Galiziako bozak. Martiño Noriega. Galicia en Comun-Anova Mareaseko diputatugaia

«Pandemiak ezinezko bilakatu du aurreikustea zer gertatuko den Galizian»

Santiago de Compostelako alkate ohiaren iritziz, BNGren, PSOEren eta euren arteko koalizioa da modu bakarra PPri aurrea hartu eta Xuntaren norabidea aldatzeko: «Ez dago beste aukerarik. Gobernuak hirukoa behar du. Bik bakarrik ezin dute»

ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Santiago
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Elkarrizketa hasi aurretik, Martiño Noriegak (Coruña, Galizia, 1975) aitorpen bat egin dio elkarrizketatzaileari: aitaren partetik, senideak euskal herritarrak ditu. Gipuzkoakoak, zehazki Donostiakoak. Baina berehala itzuli da eztabaidara Galiziako egoera politiko eta soziala.

Noriega Santiago de Compostelako alkatea izan zen iragan agintaldian, eta, egun, udalean bere taldearen eleduna izateaz gain, igandeko bozetara aurkeztuko da, Galicia en Comun-Anova Mareasen Coruñako zerrendako hirugarren postuan. Koalizio hori Podemosek, Esquerda Unidak, Anova Irmandade-Nacionalistak eta Mareas mugimenduek osatu dute; Anovako zuzendaritzako kidea ere bada Noriega.

Pandemiak egoera politikoa aldatu al du?

Uste dut talde demoskopikoak eta agintari politikoak pandemia aurreko modura ikusten ari direla egoera politikoa, eta hori hutsegite bat da. Epe laburrera begira, shock herritar baten egoeran gaude, guztiz justifikatuta dagoena, eta birus batek eragin duena. Horren ondorioa da ezinezkoa dela hauteskundeetako emaitzak aurreikustea. Printzipioz, gobernuetan ardura duten pertsonak sendotu ditu; Galiziaren kasuan, hedabide publikoen iruzurrezko erabileragatik, eta presidente karguaren posizio insitituzionalaren erabileragatik. Pandemian jarrera oso eztabaidagarria izan du [Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak].

Duela egun batzuk Frantzian udal bozekin gertatu bezala, agertokia aurreikustea ezinezkoa da mobilizatzeko gaitasunaren ikuspuntutik eta behin betiko emaitzen ikuspuntutik. Pandemiak ezinezko bilakatu du aurreikustea zer gertatuko den Galizian.

Osasun langilea zara. Nola bizi duzu pandemia?

Pandemian berriz itzuli nintzen lehen mailako arretara. Lehen lerroan bizi izan dut. Egiaztatu ahal izan dut zeinen ondo erantzun duten osasun publikoko langileek osasun publikoaren egiturazko egoera zen bezalakoa izan arren. Urteotan, PPrekin, osasungintzak murrizketa asko jasan ditu, bai inbertsioetan baita lan baldintzen prekarizazioan ere. Murrizketak kuantitatiboak eta kualitatiboak izan dira, baina batez ere baliabide ekonomikoena. Eta, halere, uste dut jendeak ondo erantzun duela. Ez soilik osasun langileek: langile klaseko besteek ere bai. Hemen osasun sistema ona dago, baina ez da Osakidetza.

Asko kolpekatu dute, batez ere nik lan egiten dudan sektorea, lehen mailako arreta. Ni familia sendagilea naiz, eta horiek izan behar dute edozein sistema publikoren zutabe. Hemen, ordea, kolpekatu besterik ez dituzte egin.

Zure koalizioak osasun txekeak erretiratzeko eskatu du, elektoralistak direlakoan.

Urteotan, Feijoo osasun langileen osasun baldintzak murrizteaz, okertzeaz eta prekarizatzeaz arduratu da. Eta orain kuriosoa da, horren guztiaren ostean, pandemian egindako lanagatik sari gisara 250 euroko txeke bat ematea, ostalaritzan inbertitzeko. Jendeak lan baldintza duinak nahi ditu, edo arlo publikoa eta osasun publikoa sendotu. Ez dute limosnarik nahi.

Feijoo Xuntako egiturak erabiltzen ari da bere alde, botoak irabazteko?

Ez du inoiz beste ezer egin. Beti erabili ditu. Zentsura dago, batez ere gure herrialdeko hedabide publiko handietan eta prentsa idatzian. [Feijook] Erakundeak makineria bilakatu ditu, bezero sare bat osatu du, eta diskurtso alternatibo baterako aukera opaku bilakatu du. Uste dut Espainiako Estatuan nazio gutxi daudela Galiziaren antzeko egoeran: gardentasuna bahituta dago. Horretan aditua da.

Boto emaileen %30 zalantzati daude. Zergatik da kopurua hain handia?

