UDAKO SERIEA. Ni ez naiz hemengoa (II). Aiora Jaka.

Urte batzuetako parentesia

Jakin-minak eta hizkuntzak ikasteko gogoak bultzatuta, han eta hemen bizi izan da Aiora Jaka Itzulpengintza ikasketako hirugarren urtetik. Quebec du bizileku gaur egun, eta seme-alaben zaintzarekin uztartzen ditu itzulpen lanak.

Aiora Jaka itzultzailea, Donostian. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Oraindik argitaratu gabe dago, baina Ibon Martin idazlearen Isiltasunaren itsasargia itzultzen aritu da aurtengo neguan Aiora Jaka (Donostia, 1982). Quebecen. «Ulia eta Pasaia aipatzen dira liburuan, eta batzuetan gustura joango nintzen bertara, baina, bueno, Google Mapsekin ia itsasargiraino sartzen zara». Han bizi zen Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia (Erein, 2018) itzuli zuenean ere. Are gehiago: bizilekua ez zen oztopo izan Maialen Marinekin batera Balou mendikateko balada (Elkar, 2018) itzultzeko, nahiz eta Jaka Quebecen egon, Marin Hong Kongen eta Xabier Mendiguren Elkarreko editorea Donostian. Badu abantaila hori itzultzaile lanak. «Lehen aldiz joan nintzenean, maletan hiztegiak hartuta joan nintzen». Ez dira hainbeste urte pasatu geroztik, baina orain ordenagailu bat eta Interneterako konexioa aski ditu itzultzaileak lanerako, sarean daudelako baliabide guztiak.

Unibertsitateko ikasketak zirela medio izan zuen lehen harremana Kanadarekin. Han eman zuen Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasketetako hirugarren ikasturtea, Erasmus bekarekin. «Pentsatzen nuen bi hizkuntza ikasiko nituela: frantsesa eta ingelesa. Baina hara iritsitakoan sorpresa hartu nuen, ingelesik ez baita hitz egiten». Urtebete egin ostean, Euskal Herrira itzuli zen karrera amaitzera. «Eta amaitutakoan, kanpora joateko izugarrizko gogoa jarri zitzaidan». Irakurle programa baten bidez, bi urte egin zituen Birminghamen (Erresuma Batua), eta master bat osatzeko ere baliatu zuen egonaldia. «Esperientzia ona izan zen hura ere, baina Quebecen baino gehiago ibili nintzen kanpokoekin, ez nintzen hainbeste integratu».

Eta atzera ere Euskal Herrira itzuli zen, doktoretza programa hasteko. Joseba Sarrionandiak itzulpengintzari buruz duen ikuspegia aukeratu zuen gaitzat. Gasteizen egin zuen lehen urtea, eta bigarrena egitera berriz ere Quebecera joan zen, baina hiriburura jo beharrean, Montrealera. «Metropoliagoa da: ikasle pilo bat daude, etorkinak, negozioa han dago... Eta hiriburuan ez bezala, han badaude auzo anglofonoak ere». Doktoretzako hirugarren urtea egiteko, berriz, Alemania aukeratu zuen, «alemana ikasteko». Eta Euskal Herrian amaitu zuen tesia, 2011n: Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan. «Ondorioa zen Sarrionandiak itzulpena ere sorkuntzaren maila berean jartzen duela: itzultzea birsortzea da, eta itzultzailea ere idazlea da, zeren idazten du bere interpretazioa. Literatura ez da itxia: biok testu bera irakurrita ere ez dugu gauza bera ulertzen, eta hori polita da».

Itzulpengintzaren barruan, literaturaren itzulpengintzan espezializatu zen. «Egin izan ditut bestelakoak ere, baina hori da gustatzen zaidana». Inor gutxi bizi da literaturaren itzulpenetatik, eta Jakak ere EHUn du lanpostua. Zeregin hori eta itzulpenak uztartzen zituen lehen, Euskal Herrian bizi zenean; orain, berriz, seme-alaben zaintzarekin uztartzen du itzulpenak egiteko denbora, Quebecen, unibertsitateko lanean baimena hartuta baitago. «Batzuk lanik aurkitzen ez dutelako joaten dira atzerrira, baina nire kasuan kontrakoa da. Euskal Herrian nuen lan egonkorra; abentura bila-edo joan nintzen gehiago».

Inuiten eta crien artean

Orain dela bost urtetik bizi da han. Alaba nagusiarekin eta bikotekidearekin joan zen —quebectarra da hura—, eta beste bi seme-alaba ere izan dituzte. Quebec ipar-mendebaldean eman zuten lehen urtea, Hudson badiaren ekialdeko itsasertzean, amerindiarren artean, inuitak eta criak bizi diren herrixka batean. «Bikotekidea han bizi izan zen umetan, 6 urte egin arte, eta haren familia asko markatu zuen esperientzia hark; bazkarietan-eta beti ateratzen zen gaia». Jakin-minak eta hizkuntzak ikasteko gogoak bultzatu zituzten hara. «Alde batetik, izugarrizko esperientzia izan zen, beste bizimodu bat ezagutzeko aukera izan genuelako, baina, bestetik, sentsazio gazi-gozoa ere bai, oso egoera txarrean daudelako».

