Albistea entzun

BAKARRIZKETA

Jokoa izan dadila errenta

ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko azaroak 28

1. «Jokoa ez da errenta», esaten zidan aitak pilotalekura joaten nintzen bakoitzean, eskuetan gin-tonica izateko, baina ez besterik. Eta zuk, ordea, kontrakoa... Ez da nire asmoa etxetik ikasitakoen aurka egitea; hori, izatekotan, zure lana da. Esan nahi nuen bakarra da jokoaren errenta bermatzeko modu berri bat sortu dutela: aseguru bat.

2. Askotan entzun dut gizakiaren asmakizunerako gaitasunak ez duela mugarik, baina aseguru bat jokoan? Non dago orduan jokoaren grazia? Kasu honetan, grazia da ogasunari ezer ez ordaindu behar izatea. Izan ere, Beco 187 enpresa espainiarrak aseguru bat sortu du zori jokoetako sariak oso-osorik jaso ahal izateko. Laguinda marka komertziala erabiltzen du Espainiako Loterian, Primitivan, Bonoloton eta El Gordo de la Primitivan irabaziaren %100 sarituarentzat dela ziurtatzeko.

3. Sariak ez dira beti irabazlearentzat? Bai, baldin eta irabazlea beti jokoa antolatzen duena dela kontuan hartzen baduzu. Kasu honetan, Espainiako Estatua.

4. Bale, hainbesterako badakit, banka dela beti irabazlea eta hori guztia. Baina zertarako behar duzu aseguru bat? Kontua da 2012an Espainiako Gobernua, bere kutxak hutsik zituenean, zerga berri bat asmatu zuela defizitaren zati bat estali eta Bruselako beltzezko gizon-emakumeak pozik uzteko. Loteria eta apustu jakin batzuetako sarien gaineko karga berezia du izena, euskara txukunean. Cristobal Montoro Espainiako orduko Ogasun ministroak agindu zuen pare bat urterako besterik ez zela izango, eta gero kenduko zuela.

5. Eta ez zuen kendu, noski? Ez, eta erraza da ulertzen: 2017an, 483 milioi euro eman zizkion Espainiako Ogasunari; eta 2018an, 417 milioi. Horiek batu behar zaizkio loteriaren salmentak berak emandakoei; Gabonetako loteriak, bere kabuz, 2.600 milioi eurotik gora. Zati txikiagoa eskuratzen dute foru ogasunek, haiek ez dutelako loteriaren salmentatik ezer lortzen, baina zergak aurten jada 10,5 milioi eman dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunei.

6. Zenbatekoa da zerga? Hasieran, 2013tik 2018ra, 2.500 eurotik gorako sari guztiei %20eko zerga ezartzen zieten, baina asko arindu da orduz gero; 2018ko uztailean, 10.000 eurotik gorako sariei ezartzen hasi ziren, eta, 2019an, berriz, 20.000 eurotik gorakoei. 2020ko urtarrilaren 1ez geroztik, 40.000 eurotik gorako sariak dira zergapetuak, %20ko tasarekin.

7. Hau da, 100.000 euro irabazten badituzu, 20.000 doazela ogasunera? Ez, lehen 40.000 euroak salbuetsita daudenez, kasu horretan 60.000 euro dira zergapetu behar direnak. Kasu horretan, 12.000 euro jasoko ditu ogasunak.

8. Eta nola funtzionatzen du aseguruak? Loteria edo beste joko bateko txartela erosi ondoren, Laguinda-ren aplikazioan eskaneatu behar da txartel hori, eta diru gutxiren truke, aseguru bat kontratuko du erosleak: Gabonetako Loteriaren kasuan, hiru eurokoa da asegurua, baina nabarmen merkeagoa da beste jokoetan: 0,25 zentimo Primitivan, 0,15 Bonoloton...

9. Eta sari bat irabaziz gero? Ogasunak automatikoki atxikitzen du zergaren zatia, baina sarituak osorik jasoko du ondoren, Axa aseguru etxearen bitartez.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Koordinazio batzordearen bileraren hasiera, atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Madrilek eta Iruñeak 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute 2020rako

Joxerra Senar

Metodologia zehaztuta, Nafarroak lehen bi urteetan gehiago pagatu zuenez, estatuak 138 milioi euro itzuliko dizkio. Aurtengo ekarpenari dagokionez, doikuntzak eginda «aldekoa» izatea espero dute

Tubacexeko langileen protesta, 2021eko otsailaren 23an, Laudioko lantegiaren aurrean. ©LAB

Espetxe zigorrak eskatu dituzte Tubacexeko hiru grebalariren aurka

Berria

Iazko otsailaren 23an atxilotu zituen Ertzaintzak, enpresaren atarian. Isunak ere eskatzen dituzte haien aurka

Sindikatuen banderak, atzo Bilbon eginiko manifestazioan. ©O. MATXIN EDESA / FOKU

Akordiorik eza FVEMeko zuzendarien errua dela salatu dute sindikatuek

Imanol Magro Eizmendi

CCOOk, LABek eta UGTk bilera eskatu diote Bizkaiko patronalari hilaren 12ko asterako. ELAk greba mugagabearen aukera aipatu du

Petroliontzi bat Gazpromen egoitza inguruan, San Petersburgon. ©ANATOLi MALTSEV / EFE

Errusiako petrolioari 60 dolarreko muga jarri dio Europako Batasunak

Iker Aranburu

Astelehenean jarriko du indarrean, hango petrolioa erosteko ia erabateko debekuarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.