Lehen aipatu dugun ezohiko egoeragatik. Ez dakigu zenbateko abstentzioa izango den. Pandemian, erabakiak hartu beharrean, Feijook hauteskundeak lehenetsi zituen, eskumenik ez zuela argudiatuta. Ez zen egia, bazituen eskumenak osasungintzan. Baina, bazekienez osasungintza prekarizatu eta pribatizatu zituela, ez zuen interesik isuri hori erakusteko. Orain eskumenak ditu, baina isiltasuna eta zentsura aplikatzen ditu. Ezohiko egoera bat da.

Elkarrizketaren aurretik Lugo iparraldeko agerraldiaz [A Mariñakoa] aritu gara; gaur [larunbatean] albiste hori ez duzu hedabide handien prentsa idatzian ikusiko, ezta hedabide publikoetan ere. Ehun lagun kutsatu dira, eta mila baino gehiago konfinatuta daude. Eta horiek, ziurrenik, ezin izango dute botoa eman. Horretaz ez da hitz egiten, nahiz eta egoera jasangaitza den. Hori da hemengo habitataren adibide bat, eta Feijook lehenetsi duenarena; hau da, hauteskunde kanpaina.

Inkesten arabera, zuen koalizioak, Galicia en Comun-Anova Mareasek ez ditu emaitza onak izango. Nola egiten da kanpaina testuinguru horretan?

Kanpaina egiten da arduratsuak izanez, eta kontziente izanda Galizian aldaketa politikoa hirukoa izango dela. Hirukoaz ari naizenean, ari naiz BNGren [Bloke Nazionalista Galiziarraren] nazionalismo klasikoaz, PSOEren jarreraz eta subiranista galiziarrok ezker federalarekin osatu dugun koalizioaz, Mareas mugimenduko kideekin batera.

Koalizio hori formula arrakastatsu bat izan da azken hamarkadan, eta balio izan digu hirietako gobernuetan ardurak izateko. Egia da hauteskunde emaitza onak izan dituela bai Galizian baita estatu mailan ere, eta egia da une honetan aurreikuspenak ez direla onak.

Zergatik? Paradigma aldaketa bat dagoelako. Haustura espazioaren inpugnazioa zalantzan dago. Hutsegiteak egin dira, eta batzuetan ez gara egon jendearen maila berean. Baina uste dut ulertarazi dugula espazio plural bat sortu behar dela. Nik bezala gobernu ardurak izan ditugunok prezio altua ordaindu behar izan dugu botere faktikoen aurka borrokatu garelako. Hori, gainera, ezkerrekotzat jotzen diren indarren babesik gabe: PSOE eta BNG.

Egungo egoera zaila da, baina lana dugu egiteko: etxean geratzeko arriskua duen jendea mobilizatu behar dugu. Konbentzitu behar ditugu egoera ezohikoa dela, eta asko dagoela jokoan.

Baduzu esperientzia politikoa: Santiago de Compostela hiriburuko eta Teo hiriko alkate izan zara. Zer atera duzu esperientzia horietatik?

Hamabi urte izan dira: zortzi urte Teon, eta lau Santiagon, hiriburuan. Gauza asko atera ditut garaipenetatik, hiru jarraian izan dira, baina baita porrotetatik ere; azkenetik, adibidez [2019ko udal bozak].

Botere faktikoak gure aurka aritu ziren hasiera-hasieratik, ez genuen bakerik izan, eta horrek balio izan dit jakiteko zeren aurka ari garen borrokan. Eta honetaz ohartzeko: higiene demokratikoaren arloan muga asko ditu Galiziako gizarteak, eta, bertan, joko demokratikoa karta joko bat da; baldintza desorekatuetan borrokatzera behartuta gaude.

Deigarria da zuen bozetarako iragarki batzuetan Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroaren irudia erabiltzen ari zaretela, hura hautagai ez den arren. Amu elektoral bat da?

Horren atzean istorio bat dago. 2012an, zatiketa garrantzitsu bat egon zen BNGren espazioan. Talde handi bat zegoen zera uste zuena: oinarri soziala handitu egin behar zela, espazio bat sortu behar zela hegemoniak borrokatuko zituena, eta subiranistek edo independentistek ezker federalekoekin lan egin ezin dugulako klixea amaiaraziko zuena. Eztabaidagarria da, baina uste dut garrantzi handia izan zuela, eta bere garaian jendearentzat erreferentzia bat izan zen, bere burua hor ikusi zuen.

Apustu horretan aurrerapauso bat eman zuena eta arrisku gehien hartu zuena Xose Manuel Beiras izan zen, [Alfonso Daniel Manuel Rodriguez] Castelaoren ondotik Galiziako nazionalismoak izan duen buruzagi garrantzitsuena. Apustu pertsonal garrantzitsu bat ere egin zuena Yolanda Diaz izan zen. Bi horiek, modu batera edo bestera, ordezkatzen dute zortzi urteko inpugnazio bide hori, eta erakutsi dute gai izan garela elkarrekin lan egiteko, kontraesanak eduki arren.