Quebecetik Hudson badiara bitartean bizi ziren, crientzat iparralderen eta inuitentzat hegoalderen dagoen herrixkan, hortik gora daudelako inuiten beste herriak. Hegazkinez joan behar da, eta itsasontziz joateko aukera ere badago, baina denbora asko behar da iristeko. Herrixka horretan, inuitek eta criek bakoitzak beren hizkuntza, beren Polizia eta beren suhiltzaileak dituzte, eta ingelesa da hizkuntza komuna, kolonizazioa haiek egin zutelako. «Jende oso jatorra da, baina baliabide gutxi dituzte, ez dago lanik, eta diru laguntzetatik bizi dira. Alkohola berez debekatuta dagoen arren, merkatu beltza dago, eta arazoak dituzte».

Jaka bezalaxe, itzultzailea da haren bikotekidea ere, eta saiatu ziren hango hizkuntzak ikasten. «Inuiterarekin hasi ginen, baina gero harreman handiagoa izan genuen criekin. Haien ustez, pila bat ikasi genuen, ze inork ez du ikasten. Galdetzen ziguten zertarako nahi genuen ikasi. Konplexu asko dituzte, eta ume askok jada ez dakite beren hizkuntza: ingelesa irakasten diete, 'zerbait izateko'».

Hizkuntza horiek ikasi, eta hango literatur lanen bat itzultzeko ametsa bazuen Jakak. «Baina ez dago literaturarik haien hizkuntzan». Ezta hizkuntza ikasi nahi dutenentzako liburu edo ikastarorik ere. «Gu koadernoarekin ateratzen ginen, eta jendeari galdezka aritzen ginen gauza bat eta bestea nola esaten ziren jakiteko». Azaldu du orain hasi direla amerindiar batzuk beren kulturari eta sustraiei buruz idazten, baina ingelesez, gehienek ez dakitelako beren hizkuntzan idazten. «Eta edizio elebidunak egiten ere hasi dira gutxi batzuk, zeren beren hizkuntzan bakarrik argitaratuz gero, publiko oso txikia dute».

Libururik ez, baina, edizio elebidun horietatik abiatuta, poema batzuk itzuli zituen 31 eskutik blogean. Badu lagun quebectar bat ere, inuiten errealitate horri buruzko nobela bat idatzi duena. «Eta asko gustatu zitzaidan. Pentsatu izan dut polita izan daitekeela euskaratzeko, baina gero zalantza jartzen zait zenbateraino den esportagarria, errealitate oso-oso konkretua kontatzen baitu».

Urtebete egin zuten han, eta Quebec hiriburuan bizi dira ordutik. «Quebec bertan ere ez dakite nola bizi diren han goian. Oso abandonatuta daude». Irakurle kopuruari begira, idazle amerindiarren arazorik ez dute idazle quebectarrek, frantsesez idazten dutenez aukera baitute jende askorengana iristeko. «Argitaratzen diren liburuak normalean Quebecen saltzeko izaten dira, baina Frantzian 60 milioi irakurle potentzial baino gehiago dituzte».

Alabaina, azaldu du haiek ere izan dituztela beren konplexuak, Kanadan hitz egiten den frantsesa ez baita Frantzian hitz egiten den bezalakoa, batik bat doinuari dagokionez. «1960ko hamarkada inguruan, batzuk hasi ziren aldarrikatzen beren frantsesa halakoa zela, eta, gainera, hala idatziko zutela, ortografian ere frantses estandarretik aldenduz. 'Gu hau gara' esateko modu bat izan zen». Gobernuak frantsesa babesteko legeak zorroztu ostean, lasaitu egin ziren pixka bat, eta jada idazleak ez ohi dira hainbeste urrundu frantses estandarretik.

Idazteko, «beldurtiegia»

Kasu egiten dio «zerbait» hango literaturari.«Azkenaldian nire itzulpenekin aritu naiz, eta ez dut denbora askorik izan, ordea». Baita Euskal Herrikoari ere. Donostiara itzultzen denean, liburu mordoa izaten du logelako mahaitxoan, amak erosita. «Liburu irakurgailua ere erosi nuen bere garaian, eta Quebecen nagoela ere erosi izan ditut euskarazko liburuen bertsio elektronikoak». Alde horretatik, ordea, urruntasuna igartzen duela dio. «Ez naiz oso sare sozialen zalea, ez nago Twitter, Facebook eta horietan, eta ez dut komentatzen jendearekin zer atera den, zer irakurri duen, eta horren hutsunea sentitzen dut».

Azkenaldian pixka bat alde batera utzita izan duen arren, ikerketan jarraitzeko asmoa ere badu Jakak. «Quebecera joan ginenean, kongresu pare batera joan nintzen, itzulpenen mundua ikertzen segitzeko. Abestien itzulpenarekin-eta aritu nintzen, eta denbora baldin badut, hasi nahi dut berriro ikertzen, pentsatuz unibertsitatera ere itzuli nahi dudala aurrerago».

Literaturarekin hainbesteko harremana izanik, askotan galdetu izan diote idazten noiz hasi behar duen: «Bada, bertigoa ematen dit; ados nago Sarrionandiarekin, eta niretzat ere itzultzea bada birsortzea, eta bagara sortzaileak, baina oinarri jakin batetik abiatzen gara. Ni igual beldurtiegia naiz hutsetik abiatzeko».

Bihar: Arantza Ezenarro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.