririk gabeko autobideak egin direnez. Eta orain, aitatxo estatuari esan diotela paga emateko, gaizki kalkulatu zutela eta kontratuak betetzeko daudela, bai, baina, aizu, senideen artean konponduko gara, ezta?

5. Eta zer esan diete epaileek? Labur esanda, baietz, Espainia familia handi bat dela, baina inozo-inozoak ere ez direla.

6. Eta luze esanda? 40 urteko kontzesioa izan dutela errentagarritasuna lortzeko, eta ezin dutela eskatu denbora horretan guztian azpiegitura gehiagorik ez eraikitzeko, adibidez saihesbideak, hirietako trafikoa arintzeko edota autobide berriak. Finean, kontzesioen ustiatzaileei esan diete ezin dutela eskatu trafiko sarea «izozteko» haiek diru gehiago irabaz dezaten; 1970eko hamarkadaren hasieran ekin ziotela autobideak ustiatzeari, eta «deigarria» dela horrelako kexu bat mahairatzea. Eta Espainiako Estatuak ez duela «normaltasunetik kanpoko» ezer egin trafiko sarea hobetzeko, hiritarren alde aritu dela, eta horregatik ez dagokiela inongo kalte-ordainik jasotzea. Alegia, gehiegi eragin diotela azeleragailuari.

7. Tira, ez dago gaizki, ezta? Espainiako Gorena izateko, ez dago batere gaizki. Arazoa da beste autobide batzuen erreskatea onartu dela jada, eta, bankuena bezain garestia izango ez den arren, hura ere zergadunen patrikak pagatuko duela luze gabe.

8. Zertaz ari zara? Madrilgo lau erradial berriez, Espainiako Sustapen Ministerioak bere gain hartu dituen horiez; krisia iritsi eta negozioaren kalkulua hankaz gora bota zuen agertokiaz. Ustiatzaileek, tartean Florentino Perez ahaltsuak, kalte-ordain handiak jasoko dituzte. PSOEren gobernuak kalkulatu du 2.000 milioi euro inguru ordainduko dizkiela, autobideen eraikitzaileek eskatzen dutenaren erdia, gutxi gorabehera.

9. Erreskateen Meka da Espainia, ezta? Bankuekin hasi ziren, txikikeriarik gabe, eta gero zaila da adikzioa gainditzea, badakizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.