BAKARRIZKETA

Game Stop eta txikien garaipentxoa

Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Akzio jakin baten prezioak behera egingo duela apustuan, zorpeko laburreko salmentan (short selling) aritzen diren funts espekulatzaileak kikilduta dabiltza: matxinada piztu da Reddit sare sozialean; tratulari txiki mordoa koordinatu egin dira, Game Stopen akzioekin estualdi (short squeeze) bat eragiteko.

1. Matxinada sare sozialetan? Ba, ba... Sofako iraultzaileak... Zer gertatu da? Hasteko, onena, oso gainetik bada ere, zorpeko salmenta zer den azaltzea, horretara jokatzen duten funtsek nola irabazten duten dirua. Funts batek aurreikusten du akzio jakin baten prezioak behera egingo duela epe jakin batean. Orduan, funtsak akzioa hartzen dio maileguan beste eragile bati (interes baten truke); azken horri, epe jakin batean itzuli egin beharko dio akzioa. Bitartean funtsak merkatura joko du; maileguan hartzeko unean demagun 1.000 euro balio duen akzio hori saldu egingo du, 1.000 eurotan. Eta prezioak behera egin ostean, funtsak berriz erosiko du akzioa merkatuan (itzuli egin behar duelako), baina merkeago, beharbada, 800 eurotan. Tatxan! 200 euro irabazi ditu funtsak.

2. Nola dakite akzioak behera egingo duela? Berez, ezin da jakin. Batzuetan akzio horren prezioa jaistea logika hutsa da, adibidez online bideo jokoen loraldian, logikoa da pentsatzea Game Stop bezalako bideo jokoen denda sare batek ez duela etorkizun handirik, haren akzioen prezioak behera egingo duela. Dena den, beste zenbaitetan, beherakada hori ez da horren naturala izaten, eta gerta daiteke iritzi edo analisi batzuek jendea akzioak saltzera bultzatzea, eta ondorioz, prezioa jaistea. Halakoetan zaila gerta daiteke manipulazioaren (delituaren) marra noiz gainditu den ikustea. Gauza bat argi dago, informazioa izan eta maneiatzeko, arriskuak hartzeko, eta horrela dirua irabazteko botere eta diru maila jakin bat behar izaten da, normalean tratulari eta inbertsiogile xeheek ez daukatena.

3. Batzuek beti irabazten dute. Beti-beti ez! Batzuek oraingoan galdu egin dute! Zorpeko salmenta oso arriskutsua da, galerek ez dutelako mugarik. Akzio baten prezioa soilik zeroraino jaitsi daiteke, baina igoerarako ez du mugarik. Demagun, gerturatzen ari dela funtsak akzioak itzuli beharreko unea. Merkatuan erosi behar ditu, maileguan hartutakoak saldu zituelako. Baina, arraioa, prezioak, jaitsi beharrean, gora egin du. Dirutza ordaindu behar haien truke! Game Stopen akzioek %1.700eko gorakada izan dute urtarrilean, funts espekulatzaileen kontra Reddit sare sozialean elkar hartutako tratularien erosketa bateratuaren ondorioz. Funtsek milaka milioi dolar jarri behar izan dituzte akzioak erosteko. Gainera, erosketa horiekin, are gorago eraman dute prezioa. Halako funts baten sortzaile Leon Cooperman milioiduna haserre agertu zen CNBCn: «Bidezko burtsarena kaka zahar bat da! Jende aberatsari eraso egiteko modu bat da!».

4. Merkatua horrela da, adiskide! Aberatsa eta buruargia, gizona. Maitagarria, bai. Baina egia dio: kasu honetan funts espekulatzaileei min egitea izan da Redditeko Wall Street Bets foroko kide gehienen asmoa, eta baita askok Game Stop denda sareari dioten maitasuna ere. Akzioak erosi dituztenen artean, jakina, izango da dirua irabazteko asmoarekin aritu denik. Baina kontuz ibili beharko dute, prezioa edozein unetan amildu daitekeelako berriz, Game Stopen burtsako kapitalizazioa oso urrun dagoelako konpainiaren balio errealetik, burbuilak eztanda egingo duelako.

5. Eta inork ez die aurre egin? Tratulari txikien bilgune foroetan etenen bat izan da, teorian erabiltzaileen itzelezko hazkundearen ondorioz. Eta txikiek euren operazioetarako erabiltzen dituzten sareko bitartekariek, batez ere Robinhoodek, Game Stopen eta beste zenbait akzioren erosketa eten dute, aldakortasun handiegia zegoela argudiatuta.

6. Iraultzarik ez, orduan. Ez dirudi, behintzat. Baina ez dator gaizki noizean behin garaipentxo bat, arerioaren joko zelaian, haren armak erabiliz, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.