2012ko zatiketa aipatu duzu. Egun, Anovak zer harreman ditu BNGrekin?

Harremanak egokiak dira. BNGk ez du inoiz digeritu alderdien fronte bateko kolektibo garrantzitsu batzuek pauso bat eman izana beste estrategia eta helburu batzuk zehazteko. Hemendik urte batzuetara, uste dut jendeak pentsatuko duela apustu positiboa izan zela. Baita BNGrentzat ere.

BNG tresna erabilgarri bat izan zen herrialdearentzat 1990eko hamarkadan; egoera inpugnatu zuen, eta egia da 2012ko zatiketa gertatu zenean bere buruari begira zegoela, eta hegemoniaren borrokari uko egin ziola. Beti diot aurreko agintaldian, Compostela Abertarekin alkate nintzenean, gehiengo osoa genuela BNGrekin. Baina BNGk ez zuen gobernuan sartu nahi izan. Behintzat, gu gai izan ginen ezker sozialaren akordeoia irekitzeko, betiere gizartearen autodeterminazio eskubidea errespetatuz.

Zer pasatu da? BNGk ez zuela digestio hori egin, eta idatzi gabeko araua hautsi genuela esan ziguten, eta Galiziako nazionalismoko izen ezagun askok espainolak ginela esan ziguten. Urteak pasatu ahala, gure hutsegiteen ondorioz, gure formazioak zuen txertatzeko zailtasunen ondorioz eta [BNG] buruzagitza argi eta femenino bat eraikitzeko gai izan denez, galdutakoa berreskuratzen hasi da.

Uste dut emaitza onak izango dituela hauteskundeetan. Ziurrenik ez soilik bere merezimenduagatik, diskurtsoa aldatu baitu Mareas mugimendukoek erreibindikatzen dituzten auzietara moldatu duelako. Dena den, BNG aldaketarako pieza garrantzitsu bat da. Hori orain diot emaitza onak izango dituelako, baina gauza bera esaten nuen haren egoera ona ez zenean.

BNG formula agortutzat daukazu?

BNGk ez du inoiz onartu Galiziako nazionalismoan eta subiranismoan analisi alternatibo bat dagoenik, hain justu Anovak ordezkatzen duena. Gurea mugaz gaindikoa da: txanpon beraren bi aurpegi dira herrialdearen prozesu subiranista eta jendearen eskubideen borrokarena. Herrialde honetan, ezkerrekoa izatea eta nazionalista galiziarra izatea txanpon beraren bi aurpegiak dira. Bata ezin da bestearen aurretik lehenetsi.

Guk ez dugu EAJrik, ez PDeCATik, ez Convergenciarik. Hemengo subiranismoa, nazionalismoa, independentismoa beti izan da ezkerrekoa. [Espainiako Bigarren] Errepublikaren garaitik Alderdi Galegistarekin, eta Castelaoren Fronte Popularrarekin.

Etorkizunera begira, bai, ondo egongo litzateke harremanak normalizatzea. Nire sentsazioa da BNGk ez duela hori inoiz egingo. Nahiagoko du alde egin zuen jendea indibidualki itzultzea, analisi komun baten parte izan daitezkeen analisi alternatiboak daudela aitortu baino.

Aldi berean, prest zaudete koalizio gobernu beraren parte izateko.

Ez dago beste aukerarik. Aldaketen udaletan gertatu ez zena herrialde mailan ez gertatzea barkaezina litzateke; udaletan, PSOEk eta BNGk ez zuten nahi izan. Guk ez dugu haiek hirietan egin zutena egingo, jendeak ez ligukeelako barkatuko. Gobernuak hirukoa behar du, egun hiru espazio daudelako, eta soilik hiru horiek batuta lor daitekeelako aldaketa politikoa. Bik bakarrik ezin dute.

Bozen aurretik ezkerreko hautagaitza bateratu bat osatzen saiatu zineten?

Gu hori lortzen saiatzen ari gara 2012tik: PSOEren ezkerrean dagoen guztiaren hautagaitza bateratua. Egun, PSOErekin hautagaitza bat egitea zientzia fikzioa litzateke, nahiz eta horren aldeko gehiengo sozial bat egon.

BNGren kasuan, erabaki zuen nahiago zuela horretan ez parte hartu. Bere arrazoiak izango ditu; uste dut horren ondorioz ez zela egiazko aldaketa baterako aukera egonkortu, baina egia da orain bere estrategiak mesede egin diola.

Une honetan, Galizian PSOEren ezkerrean dagoen espazioa PSOE baino handiagoa eta indartsuagoa da. Uste dut espazio hori aldaketa politikoaren burua izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.