BAKARRIZKETA

Erremdesibir eta birus gaiztoak

SASCHA STEINBACH / EFE.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gilead konpainiak prezioa ezarri dio koronabirusarentzako bere sendagaiari: dosiko 347 euro; 2.082 euroan sei dosiko tratamendua. Salneurria garestiagoa izango da AEBetan, dosiko 520 dolar (464 euro).

1 Batek behin esan zuen bezala, «merkatua da, adiskide». Bai; birus gaiztoen merkatua, adiskide.

2 Beharbada, okerragoa izan zitekeen; gogoratu C hepatitisa sendatzen zuen botika izugarri garesti hura. Nola zen?Sovaldi du izena. Konpainia honek berak saltzen du, Gileadek. Europako herrialde askotan, Sovaldiren oinarrizko hamabi asteko tratamenduak 40.000 eurotik gora balio zuen duela hiru urte.

3 Gilead zen hura ere? Demontre. Dena den, nola ezartzen zaio prezioa bizitza bat balio dezakeen sendagai bati? Gileadeko lehendakariakberak, Daniel O'Dayk, gaiak aurretik piztu dituen kezka guztiak jakinda, gutun publiko batean azaldu du zein irizpiderekin ezarri dioten prezioa bere erremdesibir botikari; zehatzago, zergatik jarri duten «balioaren azpiko prezioa».

4 Oraindik esango du merke jarri duela. O'Dayk zenbakiak eman ditu: «Egoera normalean sendagai bati prezioa hark ematen duen balioaren arabera jarriko genioke». Bere botikak batez beste lau egunetan murrizten omen du koronabirusak gaixotutako pertsona baten suspertzea. Lau egun horiekin AEBetako ospitale batek 12.000 dolar aurreztuko lituzke gaixoko. Eta Gileadek erabaki du prezioa «balio horren oso azpitik jartzea».

5 Eskertuta egon behar, gainera. Hala ere, sendagaiak aurkitu eta garatu egin behar dira; dirutza beharko da. Ez da argitaratu Gileadi zehazki zenbat kostatu zitzaion erremdesibir aurkitzea. C hepatitisarentzat asmatu zuten, duela hamar urte inguru, baina baztertu egin zuten. Beste birus batzuetarako balio zuen probatzen hasi ziren gero, AEBetako gobernuaren ekimenez. Diru publikotik 70 milioi dolar jarri dira erremdesibir garatzeko, baina patente osoa Gileadena da; mozkinak Gileadentzat.

6 Ai ene. Eta zenbat balio du sendagaia bera ekoizteak? Gileadek dio botikarekin 1.000 milioi dolar gastatuko dituela 2020 amaierarako. ICER erakunde independenteak dioenez, Erremdesibir dosiak 100 dolar balioko balu, Gileadek 2020ko bere kostu guztiak estaliko lituzke. Botika egiteko lehengaiek, berriz, hamar dolar balio dute, guztira, dosiko.

7 Agian, gobernuek negoziatzen badute, jaitsiko da prezioa. O'Dayk dio prezioak negoziazio horiek eragozteko ezarri dituztela, «egoera berezian». Soilik garabidean diren herrialdeekin negoziatuko du. Dena den, AEBetako gobernuak erosi dio uztaileko, abuztuko eta iraileko ia produkzio guztia, milioi erdi tratamendu.

8 Eta beste herrialdeentzat, ezer ez? Europako Batzordeaerreserba bat negoziatzen ari omen da. Dena den, erremdesibirren eraginkortasuna ez dago batere argi, ezta hura baino sendagai merkeago eta eraginkorragorik iritsiko den ere. Erremdesibirren merkaturatze bizkorra oso berezia da, pandemia egoerak behartua. Osakidetzak berak erabili ditu Gileadek orain arte «emandako» dosi batzuk, baina soilik ez dagoenean beste aukera terapeutikorik gaixoarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.