BAKARRIZKETA

Power of Siberia, Ekialdeko bi handiak lotzen

MIKHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Errusiak eta Txinak lanean jarri dute Txina iparraldea Siberiako gas naturalez hornitzeko gasbide erraldoia.

1. Siberian orain... Hotz. Bai, hotza. Eta Vladimir Putini buruz ari garela, harentzat oso sinbolikoa den zerbait gertatu zen astelehenean: Power of Siberia gasbidea abian jarri zuten.

2. Hori izena: Siberiaren boterea, Siberiaren ahalmena. Hitz arranditsu asko entzun dira gasbidearen kontura, egia da. Baina ezin da ukatu azpiegitura bera erraldoia dela. 3.000 kilometroko luzera duen tututik urtean 38.000 milioi metro kubo gas natural joango dira Siberiako putzuetatik Txina iparraldera, Pekin eta inguruetara, hango berogailuak eta zentral termikoak hornitzeko.

3. Eta hori zenbat da sosetan? 30 urterako kontratua 365.000 milioi eurokoa izango da. Arnasaldi ederra kili-kolo dabilen Errusiako ekonomiarentzat. Gainera, Errusia eta Txina lotuko dituzten beste bi gasbide gehiago aurreikusten dira, Power of Siberia 2 erraldoia, zeina Txinaren mendebaldeko mugatik igaroko den, 30.000 metro kubo gas garraiatzeko,eta beste bat txikiagoa, Errusia ekialdeko Sakhalin irlatik abiatuko dena.

4. Sinbolikoa baino gehiago da hori guztia; Putinentzat eta Txinako buruzagi Xirentzat ere. Egia da, gasbide horiek diru asko eta bi herrialdeen ekonomia bera baldintzatuko dutelako, eta besteak beste, lagungarri izango delako Txinak bere ikatzezko zentral oso kutsatzaileak baztertzeko. Gas naturalarekin dabiltzan zentral termikoek ere isurtzen dute karbono dioxidoa atmosferara, baina ikatzezkoek baino askoz gutxiago. Baina ez gutxietsi gasbidearen sinbolismoa.

5. Zer adierazten du, bada? Putinek berak azaldu zuen gasbidea martxan jartzeko ekitaldian:«Gertakizun historikoa da, ez soilik energiaren merkatu globalarentzat, baina lehendabizi gu guztiontzat, Errusiarentzat eta Txinarentzat». Errusiako presidenteak «beste kalitate maila bateko harremanak» ere aipatu zituen. Xi Jinpingek ere esan zuen «elkarlanerako fase berri baten hasiera» zela. Dena den, ez Putin, ez Xi ez ziren Siberian izan. Inaugurazioa bideokonferentziaz egin zen, Sochin zegoen Putin, Pekinen zegoen Xi, eta gasbidea martxan jarri zuten langileak lotuz.

6. Adiskide onak dira orduan, Errusia eta Txina. Badirudi iraganean gelditu direla elkarrekiko mesfidantza agerikoa zuten garaiak. Eta elkarrenganako hurbilketan zerikusia izan du bi herrialdeek mendebaldearekin zituzten harremanak hoztu egin izanak. Jada bost urte dira Errusiako hainbat produkturen kontrako bahimendua indarrean dagoela, Ukraina dela eta. Eta zer esan Txinaren eta TrumpenAEBen arteko gatazka komertzialez.

7. A ze bi lagun, Putin eta Xi. Errusiak eta Txinak elkarrekin beste hainbat proiektu ere badituzte: hala nola bi herrialdeak lortzeko autobideak eta zubiak. Eta adierazi dute hegazkingintzan batera aritzeko asmoak, bidaiarientzako hegazkin bat ekoizteko. Eta elkarlana ez da horietara mugatzen: Txinak parte hartu zuen Errusiak urtero egiten dituen Tsentr maniobra militar erraldoietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.